HILBERRIA. Tom Wolfe

Literatura eta kazetaritza, batean

Gorka Erostarbe Leunda.
2018ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Duela lau urte, 2014an egindako elkarrizketa batean, galdegin zioten ea zein zen haren aburuz Kazetaritza Berria deituaren ajerik deitoragarriena. Zera erantzun zuen: «Singularreko lehen pertsonaren erabilera gehiegizkoa. Nik neuk gehiegitan egin nuen. Gerora konturatu nintzen tramaren protagonistetako bat izan ezean, ez zela komenigarria lehen pertsona erabiltzea». Haatik, Kazetaritza Berria deituriko korrontearen ezaugarrietako bat izan zen lehen pertsonaren erabilera. Tom Wolfe korronte horren sortzaileetako bat izan zen, Truman Capote eta Gay Taleserekin batera, besteak beste.

Atzo zendu zen Tom Wolfe, 87 urte zituela, AEBetako hainbat hedabidek zabaldu zutenez. 1931n jaio zen, Richmonden (Virginia, AEB), eta New Yorken bizi zen 1962tik ; The New York Herald Tribune egunkarian lanean hasi zenetik, alegia. Hasiera samarretik garbi izan zuen istorio on bat kontatzeko ia modu bakarra istorio horren bila joatea zela. Hartara, jarrera esperimentala hartu zuen kazetaritza lantzeko abiapuntutzat, eta horretarako Clay Felker egunkariko zuzendariaren babesa zeukan. Hark esaten zien bere kazetariei «kazetaritza objektibotik harago» joateko.

Wolfek 1960ko hamarkadaren hasiera hartan ekin zion estilo hibridoa erabiltzeari; hots, literaturari edota fikziozko generoei zegozkien baliabideak kazetaritza idazkeran txertatzeari, betiere errealitateari fidel izanez. Kazetaritza Berria deitua 1973an finkatu zen AEBetan: eszenaz eszena ondutako kontakizunak, elkarrizketa osoak, eta protagonisten jarrera, hitz molde edo janzkerari buruzko deskribapen zehatzak erabiltzen zituzten, mira jarriz gertakizunen «kategoria sozialean». Literatur kazetaritza eta kazetaritza nobela, biak landu zituen Wolfek, trebezia apartekoz landu ere.

Esan izan zuen bere helburua «gizarte garaikidearen erretratua» egitea zela, horretarako errealismoaren korronteari erreparatuz, eta erreferentziatzat hartuz John Steinbeck, Charles Dickens eta Emile Zolaren idazkera. Saiakera eta ez-fikziozko lanak idatzi zituen lehenik, The Electric Kool-Aid Acid Test (1968), The New Journalism (1973), The Painted Word (1975), eta In Our Time (1980), besteak beste. 1987an idatzi zuen lehen nobela, bere lanik entzutetsuena: The Bonfire of the Vanities. Haren ondorik etorri ziren A Man in Full (1998), I Am Charlotte Simmons (2004), eta Back to Blood (2012). 2016an idatzi zuen azken lana, ez fikziozkoa hura ere: The Kingdom of Speech.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.