Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak. IRITZIA

Emari amaigabea

2022ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Abuztu erdialdean txangoa egin genuen Baztan aldera, bertako parajeez eta lasaitasunaz gozatzeko asmoz. Xorroxin ur jauzia bisitatzea ere gure planen artean zegoen, baina aitortu beharra dago errezeloz hurbildu ginela inguru hartara, uda bero honek bazter guztiak nola idortu dituen kontuan hartuz ur jauziak emaririk izango ote zuen zalantzan. Bizkor uxatu zuen gure kezka Erratzuko biztanle abegikor batek: «Trankil, badu ura, Xorroxin ez da inoiz akitzen!». Halakoxea izan zen atzo Elizondoko Baztan pilotalekuan kantuan aritu ziren bertsolarien emaria: amaigabea!

Finalaurrekoen lehenengo itzuliak eman dezakeenaren seinaleak ikusi genituen atzo Elizondoko Baztan pilotalekuan: 8ko nagusiko ofizioan, adibidez, bertsolariak egoera baten aurrean kokapen berean jartzeak asko lagundu zuen saioari hasiera ematen dion ariketa honetako bertsoaldiak beteak izan zitezen. Bestetik, aipagarria da puntuaketa aldetik alderik nabarmenenak teorian behintzat umorera bideratutako ariketetan eman zirela, 8ko txikikoan eta puntukakoan, alegia. Bestela esanda, azken bi ariketa hauetan egon ziren zulorik handienak sailkapenean: bete-betean asmatu zuten bertsolariek, Alaia Martinek edo Joanes Ilarregik, kasu, bertsoaldi hauetan emandako kolpeetan oinarritu zuten neurri batean atzoko euren arrakasta. 6ko motzeko ariketaz ezin gauza bera esan. Ariketa hau epel xamar igaro zela esango nuke, ganbarakoaren aurretik igaro beharreko tramitea balitz bezala…

Ganbarakoan bakarrik ez, saio osoan zehar maila gorenean aritu zen Alaia Martin. Bigarren itzulia falta da, baina bere burua modu paregabean kokatu du azken jauzia emateko. Arratsaldeko bertsoaldi onenetan protagonista izan zen, eta maisuki atera zien zukua ganbarakoan eskua ematea edo indartsu sentitzea bezalako kontzeptuei. Bera eta Joanes Illarregi jotzen genituen amaieran sailkapenaren buruan, eta halaxe izan zen. Leitzarraren saioak aipamen berezia merezi du. Galtzeko gutxi duenaren ausardiaz aritu zen kantuan, eta, adibide bat aipatzearren, 8ko txikiko ofizioko bigarren bertsoan Martin berari eman zion erantzuna bertso eskoletan erakusteko modukoa izan zen. Bat-bateko erreflexuak eta ideia 7/6 metrikara segundo gutxitan modu borobilean tolesteko gaitasuna: bertsolaritzaren esentzia. Mundua jan nahi duen gaztearen gosea eta bigarren itzulian senti dezakeen bertigoa kontrolatzen baditu, dena da posible.

Hasierako agurrean eginiko irristada ezohiko batekin hasi zuen saioa Agin Laburuk, eta esango nuke ez zuela ezer onik iradokitzen seinale horrek. Ofizioren batean bere rola egoki ulertu ez ote zuen ere iruditu zitzaigun aurrerago. Saioak aurrera egin ahala bere lekua aurkitzen saiatu zen (puntukako gogoangarria Illarregirekin) eta azkenerako bildu zituen puntuak; bigarren itzulian, kale edo bale. Egiari zor, esan beharra dago gaietan ere egon zela alderik, gai batzuek beste batzuek baino askoz lan handiagoa eskatzen baitzuten bertsolarien aldetik zer edo zer taxuzkoa kantatzekotan. Unai Agirre izan zen atzo laugarren. Oholtzara igotzen lehenengo finalista ohia, une onak eta apalagoak tartekatu zituen. Onintza Enbeitak bere-beretik kantatu zuen beste behin ere, eta atzokoan muturrera eraman zuen fikziotik urrundu eta norberarenetik kantatzeko bere hautu zintzoa. Hunkituta amaitu zuen muxikarrak, eta hunkituta amaitu genuen entzuleok, malkoei eutsi ezinda ganbarakoan bere bertsoek aurrera egin ahala. Iñaki Apalategiri dagokionez, ariketa bakoitzean egin beharrekoa bete bai, baina entzulearengan atzokoa bezalako arratsalde bereziek eskatzen duten zirrara edo emozioa sortzea falta izan zitzaion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.