Zaldibarko zabortegia

Ez dira txikikeriak

Iazko ekainean Verter Recyclingen Zaldibarko zabortegiari eginiko ingurumen ikuskapeneko arau hausteek 2018an hartu zituen hondakin guztien %51 zipriztintzen dituzte. Batzuk «arintzat» jo izanak harritu egin du Carlos Arribas aditua.

Arriola, diputazio iraunkorrean otsailaren 18an egin zuen agerraldian, ezker-eskuin salburuak dituela. JUANAN RUIZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Carlos Arribasek ezin du harridura ezkutatu: «Zaldibarko zabortegiaren arau hauste batzuk hain arin kalifikatu izanak harridura sortu dit. Zabortegi hartan sartzen zena jakinda, karga organiko hain handiko hondakinak... Arau hauste horiek arintzat edo moderatutzat jo izana zaila da ulertzen». Arribas fisikaria da, zabortegietako kontuei buruz Ecologistas en Accion erakundeak duen aditu handienetako bat, eta, egun, Espainiako hondakinen legearen aurreproiekturako zuzenketak prestatzen ari da. Verter Recyclingen zabortegiari iazko ekainean egin zioten ingurumen ikerketaren ondorioek eragin diote harridura.

Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak otsailaren 18an eman zuen iazko ikerketa haren emaitzen berri. Bi egun iraun zuen ikerketa «oso zehatz» bat izan zen. Etzi izango dira bost hilabete zabortegia amildu zela, eta BERRIAk duela aste asko eskatu zion Ingurumen Sailari xehetasun guztiak biltzen dituen txosten osoa, baina ez dituzte ikerketa haren xehetasunak argitaratu oraindik. Arriolak Legebiltzarreko diputazio iraunkorrean esan zuen 23 «desbideratze» zirela, baina hemezortzi izendatu zituen, batzuk errepikatu egiten zirelako. Gerora, helegite prozesuen eta konpontzeko epeen ondoren, Ingurumen Sailak lau arau haustegatik zigor espedientea ireki zion Verter Recyclingi. Urraketa guztiak arintzat jo zituzten, bat izan ezik: hura moderatutzat hartu zuten —larririk ez, beraz—, eta, sailburuaren arabera, haietako bat ere ez zegoen lotuta «zabortegiaren egonkortasunarekin», eta baten bat izan balitz, horrelako ikerketa batek «azaleratuko» zuen.

Sailburuak arau hausteen zerrenda osoa errezitatu zuen lehendakariaren, beste sailburuen eta alderdietako ordezkarien aurrean. Merezi du haien transkripzioa egitea, batzuk lupapean jartzea, eta, txosten osoa eduki ez arren, Verterrek 2018an harturiko zaborrekin alderatzea —Ingurumen Sailak oraindik ez ditu ezagutarazi 2019ko datuak—.

Esaterako, ikerketak azaleratu zuen LER 191212 kodedun zaborren —zabor motak LER kodeen arabera sailkatzen dira— oinarrizko karakterizaziorik ez zegoela, ezta LER 170504 kodekoen arrisku karakterizaziorik ere. Baina zer da bakoitza? Arribas: «Aurrenekoa TMB planten soberakina da. Denetarik izaten du, hiri hondakinen hondarra da: ontziak, ehunak, karga organiko handiko zaborrak... Eta ikuskaritzan onartzen dutenez, ez zekiten zein konposizio zuen».

Eta 170504 LER-a? «Substantzia arriskutsurik gabeko lurrak dira. Obretakoak. Baina hainbatek karakterizaziorik ez dutenez, batzuek substantzia arriskutsuak dituzte, ia ziur. Ez baitakite zer-nolako lurrak diren, zer ezaugarri dituzten. Lanetan hondakin arriskutsuak banatu beharko lituzkete: metal astunak dituztenak, beruna duten pinturadunak... Baina ez da egiten». Hori da moderatutzat jo zuten arau haustea.

Are gehiago, EAEko zabortegien arautegiak argi dioenez, hondakin bat hartzeko, «nahitaez» zehaztu behar dira zer arrisku mota dakartzan. Substantzia arriskutsurik gabeko 195.000 tona lur sartu ziren Verterren 2018an. BERRIAk jakin duenez, arau hauste hori ez zen gertatu hondakin horien guztietan, baina ezin da jakin zenbatetan. Deigarria da, halaber, substantzia arriskutsudun lur tona bakar bat ere ez zela sartu (LER 170503).

