Hamabi izen literaturarentzat

2017ko literaturak izan duen aniztasunaren ispilua da BERRIAko literatur kritikariek egin duten liburu onenen zerrenda: ez da titulu bakar bat ere errepikatu, eta itzulpenak zein originalak hautatu dituzte

Ana Malagon. GORKA RUBIO/ ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
2018ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Liburu titulu bakar bat ere ez da errepikatu aurten BERRIA egunkariko lau literatur kritikariek egindako 2017ko libururik onenen zerrendetan. Literaturaz gozatzeko hamaika modu dauden erakusgarri da, beraz, hamabi liburuko zerrenda hau.

PERU IPARRAGIRRE

Literatur kritikaria



2017ak ere eman du eman beharrekoa, eta emandakotik batzuk aukeratzea egokitu zaigu oraingoan. Urruti geratzen dira urtarrileko eta otsaileko garai lasaiak, liburu berrien produkzioari dagokionez, gertuegi azaroko eta abenduko betekadak. Gutxi gorabeherako hautaketa da hau, beraz: bi nobela eta poesia antologia bat. Eta zenbat diren kanpo geratzen direnak, aurtengoa ere saiakeren urtea izan dela kontuan hartuta, batez ere. Urte berrirako asmo gisa gera bedi saiakerei heltzea.

'Nola heldu naiz honaino'



Egilea: Kattalin Miner.

Argitaletxea: Elkar.

Kattalin Minerren Nola heldu naiz honaino nobelarekin hasi genuen urtea. Opera prima hau eguneroko erabaki txikien ostean ezkutatzen den sistema osoari eginiko (auto)kritika bat dela esan daiteke, Jezabel protagonistak klase ertainaren bazterretik ironiaz eta zorroztasunez egindako erradiografia pertsonala. Azaleko arraina kafe hutsean igerian nola, hala aurkitzen da «normaltasunean» Jezabel, nola ez dakien arren heldu den lekuan, kapitalismo berantiarreko biztanleon kontraesanak kudeatu beharrean; ez, ordea, xaloki, kontzienteki eta politikoki baizik.

'Jenisjoplin'



Egilea: Uxue Alberdi.

Argitaletxea: Susa.

Urtearen bigarren erdialdean argitaratutako nobela honetan, Nagore Vargas Jenisjoplin protagonistaren azaletik kontatzen du Uxue Alberdik azken 30 urteotako historia. XX. mendearen eta berriaren arteko kinkan, borroka eta ideologia askatzaileen gorpuztean, militantziaren, zaintzaren eta zaurgarritasunaren ertzetan sakonduz. Vargas (anti)heroiari iragana nahasten zaio orainean, eta halaxe ematen zaizkigu, kontakizun nagusian txertatzen diren oroitzapenen bidez, eraiki duen nortasunaren oinarriak eta gatazkak, gaur egungo gizarteak dituen oinarri eta gatazkak azaltzearekin batera.

'Elurra ikusi dut'



Egilea: Xabier Lete.

Editorea: Koldo Izagirre.

Argitaletxea: Elkar.

Zalantza izan dut —hautaketa guztiekin bezala, baina besteetan baino gehiago— liburu hau hemen sartu ala ez. Bi aitzakia (gehigarri) bururatu zaizkit: Durangoko Azokaren bezperan argitaratutakoa izan arren, dagoeneko zeresana eman du liburuak, eta 2018an Leteren lehen poema liburua argitaratu zela mende erdi beteko da. Koldo Izagirrek bildu ditu antologia honetako poemak, bata bestearekin lotu eta Leteren poesiagintzan murgiltzeko modu bat baino gehiago emanez. Liburuaren zatirik berriena da, baina, zeresana eman duena, epilogoa. Zeresan hutsetik harago, ordea, editoreak bertan egiten duen azterketa literarioa da hona ekarri nahiko nukeena.

AIORA SANPEDRO

Literatur kritikaria



Irakurlearentzako abisu-oharra: zerrendaren egileak ez du aurten euskaraz argitaratu den guztia irakurri; beraz, hemen egin duen aukeraketa hau partziala da,eta idazlearen memoria lausoaren ondorioa besterik ez du islatzen.

'Poz aldrebesa'



Egilea: Juanjo Olasagarre.

Argitaletxea: Susa.

Aipatuko dudan lehen liburua duela hilabete batzuk hemen iruzkindu nuen Juanjo Olasagarreren Poz aldrebesa (Susa) da. Bi denbora planotan eta bi pertsonaiaren inguruan eraikitako nobela ekarri digu Olasagarrek. Bere garaian aipatu nuen kontaketaren tonu jostaria egin zitzaidala nabarmengarria, eta, oraindik ere, alderdi hori da gogoan geratu zaidana, bazterretatik idatzitako literatura honi ironia dariolako alde guztietatik; pertsonaiak identitatearen eraikuntzan bizi dituzten kontraesanez jabetzen dira, eta mingostasunez mahai-gaineratu egiten dituzte, irakurlea probokatzeko moduan. Umore zorrotz horrek askotan parodiara ere bideratuko ditu pertsonaiak, beren izatearen irudikapen komikoak bihurtuz. Nork bere burua munduan kokatzeko beharrezkoa den umore kantitateaz jakitun, buruhauste garaikideak plazaratzen ditu, eta artearen, filosofiaren eta aktibismoaren bidez erantzuten dituOlasagarrek.

