Albistea entzun

Donostiako 57. Jazzaldia

Itsasertzeko doinuen itzulera

Simple Mindsen kontzertuarekin hasiko da Donostiako 57. Jazzaldia, gaur, Zurriolako hondartzan. Jaialdiak Mulatu Astatke eta Amina Claudine Myers sarituko ditu aurten

Herbie Hancock Kursaalean ariko da jaialdiaren azken egunean.
Herbie Hancock Kursaalean ariko da jaialdiaren azken egunean. VALENTIN FLAURAUD / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ainhoa Sarasola -

2022ko uztailak 20

Hamalau oholtzatan banatu ditu Donostiako 57. Jazzaldiak aurtengo 84 kontzertuak. Eta jaialdiaren bereizgarrietakoa den agertokietako bat berreskuratuta utziko ditu atzean pandemiak azken bi urteetan jarritako oztopoak. Zaleek Zurriolako hondartzako espazio zabalean, itsasbazterrean, entzun ahal izango dituzte jazz eta bestelako estiloetako doinuak berriro ere. Hain zuzen, Keler gunea deitu dioten agertoki horretan hasiko da jaialdia, gaur iluntzean.

Simple Minds taldeak estreinatuko du Zurriolako oholtza, bere pop-rock doinuekin. Glasgowko banda beteranoak bere lehen diskoa, Life In A Day, atera zuenetik 40 urte bete ziren 2019an. Nazioarteko bira luze bat egin asmo zuten urteurrena ospatzeko, baina pandemiak ideia zapuztu zien. Orain izango dute aukera urteurrena zaleekin batera ospatzeko.

Zurriola hondartza, gaur goizean, Simple Mindsen kontzerturako prest. Juan Herrero, EFE

Jazzaldiak aurten sarituko dituen bi musikarietako bat izango da protagonista hurrengo egunean: Mulatu Astatke. Bibrafonista, teklista eta perkusionista etiopiarra ethio-jazz estiloaren aitatzat hartzen da, jazza, musika latinoa eta etiopiar tradizioa uztartuz garatu zuena. 70eko urteetan sorterrian arrakasta lortu ondotik, 1998tik aurrera hasi zen haren musika nazioartean ezagunago egiten, Éthiopiques disko sailaren hasierarekin, eta are ezagunagoa bihurtu zen haren izena geroago, haren zazpi pieza Jim Jarmuschen Broken Flowers (2005) filmean agertu zirenean. Lehen aldiz ariko da Jazzaldian, eta azken diskoetako doinuak ezagunagoekin tartekatuko ditu. Haren ondotik, Curtis Harding soul kantari estatubatuarra ariko da.

The Excitements Kataluniako soul eta rhythm and blues banda; Carolina Durante pop-rock talde espainiarra; Kate Stables kantari eta musikariaren This Is the Kit proiektua; Vintage Trouble laukote kaliforniarraren «soul primitiboa»; Pillow Queens dublindarren punk, rock eta pop musika; eta Leon Benavente talde espainiarraren zuzenekoa entzun ahal izango dira hurrengo egunetan hondartzan.

Trinitate plazako agertokia izaten da urtero jazzaldiaren egoitza kutunenetako bat zaleentzat. Hiromi pianista eta konpositore japoniarrak abiatuko ditu plazako gaualdiak, ostiralean —Miho Hazama musikagileak Musikene Big Banda zuzenduko du aurretik—. XXI. mendeko jazzean, pianoaren ordezkari gailenetakotzat jotzen dute Hiromi, eta jazza musika klasikoaren, rockaren eta poparen osagaiekin uztartzeko gaitasuna nabarmendu izan diote.

Louis Cole multinstrumentista estatubatuarra izango da hurrengo gaualdiko protagonista. 8 urterekin hasi zen bateria jotzen —pianoa, gitarra eta baxua ere jotzen ditu—, eta kantaria, konpositorea eta ekoizlea ere bada. Hainbat talde eta artistarekin lan egin du bere ibilbidean: lau disko argitaratu ditu bakarka, eta beste lau hainbat musikarirekin taldea osatuta. Pop eta jazz doinuak nahastuko ditu Donostiako emanaldian, Chris Fishman (teklatuak), Nate Wood (baxua, bateria) eta Genevieve Artadi (ahotsa) lagun dituela. Haien aurretik, Steve Coleman saxofoi jotzaile estatubatuarra izango da oholtzan; aurrez sei aldiz izan da Jazzaldian, eta Five Elements bere taldearekin ariko da larunbatean.

