Egia bera lubakia denean

Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeko presidente Juana Balmasedak biktima horien aitortzan batzordeak egindakoa goretsi du. Lan hori trabatzeko mekanismoak martxan direla ohartarazi du.

Foro Sozialak antolatutako mahai inguruko partehartzaileak, herenegun, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Aperribai.
Donostia
2022ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Aitortzarako bide bat» zabaldu du Eusko Legebiltzarreko Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak, Juana Balmaseda presidentearen arabera. «Urrats kualitatiboa» da harentzat, lege baten babespean ari baitira lanean. Eusko Jaurlaritzaren Poliziaren Biktimen Legeak zedarritzen du lege esparrua. Haren helburua da 1978 eta 1999 artean «motibazio politikoko indarkeria egoeran» gertaturiko giza eskubideen urraketak aitortzea eta urraketa horien biktimei ordaina ematea. Balmaseda lan horrek egiaren eta aitortzaren bilaketan duen garrantziaz aritu zen herenegun iluntzean Donostian, Foro Sozialak eta Paz con Dignidad erakundeak antolatutako Egia Bilatzeko Tresnak jardunaldian.

Legea 2016an onartu zuten, baina batzordea lau urte geroago hasi zen lanean. Horrek ematen du, Balmasedaren arabera, izandako «oztopoen» neurria. Traba horiek «konstanteak» izan direla azaldu zuen, eta oraindik ere indarrean direla batzordearen lanari balioa kentzera bideratutako mekanismoak. Trabak traba, beharrezkotzat jo zuen batzordeak egiten duen lana: «Ahanzturaren kontrako borroka da, eta memoriaren aldekoa. Ez dago duintasunik memoriarik gabe. Memoria beharrezkoa da, ez soilik hura guztia jasan zuten horientzat, gizarte osoarentzat baizik».

Entzute ariketa

Ahots isilduak eta isiltasunean egotera ohitutakoak jaso dituztebatzordean, Balmasedak nabarmendu zuenez: «Ezin izan dute hitz egin; besteak beste, horrek izan zitzakeen ondorioak oso handiak zirelako».

Baina beste ezaugarri bat ere zamatzen dute biktima horiek: instituzionala den aitortza ororekiko konfiantzarik eza. «Batzuek jo dituzte beste ate batzuk ere, baina ez dira entzunak eta aitortuak izan». Oraingo prozesuan ere badute zalantza, azaldu zuenez, zerbaitetarako balioko ote duen, hortik zerbait jaso ote dezaketen ala instituzioak «zerbait egiten ari dela» erakusteko mekanismo bat baino ez ote den izango.

Eta zer jaso nahiko luketen, hori ere azaldu zuen. Haren arabera, gehiengoak ez du «erreparazio ekonomikorik» edo ibilbide judizialik abiatzerik nahi, gertatu zena ezagutzea baizik, zeina, kasu askotan, eurek ere ez baitakite.

Aipamen berezia egin zien torturei, eta irmo defendatu zuen «inongo kasutan» ezin dela justifikatu: «Oso garrantzitsua da mezu hau barneratzea».

Euskal Herritik kanpoko esperientziak ere jaso zituzten. Guztiek ere lotura zuten gatazka politikoen ondoren egia ezagutarazteko egindako saiakerekin. Kolonbian garatutako Colombia nunca más proiektuaren berri eman zuen Ivan Forero soziologo eta giza eskubideen aldeko ekintzaile erbesteratuak: herrialde horretako hainbat erakundek giza eskubideen urraketak aitortuak izan daitezen egindako proiektua. Brasilgo diktaduran izandako krimenen inguruan egiten ari den bilketa lana azaldu zuen, bestalde, Juliana Dal Piva kazetariak. Herrialde horretan egiaren batzordea eratua dute, baina horri botere politikotik etengabe trabak jarri izan zaizkiola azaldu zuen. Borondate politikoak egiaren eta aitortzaren bidean duten garrantzia agerian utzi zuten haren hitzek. Besteak beste, gogora ekarri zuen Brasilgo diktadura militarrean parte hartu zutenen ondorengoen esku egotera iritsi zela egiaren batzordea. Egun, Lula da Silvaren agintaldian, duela hamarkada bat hasitako prozesua berrabiatzeko aukerak egongo direla espero du. Halakorik ez egiteak dakartzan arriskuez ere ohartarazi zuen: «Ahanzturak arriskuan jartzen du demokrazia. Dena gerta daiteke berriz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.