Nobela hau nire psikologo-ordezkoen apalategian gordeko nuke.

'Gelditu zaitezte gurekin'



Egilea: Ana Malagon.

Argitaletxea: Elkar.

Hamalau istoriok osatzen dute Ana Malagonek otsailean argitaratutako ipuin bilduma. Askotariko protagonistek eta egoerek osatzen dituzte kontakizunak, baina badago guztiak lotzen dituen halako ingurune depresibo bat. Literatura gorputz osoarekin bizitzen den zerbait da, eta lan honek badu irakurlearengan sentsazioak eragiteko gaitasuna. Izerdi hotza eragin dit askotan.

Malagonek begirada zorrotzez esploratzen ditu egunerokotasuneko kontraesanak, pertsonaia arrunten bitartez. Gertatu zait pertsonaien barrenetik egiten diren zenbait hausnarketa ilunak egin zaizkidala, eta irudi horiek mosaiko tremendista ederra eratzen dutela iruditu zait. Orokorrean, emo kulturari egindako omenaldi polita iruditu zait liburua.

'Kristo irakiarra'



Egilea: Hassan Blasim.

Itzultzailea: Ana Isabel Morales.

Argitaletxea: Pasazaite.

Nire ustez, urteko emaitza literariorik interesgarrienetarikoa Hassan Blasimen azken lana da. Hamahiru kontakizun laburrek osatzen duten ipuin bilduma honetan, mila eta bat gauen lurraldea absurdoaren lurraldea bilakatzen da. Eskertzen da idazleak bere imajinarioa sortzeko duen gaitasuna: oroitzapenerako hainbat irudi sortu ditu erdiz erdi ematen duen idazketaren bidez. Aipagarria, era berean, zelako mimoarekin eginda dagoen Ana Isabel Moralesen itzulpena.

JOANNES JAUREGI

Literatur kritikaria



Batek baino gehiagok esana da azken hamabost urteotako euskal literaturarik onena euskarara itzulitako literatura dela. Bada, iritzi hori izan da nire hautaketaren irizpide nagusia, sarri bigarren mailan geratu den arren. Azken finean, urteotan euskarazko itzulpenean egin den aurrerapauso eta esfortzuaren lagintxo bat dira 2017ak ekarri dizkigun hurrengo hiru izenburu hauek.

'Gailur ekaiztsuak'



Egilea: Emily Bronte.

Itzultzailea: Irene Aldasoro Katarain.

Argitaletxea: Erein-Igela.

Euskaraz edukitzea —irakurtzea bainoago batzuetan— ezinbestekotzat jo izan den klasiko horietako bat dugu Gailur ekaiztsuak. Izenburuak berak islatzen duen bezain ero, muturreko eta, funtsean, ekaiztsua da bertan kontatzen zaigun istorioa, tradizionalki maitasun istoriotzat hartua, baina, nire iritziz, gaur egun nekez sailka dezakeguna kategoria horretan; harreman toxikoak ageri baitzaizkigu nobelan, gailur ekaiztsuen metafora landu eta geruza ugarikoan barnebilduta. Nobela bikaina da, bai literatur teknikaren aldetik —narratzaileen jokoa zein maisuki garatzen den ikusi besterik ez dago, besteak beste—, bai istorioak berak, bere toxizitate guztiarekin ere, hartzen duen karga lirikoa dela eta. Itzulpena ere ez da nolanahikoa.

'Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak'



Egilea: Nikos Kazantzakis.

Itzultzailea: Luis Berrizbeitia.

Argitaletxea: Elkar.

Aipamen berezia merezi du grezierazko jatorrizkoa euskaratzeko sei testu desberdin baliatu dituen itzulpen jardun honek. Eskerga baita itzulpen lana, nobela bera ere eskerga den antzera; mundu osoan izugarrizko itzala hartu zuen, eta baita pantaila handiraino iritsi ere, 1964an. Bertan, narratzaileak bere lagun Zorbaren omenaldi gisa kontatzen dizkigu harekin izandako pasadizo eta elkarrizketak, eta, sarritan darion kirats misoginoa gorabehera, uste dut Zorba pertsonaiaren bizitasunak, bai eta narratzailearekin duen harremanak ere, nobela eder bat taxutzen dutela.

'Pentsamendu heterozuzena'



Egilea: Monique Wittig.

