Mikel Inoriza. Alpinista

«Alpinismoaren geroa bide luze eta teknikoetan ikusten dut»

Euskal Herriko alpinista berrien belaunaldiko izarretako bat da Mikel Inoriza. Euskal Mendi Federazioaren teknifikazio taldean hasi zen lehenik, eta, jarraian, Espainiako Mendi Federazioan igaro ditu azken hiru urteak. Alpinista gazte gehienen antzera, etorkizun hurbilean ez du bere burua zortzimilakoetan ikusten.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Oiartzun
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gaur egun Oiartzunen (Gipuzkoa) du bizitokia, eta han egin du hitzordua Mikel Inorizak (Gasteiz,1996). Ez dira egun asko igaro Espainiako teknifikazio taldearekin Alpeetan egindako egonaldi batetik itzuli denetik. Argazkia ateratzeko, Aiako Harriaren itzala aukeratu du. Mendiari lotuta bizi da.

Gasteiz aspalditik da alpinisten sehaska, baina zuri nondik datorkizu mendirako zaletasuna?

Gurasoek txikitatik eramaten gintuzten anaia eta biok mendira, Pirinioetara. Ni jaiotzerako, gurasoek eta osaba-izebek apartamentu txiki bat erosia zuten Salent de Gallegon [Aragoi, Espainia], eta betidanik joan izan gara, ia asteburuero. Anaia txikiagoak eta nik han egin ditugu gure lehen esplorazioak [barrezka]. Ordurako, gurasoek ere zerbait eskalatzen zuten, eta hortik datorkigu mendizaletasuna. Saskibaloian ere ibili nintzen, 14 urtera arte edo. Ondoren, eskalatzen hasi nintzen. Ordurako, Irati Andak kudeatzen zuen eskaladako teknifikazio talde bat bazegoen Gasteizko Estadio kiroldegian. Urte batez saskibaloia eta eskalada uztartu nituen arren, eskaladan saiatzeko hautua egin nuen.

Eskaladan hasi bezain laster, txapelketetan parte hartzeari ekin zenion. Nola duzu gogoan?

Bai, halaxe izan zen. Euskal Mendi Federazioaren eskaladako teknifikazioan hasi ginen. Anda K2 eskalada horman hasi zen eskalada eskolak ematen, eta ni ere hara joan nintzen, beste batzuekin. Tartean ziren Julen Berrueko eta Mikel Madinabeitia ere. Ordurako, Mikel Linazisoro ere bertan zegoen, naiz eta urte batzuk gazteagoa izan. 20 urtez azpiko mailara arte ibili nintzen lehiatzen, baina ez ninduen bereziki erakartzen. Astean zehar entrenatzeko aukera nuelako ibiltzen nintzen gehienbat. Niretzat aitzakia bat zen ondoren arrokan indartsuago sentitzeko. Halere, ezin dut ukatu txapelketen garaia oso garai polita izan zela.

Eskalada utzi zenuen, baina handik gutxira federazioaren alpinismoko teknifikazio taldean igaro zenituen urte pare bat.

18 urte nituenean, eskalada utzi eta gutxira, federazioan sartzeko aukera izan nuen. Probak ere egin zituzten taldean egoteko, eta nik haiek pasatu nituen. Halere, federazioan izandako gaizki ulertu batzuengatik edo, azkenean ez zuten talderik osatu. Dena atzeratu egin zen urte pare batez. 20 urterekin, taldea atera zuten, eta hor barneratu nintzen bi urtez.

Zer oroitzapen duzu federazioan igarotako urte haietaz?

Nire ibilbidean egin dudan ibilbide logiko batean ikusten nuen neure burua, teknifikazioan sartu nintzenean. Ordura arte ere, irteera batzuk egindakoa nintzen, esaterako Adolfo Madinabeitiarekin, eta aitak ere asko lagundu digu alde horretatik. Anaiak eta biok beti izan dugu haren babesa, eta teknifikaziokoa ere beste jauzi bat izan zen. Oso urte politak izan ziren haiek ere. Talde polita osatu genuen, eta anaia txikia ere gurekin zegoen, baita Berrueko eta Tasio Martin ere. Mendira gozatzera joaten ginen, eta alde horretatik oso oroitzapen polita daukat, esaterako Europako gailurretara egindako lehen irteeraz, eta Alpeetara egindako azkenaz. Oso eskalada politak egin nituen.

