Ondare eta oinordetzen zergak. Ignacio Zubiri. EHUko katedraduna, Ogasun Publikoan aditua

«Ondare zerga kenduta, irabaziko duten bakarrak aberatsak izango dira»

Zubiriren ustez, ondare eta oinordetzen zerga kentzeak ez du sortuko jarduera edo enplegu gehiago, eta sinetsita dago aberatsek gezurrezko argudioak darabiltzatela. Zerga erreforma zenbakiak jarrita egitea nahi du.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Euskal zerga sistemari buruzko aditurik handienetako bat da Ignacio Zubiri. Galderarik ere ez du behar izan; aberastasuna, multinazionalen boterea, zerga saihestea, desberdintasun sozialak, meritokrazia, demokrazia… Hitzordurako Starbucks kafetegi bat aukeratu izanak berehala eraman du solasaldia mamira, eta Zubiri zenbatzen hasi da aberastasunaren gaineko zergei buruz esaten diren gehiegikeriak, uste okerrak, gezurrak.

Ogasun Publikoko EHUko katedradunaren ustez, zerga guztien inguruan zabaltzen dira gezurrezko mantra bertsuak. Halakoak entzuten ari dira azken asteetan Euskal Herrian ere; hain zuzen, mantra horiek are gehiago erabiltzen direlako aberastasunaren gaineko ondare zergaren eta oinordetzen zergaren kontra. «Tranpa da muturreko egoerak aurkeztea; gero, jendeak, intuizioz, egoera horiek batezbestekoak direla pentsa dezan».

Tranpak

«Laffer -en kurba da iruzur horietako bat». Azken hamarkadetan munduan zergak jaisteko argudio nagusia eman duen teoriaz ari da Zubiri. «Modelo horren arabera, zerga tasa marjinal handiegiak jartzen badituzu, jendeak utzi egingo dio lan egiteari [eta, horren ondorioz, diru gutxiago bilduko da zergatan]. Jakina, %100 zerga tasa jartzen baduzu, irabazitako guztia zergatan ordaindu behar baduzu, muturreko egoera horretan, bai, beteko da modeloa; baina %60ko zerga tasarekin? Ezin da modeloaren muturrean gertatzen dena beste egoera guztietara estrapolatu».

Ahoberokeria bera ikusten du ondare eta oinordetzen zergek eragin ditzaketen deslokalizazioen inguruan. «Intuitiboki, pentsa dezakezu zerga horiek oso handiak badira jendea deslokalizatu egingo dela. Baina hori ez da egia. Azkenean, magnitude kontu bat dago hor: hemengo zergadunari auzokoarena baino 40 aldiz handiagoa den zerga jartzen badiozu, eta zergadunak pentsatzen badu horrek luzaro iraungo duela, agian, bai, aldatuko da lekuz. Baina aldea %10 edo %5 bada soilik, agian ez da lekuz aldatuko; besteak beste, bizitokiz aldatzeak kostu pertsonal eta ekonomikoak ere badituelako».

Zubirik «deslokalizazioaren arazoak esajeratzeko joera onartezina» ikusten du. «Joera hori dago aberatsei hori interesatzen zaielako; haiek diote zerga bat jarrita enpresak itxi egingo direla, beste toki batera joango direla, eta horrela lortzen dute zergak jaistea».

Izan ere, EHUko ekonomistaren ustez, «gaurko aberastasunaren gaineko zerga mailekin —ondorengotza eta ondare zergan— ez da sinesgarria deslokalizazio nabarmenik dagoenik. Beste kontu bat da beste arrazoi batzuengandik aldatutako baten batek esatea zergengatik joan dela; edo norbaitek itxurazko deslokalizaziobat egitea. Baina, Espainiako eta EAEko egungo zerga egiturekin, deslokalizazioena ez da sinesgarria, besteak beste, bi materietan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tasak txikienetakoak direlako».

Datu gabeko zerga sistema

Zenbat jende joan da zerga txikiagoen bila? «Gipuzkoan aberastasunaren gaineko zerga zegoenean hainbeste joan zirela esan zen. Lehen joaten ziren, eta orain ez? Eta Bizkaian bai? Nik ez dut esango gezurra denik joan direla, baina froga dezatela, gardentasunez joka dezatela. Zerga datuekin badago halako patrimonialismo bat... Daturik gabeko zerga sistema daukagu. Oso aurreratuak gaudela esaten da beti, baina EAEn zerga erreformak iritzi jakin batzuetan oinarritzen dira soilik».

«Sozietate zerga jaisteko, non dago egiaz enplegu gehiago eta jarduera ekonomikoa handituko dela azaltzen duen memoria ekonomikoa? Herrialde zibilizatuetan erreformak memoria ekonomiko batekin joaten dira, non azaltzen duzun zergatik den aldaketa, zenbat kostatuko den edo zer irabaziko den. Eta esaten baduzu enplegua sortuko dela, kalkulu bat egin beharko duzu».

Datuetan oinarritu beharrean, fedean oinarritzeari buruz harago doa Ignacio Zubiri: «Aspaldi eskuinak esaten zuen zenbait onura sozial ez zirela eman behar. Orain konturatu dira hori esateak ez duela botorik ematen, eta esaten dute baietz, doako hezkuntza, osasuna eman behar direla, baina, sistemak hori egin ahal izateko, jaitsi egin behar zaizkiela zergak aberatsei. Eskuinaren argudio nagusia da pobre bati gerta dakiokeen onena dela aberatsei zergak jaistea. Hori da argudioa azken buruan: zergak jaistean horrenbesteko oparotasun ekonomikoa sortuko da, askoz diru gehiago bilduko baita. Baina ez dugu geure burua engainatu behar ergelkeria horrekin. Sinesten duzu enpresaburu bati sozietate zerga jaisten badiozu gehiago inbertituko duela? Kontratatzeko pizgarri bat ematen badiozu gehiago kontratatuko duela?».