Itzultzaileak: Maialen Berasategi Catalan, Irene Arrarats Lizeaga, Danele Sarriugarte Mochales eta Mirentxu Larrañaga Sueskun.

Argitaletxea: Susa.

Pentsamendu feministari eskainitako Lisipe bildumaren hirugarren alea dugu honako hau. Orri kopuruz laburra izanagatik ere, mardula da bertan aurkitzen duguna, Wittigen sei artikulutan banatua eta lau itzultzaileren artean euskaratua. Nekez labur daiteke xeheki liburuaren edukia lerro gutxi batzuetan; hortaz, soilik esan dezadan, inpresio pertsonalaren mailan, bereziki aipagarria iruditu zaidala Wittigek egiten duen ahalegina heteroaraua—erregimen heterosexuala, alegia— sistema patriarkalaren erdigunean kokatzeko. Egileak berak azaltzen du inork baino hobeto: «Heterosexualitatea deuseztatu beharra dago, ezinbestean, gizonek emakumeak zapaltzen dituzten sistema sozial bat den aldetik; zapalkuntza hori zuritzeko, sexuen arteko desberdintasunaren doktrina sortzen duen sistema den aldetik».

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

IMANOL MERCERO

Literatur kritikaria

'Pikondoaren balada'



Idazlea: Leire Bilbao.

Ilustratzailea: Maite Mutuberria.

Argitaletxea: Elkar.

Vicente Ameztoiren margolanetan bezala, liburu honetan jendea landareekin bat eginda agertzen da. Galdera existentzial guztien erantzuna arbolen baitan, pikondoaren baitan balego bezala: gaitz guztien amaiera arbolen gisara sustraitzen ikasten dugunean iritsiko zaigu.

Goi arnasa horrek, ordea, ez dio galarazten obra honi irakurterraz eta labur izatea. Dituen 72 orrialdeak, irudi eta atal amaierako orri zuriak barne, nahikoak ditu edonork ulertzeko moduko istorio hunkigarri bat eraikitzeko, agertzen diren pertsonaiei karakterizazio oso bat emateko, eta euskal baladen errepertorioari begi kliska bat egiteko.

Agian dena errazago ulertzen da ohartzen bagara idazleak Gabriel Garcia Marquezen Macondoko lurralde magikora eraman gaituela, non eta Italo Calvinoren Ombrosako basoekin muga egiten duen pentze batera, han sustraitu zen pikondotik ozen aldarrikatzeko bakea irribarre batekin hasten dela.

'Tontolapiko'



Idazlea: Pello Añorga.

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena.

Argitaletxea: Denonartean.

Haurrentzako argitaratzen diren album ilustratuetan gero eta zailagoa da istorio on bat duten lanak aurkitzea. Paradoxa dirudi literaturaren funtsak lekua galtzea literatur lanetan. Albumaren bidez ilustrazioek literaturari egiten dioten ekarpena aitortuta ere, nekez lortuko da ezer, gidoi on baten eskutik ez badator.

Gidoigintzan dago gakoa. Eta irudipena daukat haurrei zuzendutako literaturan parafarmazia moduko bat sortu dela, munduko asmorik onenarekin bada ere, ipuinei magia kendu diena.

Idazlegaiak badu zer ikasia Pello Añorgarengandik, gai baita Tontolapiko bezalako album borobil bat josteko. Ofizioa behar da testu hau idazteko, ozen irakurrita gozo doana, tradiziotik behar adina egitura hartuta, haurren arteko gaur-gaurko gaia mahai gainean edukazioarekin eta dotoreziarekin jartzeko.

'Sorgin seinalea'



Idazlea: Gregorio Muro Harriet.

Ilustratzailea: Daniel Redondo.

Itzultzailea: Miel A. Elustondo.

Argitaletxea: Harriet.

Agian bertsolarien finala eta Sorgin seinalea batera heldu zirelako nire etxera, ala agian ez, baina kontua da Maialen Lujanbio txapeldunari gai aldetik goraipatu zaion bazterrekoa plaza erdira ekartzeko abilidadea ikusten diodala nik obra mardul honi.

Beharrik, Euskal Herriak eman duen komiki gidoilari emankorrenaren emaitza da. Harrieten gidoiei esker plazaratu dira gure komikigintzaren zutabe sendoenak eta goraipatuenak, hala nola berriki argitaratu diren Jon eta Mirka, Justin Hiriart, Sorgin seinalea eta Indianoa, baina baita Habeko Mik garaiko beste batzuk ere (Hontza, Simon Besaluze, Cubagua-ko perla...), nahiz eta «sendo» eta «goraipatu» eufemismo hutsak izan euskal komikigintzaren eguneroko hitsean. Ez ezazue galdu, beraz, duela lau mendeko Euskal Herrian barneratzeko aukera. Ez zaizue damuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.