Historiako icerberg handienetakoa askatu da, Antartikako penintsulan

5.800 kilometro koadroko tamaina du, eta bilioi bat tona baino gehiago pisatzen du. Greenpeacek klima aldaketari egotzi dio askatu izana

2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
5.800 kilometro koadroko —Arabaren tamaina bider bi— eta bilioi bat tona baino gehiagoko iceberga askatu da Antartikako Larsen C plakatik. A68 izenez bataiatutako iceberga astelehen eta asteazken bitartean askatu zen, eta NASA Amerikako Estatu Batuetako agentziako Aqua sateliteak detektatu zuen asteazkenean. Lokabetze honen ondorioz, Larsen C izotz plakaren neurria %12 txikitu da, eta, zientzialarien arabera, Antartikako penintsularen paisaia erabat aldatu du, eta izotz plaka oso egoera ahulean utzi. Swanseako (Gales) Unibertsitateko MIDAS proiektuko ikertzaileak, ordea, ez ditu ustekabean hartu, hilabeteak baitaramatzate icebergaren haustura behatzen. Harridura sortu die, ordea, pitzadurak izotz blokea guztiz askatzen hartu duen «denbora luzeak». Arraila hamazazpi kilometro handitu zen maiatzaren 25 eta 30 bitartean, urtarriletik ia mugitu gabe egon eta gero. Ekainaren 24 eta 27 bitartean azkartu egin zen haustura, egunero hamar metro handituz.

Orain airean dagoena icebergak hartuko duen norabidea da. «Inoiz egon den haustura handienetakoa da, eta zaila da bere etorkizuna zein izango den zehaztea», esan du Adrian Luckman MIDAS proiektuko ikertzaileak. «Pieza bakar batean jarraitu dezake, baina litekeena da zatietan apurtzea. Zati batzuk inguru horretan mantendu daitezke hamarkadetan, beste batzuk iparraldeko ur epelagoetara irits daitezkeen bezala», gaineratu du.

Hala ere, gehiago kezkatzen ditu aditu batzuk Larsen C izotz blokearen egoerak, icebergak berak baino. Larsen A eta B izotz blokeek izan zuten patu bera edukitzeak beldurtzen ditu. Bi izotz bloke horiek 1995ean eta 2002an desegin ziren, icebergak askatzearen ondorioz. «Horrek glaziarren azelerazio lazgarria ekarri zuen, ozeanoan izotz bloke handiagoak sartu ziren, eta itsas maila handiagotu zen» jakinarazi du David Vaughan Antartikako Britainiar Ikerketako zientzia zuzendariak: «Larsen C azkenean desegiten bada, itsas mailaren handiagotzea jasango dugu». Luckmanek ere ez du garbi ikusten izotz blokearen etorkizuna: «Gure modeloek adierazten dute gutxi gorabehera egonkor mantenduko dela, baina kolapsoren bat izan dezakeela hurrengo urte edo hamarkadetan». Anna Hogg Leedseko Unibertsitateko (Ingalaterra) glaziarren satelite bidezko behaketan adituak ozeanoan flotatzen dagoen icerberga «gin-tonic-ean izaten ditugun izotz puskekin» alderatu du, «ur gainean daude, eta, urtzen diren heinean, ez da edalontziko bolumena aldatzen».

Klima aldaketagatik ala ez

Icebergaren hausturaren harira, Paul Johnston Nazioarteko Greenpeaceko Unitate Zientifikoko zuzendariak salatu du atzean aldaketa klimatikoa dagoela. «Antartika urtzea aldaketa klimatikoak dakartzan arriskuen adierazle larriena da. Haustura hau urteko hirugarrena da, segur aski klima aldaketak mundu mailan duen inpaktuaren eta Parisko Akordioa lehenbailehen ezartzearen beharraren seinale», adierazi du. Zientzialariek, ordea, beste iritzi bat dute. Larsen A eta Larsen B desegitea klima aldaketari egotzi zioten, baina Helen Fricker Scripps ErakundeOzeanografikoko irakasleak azpimarratu du glazialari gehienak ez daudela kezkatuta, eta gertatu dena «eguneroko ogia» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.