Kopuruak esanguratsuak dira. Ingurumen Sailaren datuen arabera, 2018an Verterren sarturiko zaborren %51,3 LER horien arteanbanatzen baita: %16,1 LER 191212 kodearekin eta %35,6 lurrekin. Kopuru horiek jakinda, galdera zuzena Arribasi: zabortegiaren egonkortasunarekin harremana izan al zezaketen? Fisikaria zuhurra da: «Lurrena ikusita, eta hainbaten karakterizaziorik ez zutela... Lokatzak edo lohiak izan zitezkeen, lur hezeak. Kontuan hartu behar da ikerketa egin eta hilabete batzuetara zabortegia amildu egin zela. Ausarta izan behar da baieztatzeko arau hauste horiek ez zutela izan inolako harremanik egonkortasunarekin».

Gasen bilketa

Beste arau hauste nabarmen bat da zabortegian sortutako gasen bilketa edota tratamendurik ez egotea. 2017an, Verterrek urte osoan kilo bat metano sortu zuela deklaratu zien instituzioei; eta 2018an, 400 gramo baino ez. Kopuru ñimiñoak dira horrelako instalazio handi baterako. «Karga organiko oso handiko zabor pila bat sartzen zuten: papertegietako soberakinak [271.000 tona lau urtean], TMBen hondakinek ere zati organiko handia dute... Horiek berotegi efektuko gasak isurtzen dituzte; horregatik bildu eta tratatu behar dira».

Amildu osteko egunetan, eta metano gasengatik sorturikosute ugarien harira, hedabideetan asko hitz egin zen zabortegiko gas irteeren eraginkortasunaren inguruan. «2013ko ingurumen baimenean, gasak biltzeko eta tratatzeko sistema edukitzera behartu zuten zabortegia. Ez balu, utzikeria handia litzateke erakundeen aldetik, baina ikuskariak hutsune hori ikusi zuen. Berez, organikorik jasotzen ez duten zabortegiak bakarrik daude salbuetsita». Bere izendapen ofizialaren arabera, Verterrek karga organiko txikidun zaborrak har zitzakeen bakarrik.

Ikerketaren arabera, uren kontrolen aldizkakotasuna ere ez zen betetzen, eta isurketan «garrantzi gutxiko» parametroren baten gehiegizko kopurua aurkitu zuten. Informazio gehiago gabe zaila da parametro hori baloratzea, baina Arribasek aldizkakotasuna garrantzitsua dela nabarmendu du. «Hondakin uren kontrola zehaztasun handiz egin behar da. Kontrol horien helburua lixibiatuen balizko isuriak goiz aurkitzea da, okerrera egin aurretik. Gainera, Verterren ez zegoen biltegi zigilatuen sistemarik; dena bat zen, eta estali gabea, gainera». Horrekin lotuta, ikuskatzaileak arrakalak ikusi zituen zabortegia inguratzen zuen plastikozko geruzan.

Hondakin arriskutsuak

Hondakin arriskutsu batzuk eta haien ontziak kanpoan pilatzeak ere atentzioa eman dio Arribasi. Horietako batzuentzat, gainera, ez zuten baimenik —2001123 eta 2001135 LER-ak: klorofluorokarbonatuak eta beste osagai batzuk zituzten gailu elektronikoak—. Arau hauste arintzat jo izanak asko ez zirela izango pentsarazten du, baina ez zen lehen aldia. «2011n isun bat jarri zieten hondakin arriskutsuak pilatzeagatik [33.000 eurokoa]. Zer egiten zuten hor? Zenbat denbora zeramaten? Ez dakigu. Gainera, kanpoan zituzten, eta legeak argi esaten du hondakin arriskutsuak biltegi itxietan gorde behar direla beti, eta zoru iragazgaitzarekin».

Beste arau hauste batzuk ezagunak ziren, ondoan pilaturiko lurrak —Jaurlaritzaren arabera, 182.000 metro kubo izan daitezke, eta zabortegia zigilatzeko gordetzen zituzten—, eta ahal baino obra hondakin gehiago pilatzen zituela barne lanetarako: asko jota%10 izan zitezkeen, eta %16 ziren. Horrek %67ra arte handituko luke irregulartasunek zipriztinduriko 2018ko hondakinen batezbestekoa. Jakina zen ere balorizatu zitezkeen zaborrak botatzen zituztela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.