martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Sorioneku Aranzadi

2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Aspaldikoa da euskaltzale bakoitzak bere barruan mitxelena bat daukagula dioen esapidea, ondo adierazten duena hizkuntzari buruz ari garenean, asko edo gutxi jakinda, ex cathedra hitz egiteko daukagun joera. Gauza bera gertatzen da historiarekin eta beste hainbat ikasgairekin, betiere lotura baldin badute gure herriaren izatearekin, justifikazioarekin...

Atzo eman zuen argitara Aranzadik Arangurenen (Nafarroan) 2007tik egiten ari diren indusketan topatu eta historiara Irulegiko eskua izenarekin igaroko den brontzezko eskua. Adituek sorioneku hitza interpretatu dute berezko grafia batean idatzita dauden lau lerroetan. Oraingoz, ez diete esanahia topatu beste lerroetan irakurtzen diren hitzei.

Ikerlari zorrotzari dagokion pazientziaren eskutik, Aranzadik ez du presarik eduki aurkikuntzaren berri lau haizeetara emateko, ez aurretik piezaren benetakotasuna ziurta zezaketen diziplina askotako adituen baiezko zientifikoa jaso arte. Merezi zuen horrelako saria 1947tik behar baino baliabide gutxiagorekin lanean ari den Aranzadik.

Aurkikuntzak ate interesgarria zabaldu die ikerlariei hurbilpen bat egiteko garai haietan gure lurraldeetan bizi zirenek hitz egiten zuten hizkuntzara.

Utz dezagun bakean gure barruko mitxelena, eta eman diezaiegun lasaitasuna adituei egin beharreko ikerketak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.