Igandean, bi izen handik hartuko dute Trinitate plaza. Hasteko, Amina Claudine Myers pianista, abeslari eta musikagilea igoko da oholtzara, aurtengo Jazzaldiaren bi sarietako bat jasotzera. Ohi bezala, kontzertua emango du aitortza jaso ondotik, eta, ohi duenez, 50eko urteetako gospel talde beltzak ekarriko ditu gogora. Ondotik, Ben LaMar Gay korneta jotzaile, tronpetista eta konpositore estatubatuarraren txanda izango da. Zaila da haren musika sailkatzea, estilo askoren eragina jaso eta uztartzea maite baitu: abangoardiako jazza, bluesa, indie rocka, rhythm and bluesa, hip-hopa, bossa nova, elektronikoa, funka... Kantatu, errezitatu eta inprobisatzeaz gain, teklatuak eta sintetizadoreak ere joko ditu emanaldian.

Azken egunean, Diana Krall pianista eta kantari kanadarraren kontzertua izango da plazan. Jazzaren egungo izenik handienetakotzat daukate adituek, konposizio berriak jazzaren eta herri musikaren estandarren berrikuspenekin konbinatzeko duen trebetasunagatik, besteak beste. Zazpigarrenez joko du Jazzaldian; aurretik, Lakecia Benjamin saxofonista eta konpositorea ariko da.

Pianoaren lurraldeak

Askotariko estiloen plaza izango da, beste behin, Kursaal auditoriuma. Calexico taldearen AEBen hego-mendebaldeko eta Mexikoko iparraldeko doinuen nahasketa entzungai izango da etzi, eta Gregory Porterren boz indartsuak beteko du aretoa hurrengo egunean. Iggy Popen zuzenekoak hartuko du Kursaala larunbatean, eta Yann Tiersenek Electronic Set (Live A/V) ikuskizuna egingo du igandean. Amaitzeko, Herbie Hancock pianista eta konpositorearen doinuek zazpigarrenez bisitatuko dute hiria astelehenean.

Viktoria Eugenia antzokia pianoaren lurraldea izango da nagusiki, han ariko baitira Chico Perez, Moises Sanchez, Daahoud Salim, Ernan Lopez-Nussa, Marco Mezquida eta Juan de la Rubia pianistak —bestelako doinuak ere izango dira Oreka TXren eta Berta Moreno Vallesen eskutik, besteak beste—. Eta pianistak protagonista San Telmo museoan ere, Vadim Neselovski, Craig Taborn, Sofiane Pamart eta Benny Greenekin.

Beste bederatzi oholtzatako eskaintzak osatuko du aurtengo programazioa.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bazka musika taldeko kideak: ezkerretik eskuinera, Erik Berganza baxu jotzailea, Fer Apoa abeslaria, Hogei Esteban gitarrista, Txomin Urriza gitarrista eta Galder Izagirre bateria jotzailea. ©GALDER IZAGIRRE

Bederatzi dantza, baso ilunean

Miren Mujika Telleria

Bazka taldeak lehen diskoa ondu du: 'Basoaren ilunean dantza'. Poesia egin dute bederatzi doinu bortitzen gainean, eta horien bidez adierazi dituzte gaur egungo gizarteak eragindako zenbait zauri

Atzo arratsaldean egin zuten opera antzeztuaren entsegua. Irudian, entsegatzen. ©ANDONI CANELLADA/ FOKU

Euskal erako Donizetti bat

Leire Perlines Apalategi

Gaetano Donizettiren 'La Fille du Régiment' egokitu bat taularatuko dute bihar Kursaalean. Elena Sancho-Pereg eta Xabier Anduaga lehen aldiz ariko dira elkarrekin oholtzan

Carmen Alba, Joaquin Calderon eta Paz Fernandez, atzo, Iruñean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

55 film lehiatuko dira NIFF Nafarroako zinema jaialdiaren 4. aldian

Itsaso Jauregi

Datorren astean izango da festibala, abuztuaren 17tik 20ra. Antzerki Eskolan, Kondestablearen jauregian eta katedralean emango dituzte filmak

Miren Iriarte, artxiboko irudi batean. ©Gorka Rubio / Foku

Miren Iriarte itzultzailea hil da

Ainhoa Sarasola

Elena Ferranteri eta Fleur Jaeggyri lan bana ekarri zien euskarara, baita euskarazko hainbat lanen gaztelerazko itzulpenak eman ere. Senide eta lagunek gaur eman diote azken agurra, Iruñeko hilerrian.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Ainhoa Sarasola

Informazio osagarria

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.