Gutxinaka jauziak emanez joan zara zure ibilbidean. Azkena, Espainiako alpinismoko taldera egin zenuen. Nondik sortu zen aukera hura?

2018an izan zen. Espainiako selekzioan sartu nintzen arte, bertako hautatzailea den Mikel Zabalza ez nuen pertsonalki ezagutzen. Sobran ezagutzen nuen haren ibilbidea, eta nire erreferentzietako bat ere izan da. Oso erlazio estua daukagu, eta gaur egun oraindik eta gehiago miresten dut. Egia esan, ez dakit ziur nork esan zidan bertako frogetara aurkezteko. Probak egiteko gonbita luzatu zidaten, eta bi eguneko irteera izan zen. Denetik egin behar izan genuen; izotzetan eta arrokan eskalatu, erresistentziako proba batzuk, eskiatu... Ander Zabalza nafarrarekin batera hautatu ninduten. Aurretik, bertan egonak ziren Iker Madoz eta Mikel Ajuria ere. Hiru urterako selekzioa zen, eta berez iaz amaitu behar genuen, baina pandemiarengatik aurten ere bertan izango naiz.

Zer irakatsi dizu hiru urte hauetan Mikel Zabalzak?

Egunero ikasten da zerbait Zabalzarekin! Esperientzia izugarria dauka pilatuta, eta mendian igaro dituen ordu guztiak konta ezinak dira. Askotan guretzat estutasun une bat izan daitekeena, berak oso lasai hartzen du egoera hori. Logistika aldetik ere asko ikasi dut; irteerak nola antolatu, erabakiak nola hartu, eguraldia aztertu, zer material hautatu... Teknifikazioa ez da eskalatzea bakarrik, eta alpinismoan askotan baldintzak oso denbora gutxian aldatzen dira. Erabakiak hartzen jakin behar da, eta estrategia ondo menderatzea ezinbestekoa bihurtzen da. Alde horretatik, asko lagundu digu Zabalzak. Maisua da gauza horietan guztietan!

Asko exijitzen al dizue?

Oso gizon lasaia da, eta agian ez du exijentzia hori asko transmititzen. Gauzak ondo egitea gustatzen zaio, eta guk ere motibazioa sobran dugu oraingoz [barrezka]. Gurekin ez dauka tiraka ibili beharrik! Oso gauza politak proposatzen dizkigu, eta askotan gu frenatzen ibiltzea tokatzen zaio.

Teknifikazio zentroei buruz, eta aldi berean gazteei buruz, aipatzen da gaur egun ez duzuela konpromisozko gauzarik egiten. Iritzi bera al duzu?

Askok, agian, konpromisoa eta arriskua nahasten dituzte. Guk gaur egun, eguraldi fidagarria izateko tresnak ditugu, telefonoaren laguntza, aplikazioak... Gaur egun hainbeste arrisku ez pasatzeko tresnak izateko zortea daukagu. Gure aldetik konpromiso handiko gauzak egiten ditugula argi daukat, eta iruditzen zait geroz eta gauza teknikoagoak egiten ditugula. Ondo prestatutako alpinistak gara, eta alde horretatik beldurra ere kudeatzea tokatu izan zaigu. Gaur egungo materialak bikainak dira, eta segurtasun handiarekin ibiltzen gara.

Esan daiteke gaur egungo alpinistak zortzimilakoetatik aldendu zaretela?

Beste bide bat hautatu dugula esango nuke. Gurea alpinismo teknikoagoa da zalantzarik gabe, nahiz eta altueran oraindik ere gauza oso politak egiteko aukera badagoen. Altuerak ez du konpromisoa areagotzen, ezta gutxiago ere. Zortzimilako batean egon zaitezke bide arruntetik igotzen, eta agian altuerak baldintza zaitzake. Muga fisiko hori sentituko duzu, ziur, baina horrek ez dio konpromiso maila igoko. Jende gehienak uztartu egiten ditu alpinismoa eta zortzimilakoak, eta ez zait asko gustatzen. Nik argi daukat 7.000 metroko mendietan bide tekniko zailak eta luzeak irekitzeko aukera gehiago daudela. Uste dut alpinismoaren etorkizuna bide horretatik doala. Zortzimilako bat bide arruntetik igotzeak ez nau batere motibatzen.

Babesleak lortzeko ere badirudi zortzimilakoetara joatea ezinbestekoa bihurtu dela. Zer diozu?

