Maite Asensio Lozano.
Hondarribiko alardea. ANALISIA

Berdintasun Legea onartu berritan

2022ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hondarribiko alarde egunean, urte erdia betea du jada Euskal Autonomia Erkidegoko Berdintasun Lege berriak. Eusko Legebiltzarrak martxoan onartu zuen testuak, berez, 2005eko araua eguneratzea zuen helburu, baina aldaketa handirik ez zuen egin Irungo eta Hondarribiko alardeen auzian eragina duten artikuluetan. Izan ere, duela hamazazpi urteko lege hark jada oso argi utzi zuen kultura ekitaldi baztertzaileen harira nola jokatu. Are, Emakundeko orduko zuzendari Txaro Arteagak hainbatetan adierazi duenez, alardeen auzirako berariaz idatzi zuten 25. artikulua: «Debekatu egiten da emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten kultura jarduerarik antolatzea eta egikaritzea gune publikoetan».

Debeku horrekin batera, baina, legeak —2005ekoak eta martxokoak— betebehar batzuk ezartzen dizkie administrazio publikoei: «behar beste neurri hartu behar dituzte» diskriminazioa eragozteko eta emakumeek «parte hartzeko aukera eta partaidetza orekatua» izan dezaten, eta ezingo diete jarduera baztertzaileei «inolako laguntzarik eman». Eta beste debeku bat, halaber, administrazio publikoetako ordezkariei: «Ezingo dute ordezkari gisa parte hartu sexuan oinarrituta diskriminatzen duen zein emakumeenganako gorrotoa sustatzen duen ezein kultura jardueratan. Era berean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bilatzen duten jardueretan parte hartzea sustatuko da».

Artikuluon edukia aztertuta, ondoriozta daiteke legea ez dela betetzen Irunen ekainaren 30ean eta Hondarribian irailaren 8an. Batetik, alarde baztertzaileak egitea bera auzitan jartzen duelako arauak, Iñigo Lamarca EAEko ararteko ohiak Alardeak, ukatutako plazara liburuan (Aleka bilduma, 2018) adierazi zuenez: «Legearen interpretazio zorrotza eginez gero, debeka daitezke alarde tradizionalak. Baina berdintasunaren alde jokatu dugun erakundeak oso malguak izan gara. Ez gara muturrera joan, jabetzen garelako zer giro dagoen Irunen eta Hondarribian».

Eta bestetik, bi herriotako udalek ez dutelako konponbide prozesurik abiatu, eta, gainera, alkateek beti egin dietelako harrera desfile baztertzaileei udal ordezkari gisara. Puntu horri buruz azterketa bat eskatu zuen Garbiñe Biurrun epaileak liburu berean: «Alarde tradizionalek jasotzen baitute erakunde publikoen laguntza: zer da, bestela, alkateen presentzia? Alkate batek harrera egiten dionean alarde bati eta besteari ez, bati babesa ematen dio, eta besteari ukatu egiten dio. Hor patrozinio bat dago, ekintza politiko bat: erabaki bat».

Bi udalotan agintean dauden alderdien buruzagitzek eta bestelako erakundeek —Emakundek eta Arartekoak izan ezik— ez diete sekula kritika zorrotzik egin jardun horregatik: berdintasunaren inguruko kontsentsu sozialen eta herri itunen garaian, nahiko oharkabean pasatu da Berdintasun Legea urratu izana hamazazpi urtez, eta, bide batez, milaka emakumeren oinarrizko eskubideak zapaldu izana —sarri jazarpen bortitza erabiliz—. Hala, Hondarribitik kanpo kritika gutxi eragin ditu azken egunotan Txomin Sagarzazu alkateak utzitako irudi batek: konpainia baztertzaile baten entseguan parte hartu zuen iragan asteburuan; aldiz, bezperan ez zen agertu Guztion Alardea mugimenduak udal ordezkariei egindako deialdira. Horri buruzko balorazio zehatzik egin gabe ere, legea defendatu zuen atzo Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak: «Berdintasuna bermatu egin behar da, eta udalek ildo horretan egin behar dute lan».

Instituzioekiko konfiantza abiadura bizian galtzen ari den garaiotan, ez da harritzeko kolektibo zapalduak mesfidati izatea lege berrien inguruan, beteko ote diren dudaz, zerbaitetarako balioko dutela amesteko beldurrez. Izan ere, paperean idatzitakoa gauzatzeko, hitzak eta asmoak baino zerbait gehiago behar da: borondatea, konpromisoa, ausardia, baliabideak. Martxoan onartutako lege berriak ere ez du halakorik ekarri Irunera eta Hondarribira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.