Ugo Mayor.
Koronabirusa. ZIENTZIA PENTSALDIAN

Etsituta?

2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Biologoa izanda, giza soziologiaz hitz egiteko hautu arriskutsua hartuko dut gaurko honetan. Giza jokaeren arloan ezagutza akademikorik inola ere ez dudala, azkeneko egunetan (eta aurreko hilabeteetan ere bai) zabaldu diren zenbait irudiri buruz idatziko dut, hanka sartzeko arrisku handiz, beste edozein herritarrek taberna batean ausardiaz egingo lukeen bezala.

Komunikabide batzuk zenbait herritarron joera arduragabeetan arreta jartzeko ohitura ari dira hartzen berriro ere. Honek zenbait eragin sortzen ditu, nire ustez. Demagun, gizartearen ehuneko txiki-txiki batek (%1 inguru?) horrelako portaerak dituela. Hauek azpimarratuta, gutxitu beharrean, gizartearen gehiengoa, orain arte irmoki ari dena jarraitu beharreko neurri gehienak betetzen, arduragabe bihurtzera ez ote garen bultzatzen beldurra sortzen zait. Ez al da ba egia besteek iruzurra egiten duten irudikapen kolektiboa sortzen denean askoz errazago dela guk ere gure printzipio moralak baztertzea? Gutxiengo hori behar bezala portatzea bultzatu nahi badugu, ez al dago modu hobeagorik? Edo irudi horiek zabaltzeak pandemia honetatik ateratzeko inolako helburu eraikitzailerik ez du, eta ikuslearen arreta bilatzea besterik ez du helburu, eragina edozein izanda ere? Gainera, gutxiengo horrek behar ez bezala jokatu duelako, gizarte osoa gertatutakoaren errudun gisa agerrarazten dugunean irudi horien bitartez, egun bizi dugun neke pandemikoari erregai gehiago ez al gara ari botatzen? Ordea, geroan gauzak okerrera egin ez dezaten, pandemiaren norabidea aldatzeko instituzioen aldetik egin ez diren dozenaka interbentziotan fokua jartzea ez litzateke eraginkorragoa? Gizartearen gehiengoa egin behar duena egiten ari den bitartean, arduraren pisu guztia gainean jartzea ez zait zilegia iruditzen, biktimaren birbiktimazioa bultzatzen duelako horrek.

ZeroCovid estrategia batek porrot egingo zuela esan ziguten hasieratik, jendearentzat sakrifizio gehiegi eskatuko zuelako, eta psikologikoki gogorregia izan zitekeelako. Eta helburu hartara inoiz ailegatuko ez ginen aurreikuspenarekin, frustrazio handiak ekiditeko bide hori ez hartzea gomendatuz ere. Gainera, ekonomiari kalte handia egingo ziolakoan horrelako estrategia batek, askoz eramangarriagoa egingo omen zitzaigun birusarekin bizikidetza.

Orain, alarma egoera erorita,baina pandemia inola ere gainditu gabe oraindik, birusarekin bizikidetzak ze eragin izan duen ari gara ikusten. Nekea eta nagia pilatuta gehienontzat, baita hilerriraino edonor eramateko prest dauden herrikide gutxi batzuk ere. Hartutako bideak ez duelako ez birusa erditik kendu, eta jendeari bizitza ez diolako erraztu. Behin hori agerian geratu dela, birusarekin bizi behar genuela esaten zutenak etsituta agertu dira haien mezua hain ondo zabaldu delarik, eta gutxi batzuei, bide hori hartuta, bizitzarekin aurrera egiteko ondokoei zer gertatu zaien ez zaie axola.

Eta hemendik aurrera zer? Gaur egun ditugun intzidentzia datuekin, berriro txarrera egingo bagenu, gainean etorri ahal zaiguna beldurgarria da. Zaurgarrienak txertatuta dauden arren, azkeneko datuen arabera ehun pertsona kutsatutatik bat hiltzen da oraindik ere, eta ZIUak aurreko olatuetan bezain saturatuta egon dira azkeneko gorakada honetan, eta ez du ematen beste olatu bat egotekotan errazagoa izango denik.

Oro har, hala ere, sentsazioa dut, gizartea bainoago, geure zenbait agintari daudela etsituta. Hala bada, jakin dezatela, gizartearen babesa —bilatuz gero— topatuko dutela, behintzat gauzak hobeago egiteko prest badaude. Hasierako hilabeteetan zenbait herri ekimen sortu ziren modura, musukoak edo pantailak ekoizten adibidez, azkeneko astean Liburu Zuriadeitutako formatuan zenbait arlotatik egindako ekarpena helburu horrekin egina dago. Gizartea, nekatuta egon arren, gure agintariak babesteko prest dago, etsituta jokatu beharrean konponbideak mahai gainean jartzeko prest badaude behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.