Scholz: «Alemania eta Frantzia elkarrengandik oso gertu daude»

Alemaniako kantzilerraren arabera, Macronekin egindako bilera «positiboa» izan da. Frantzia eta Alemania ez datoz bat energia krisiari aurre egiteko moduan, ezta defentsaren alorrean ere

Frantziako presidente Macron eta Alemaniako kantziler Scholz, atzo, Eliseoko jauregian. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2022ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Frantziak eta Alemaniak osatutako ardatzak bultza egin dio EB Europako Batasuneko ekonomiari eta diplomaziari azken hamarkadetan. Bi estatuen arteko harremana, ordea, okertu egin da azkenaldian, ez datozelako bat, besteak beste, energia krisiari aurre egiteko moduan eta defentsa alorrean. Dena den, atzo bildu ziren Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Olaf Scholz Alemaniako kantzilerra, Parisen, «datorren hamarkadan» izango dituzten «erronka komunei modu bateratuan eta solidarioan erantzuteko», bi gobernuek adierazi zutenez.

Energiaren, prezioen igoeraren eta defentsaren inguruan aritu ziren bi agintariak, baina ez zuten adierazi akordio bat egin ote zuten. Scholzek sare sozialetan adierazi zuen bi herrialdeak elkarrengandik «oso gertu» daudela eta bilera «positiboa eta garrantzitsua» izan zela.

Dena den, bi herrialdeen arteko harremana ez dago bere onenean. Macronek Scholzi leporatzen dio «erabaki garrantzitsuak» EBko gainerako agintariekin adostu gabe hartu izana. «Ez da ona Europarentzat eta Alemaniarentzat [azken hori] bakartzea», adierazi zuen Macronek hilaren 20an. Energia krisiari aurre egiteko moduaz ari zen Frantziako presidentea, Berlin ez baitago ados EBko gainerako estatuek adostu dituzten erabaki batzuekin; zehazki, energiaren prezioen ingurukoekin.

Gasaren prezioa

EBko herrialde gehienek elektrizitatea lortzeko erabiltzen den gasaren prezioak mugatzea babesten dute, eta, horretarako, «salbuespen iberiarra» kontinentera hedatzearen eta gasa elkarrekin erostearen alde egin dute. Macron neurri horien alde azaldu zen, baina Scholzek ez zuen bat egin.

Iberiar penintsula eta Alemania lotuko lituzkeen Midcat gasbidearen aurka azaldu zen Macron, eta proiektua bertan behera geratzea lortu zuen aurreko astean. Horren ordez, Bartzelona eta Marseilla elkartuko lituzkeen ur azpiko beste gasbide bat eraikitzea adostu zuten Frantziako, Espainiako eta Portugalgo gobernuek, Alemaniakoa kontuan izan gabe.

Herrialde bakoitzaren energia ereduaren ondorio dira energia alorrean dituzten desadostasunak. Frantziak energia nuklearra du ardatz, eta Alemaniak, berriz, Errusiaren gasarekiko menpekotasuna du.

Ekonomia alorrean ere izan dituzte eztabaidak Parisek eta Berlinek. Alemaniako Gobernuak 200.000 milioi euroko laguntza plana martxan jarri du, enpresei eta herritarrei laguntzeko. Prezioen igoera orokorrari aurre egiteko helburua du neurriak, Alemaniako enpresa ugari —industriakoak, bereziki— gogor jo dituelako Errusiako gasaren murrizketak. Macronek esan zuen Frantziako Gobernuak «prentsaren bidez» izan zuela neurriaren berri. Kritiko azaldu zen laguntza plan horrekin; haren ustez, Alemaniako merkatua indartuko luke, beste estatu batzuek ez dutenean gaitasun nahikorik antzeko neurririk hartzeko. Alemaniako Gobernuaren erantzuna izan zen herrialde guztiek defendatzen dituztela beren interesak.

Frantziak inbertsio funts europar baten alde egin du, energia krisiari aurre egiteko. Alemaniak babestu ez izanaren ondorioz, ideiak ez du garapen handirik izan Bruselan.

Defentsaren alorrean ere ez datoz bat Paris eta Berlin. Ukrainako gerra hasi zenean, Scholzek adierazi zuen 100.000 milioi euro bideratuko zituela Alemaniako armada indartzeko. Eliseoak txalotu egin zuen neurria, Macronek babesten duen «Defentsaren Europa» indartuko lukeelako. Hala ere, Alemaniak diru horren zati garrantzitsu bat AEB Ameriketako Estatu Batuetako armak erostera bideratu du.

Gainera, Alemaniak eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko beste hamalau estatuk misilen aurkako «ezkutu bat» eraikitzeko asmoa dute, AEBetako eta Israelgo teknologia militarrarekin. Frantziak ez du bat egin proiektu horrekin.

Bestalde, atzo egin zuten bileraren kokapenak berak erakutsi zuen bi herrialdeen arteko harremana okertuta dagoela. Frantziako eta Alemaniako gobernuek bi urtean behin egin ohi dute ministroen kontseilu bateratu bat, Parisen kanpoaldeko Fontainebleau jauregian. Atzo egitekoak ziren bilkura hori, baina bertan behera utzi zuten bi gobernuen arteko desadostasunengatik. Dagoeneko hiru aldiz atzeratu dute aurten goi bilera hori. Horren ordezkoa izan zen Eliseoko jauregian Macronek eta Scholzek egin zutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.