Nire kasuan, materialarekin laguntzen didate. Baditut babesle batzuk: Rab, Totem, Camp... baina dirurik ez didate ematen. Oso zaila da zuzenean alpinista bat babestea, nahiz eta bekak edo diru laguntzak sortzen diren noizean behin, esaterako, Azpeitiko Joxe Takolo edo Urretxuko Xabier Ormazabal bekak.

Goi mendietara joateak ez al zaitu erakartzen?

Orain artean harrapatu dudan altuerarik handiena 6.500 metrokoa izan da. 2019ko udan, Lenin Peakera [7.134 metro, Pamir mendikatea, Kirgizistan] joan ginen eskiekin jaisteko asmoarekin, baina ez genuen lortu. Abuztuaren amaieran joan ginen, eta nahiko berandu da harako. Egun batean 6.000 metroren inguruan ibili ginen eskiatzen, baina gailurraren egunean oso eguraldi txarra izan genuen, eta ez genuen gailurrik zapaldu. Halere, ez dut baztertzen etorkizunean goi mendian ibiltzea.

Altuerara ondo egokitu al zinen?

Baietz esango nuke, eta hori ere muga bat izaten da alpinisten artean. Nik ere egun txar batzuk pasatu nituen, baina espedizioaren amaieran indartsu sentitzen nintzen. Dakitenek diote hori ere hobetu daitekeela, baina berezkotik ere eduki behar izaten da. Asko dira lehen bi irteeratan ondo egokitu ez direnak, eta joatearen ondorioz ondo moldatzen amaitu dutenak. Ikusi nuen ez nintzela azkar moldatu, baina sentitzen dut denbora hartuta eta gauzak ondo eginda maila ona emateko moduan egon naitekeela.

Juan Vallejoren, Mikel Zabalzaren edo Alberto Iñurrategiren ondoren, hutsune handi samarra sumatu da Euskal Herrian azken urteetan. Gaur egun osasuntsu al dago euskal alpinismoa?

Tartean jendea egon da, nahiz eta agian ez izan izen ezagunak, esaterako, Iñaki Arakistain edo Joseba Larrañaga. Haiek ere gauza politak egin dituzte! Eta orain belaunaldi berri bat bagatozela ematen du, esaterako, lehen ere aipatu ditudan Iker Madoz eta Julen Berrueko. Alpinismoa Euskal Herrian osasuntsu dagoela esango nuke; ikusi besterik ez dago zenbat jende dabilen eskalada hormetan eta harkaitzetan eskalatzen.

Beldur handia pasatzea tokatu zaizu mendian?

Beldurra ez nuke esango, baina estutasunen bat pasatakoa naiz. Beldur puntua behar du gizakiak. Agian, gaur egun dauden baliabideekin, kirol eskaladan esaterako, inork ez du beldurrik pasatuko, baina edozein harkaitzetan egindako hutsegite bategatik gauzak okertzeko ez da asko behar izaten hamar metroko eroriko bat izateko, nahiz eta aseguratuta egon. Tentsioa izatea ezinbestekoa da!

Beldurra kudeatu al daiteke?

Bai, noski. Esperientzia geroz eta handiagoa izan, beldurrak ere erlatibizatu egiten dira. Alpinista baten gauzarik garrantzitsuena burua da. Askotan, nekerik handiena izanda ere, egin dezakezula sinisten baduzu, lortu egingo duzu.

Etorkizun hurbilean, espedizioren batean ikusiko zaitugu?

Espainiako taldearekin aurten amaituko dut, baina baditugu bidaia pare bat antolatuta. Ekainean, Kaukasora joatea pentsatuta daukagu, eta urrian, berriz, Nepalera joango gara. Bertan, bide berriak igotzen saiatuko gara, 6.800 metro inguruan. Gauza berriak esploratzera goaz. Etorkizunera begira, ideia gehiegi dauzkat buruan [barrezka].

Gaur egun mendiko gidari izateko ikasketak egiten ari zara. Bide horretatik bideratuko al duzu etorkizuna?

Asmoa hori da. Asko gustatzen zait jendearekin mendira joatea eta nire pasioa transmititzea. Alde horretatik, oso lan polita izan daiteke etorkizunean. Konpromiso handiko lana da, baina ez dit beldurrik ematen lana eta pasioa uztartzeak. Frantzian edo Italian ez bezala, Euskal Herrian oraindik ere ez dago oso garatuta mendi gidariaren zeregina, baina badirudi gutxinaka gauzak aldatzen ari direla. Oso ofizio polita izan daiteke mendiari lotuta jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.