Lehia, Madrildik

Hala ere, datu bat egon badago zergen auzi honetan: Madrilek eta Errioxak zerga txikiagoak dituzte. «Ahal dutelako. Efizientzia gisa aurkezten dute, baina zerga txikiagoekin gehiago biltzen badu Madrilek, ez da horrela ekonomia sustatzen duelako, baizik eta hiriburua delako. Hiriburutzak eragina du enpresen finkatzean, eta, hiriburutzari esker,hainbat kontu Madrilen inputatzen dira. Bestalde, Errioxa da Espainian gehien gainfinantzatutako erkidegoetako bat».

Hala ere, Zubirik azpimarratu du EAEn bertan ere ondare eta oinordetzen zergak ez daudela erabat harmonizatuak: «Gipuzkoak biak zertxobait handiagoak ditu; Bizkaiak txikienak; eta Arabak erdizka. Diru bilketan Gipuzkoak gutxi gorabehera, beti %32ko pisua izaten du; baina oinordetzen zergen diruen %40 biltzen ditu, eta %45 ondare zergetan. Ez dira sekulako diferentziak. Baina ondare zergan Gipuzkoan minimo salbuetsia 700.000 euro da, eta beste bietan 800.000 euro; gainera, bizkaitarren tasa puntu erdi txikiagoa da. Orduan, nola ez doaz denak korrika Bizkaira?».

Beste datu bat: Europako Batasunean herrialde bakarra dago—zentzu hertsian— ondare zerga duena. «Espainia», dio Zubirik, eta argitu du beste herrialdeetan badaudela aberastasunaren gaineko zergak, baina batzuetan soilik higiezinen gainekoa dela —Frantzia—, edo ez-egoiliarren aktiboak zergapetzen direla —Italia—. Baina ondare zerga kentzearen oinarrian beste gezur bat dago. «Edo erdi gezur bat, nahi baduzu. Diote ondare zerga oso zaila dela administratzea, aberatsek saiheste modu asko dituztela, eta, horren guztiaren ondorioz, biltzeko kostu handiak dituen zerga dela, azkenean klase ertainaren gainean ezartzen zela haren pisua; zerga horrek ez zituela bere funtzioak betetzen, ez dirua biltzeko ezta birbanatzeko ere. Ados, horri begira, norbaitek esan lezake, bada, erreformatu ditzagun aberastasunaren gaineko zergak. Baina ez da hori gertatu, kendu egin dira».

Desberdintasunak

Baina ondare zergak eta aberastasunaren gaineko zergak kendu edota apaldu direla, errenta tasa marjinalak murriztu direla, teknologia berriekin eta ekonomiaren egungo garapenarekin, ezberdintasun ekonomikoen eta sozialen hazkunde bat gertatzen ari da, aberastasunaren eta errenten kontzentrazio gero eta handiagoekin. «Ez duk nik esaten, OCDEk dio, Credit Suissek dio, Oxfamek... AEBetako ontasunak goraipatzen dituztenek jakingo dute 80eko urteetatik %1 aberatsenek poltsikoratu dutela herrialde horretan sortutako aberastasunaren %80. Horiek ikusita, badago mugimendu akademiko bat ondarearen gaineko zerga berreskuratzearen aldekoa, baina oihartzun mediatikoa badute ere, garrantzi politiko txikia dute. Eta aberatsek botere handia dute».

Demokrazia arriskuan

Zubiriren ustez, arrazoi onak daude ondare zergak berreskuratzeko, eta, aldiz, ez dago arrazoirik zerga hori ezabatzeko, ezta ekonomikoa ere. «Arrazoi bakarra da aberatsek ez dutela zergarik ordaindu nahi. Baina, aberastasunaren kontzentrazio maila hori demokraziaren beraren muinaren kontra doa. Multinazionalek eurek erabakitzen dute sozietate zergaren ordainketa, zerga digitalak... Eta harago, pertsona zehatzek demokrazia deusezta dezakete, herrialdeak euren ongizate ereduak baztertzera bultzatu...».

«Argudio ekonomikoak noizbait haztatu beharko dira ekitatearekin!», esan eta arrazoi ekonomikoak muturrera eramateko jolasarekin ekin dio Zubirik: «To, argudio ekonomiko bat: nik bihar bertan desegingo dut langabezia; kendu gutxieneko soldata, kendu gizarte laguntza guztiak, eta jendeak, 300 eurogatik lan edo hil, ez du beste aukerarik izango. Hori da helburua?».

EHUko katedradunak dio zerga ereduak herrialdearen eredu sozialarekin koherentea izan behar duela. Eta ez dela tranparik onartu behar. «Bihar ondare zerga kentzen badute EAEn, zer irabaziko dugu? Enplegu gehiago izango da? Ez. Zerga bilketa handiagoa? Ez. Bihar ondare zerga kenduta irabaziko duten bakarrak aberatsak izango dira; eta berdin oinordetzen zergekin. Zerga erreforma bat egin nahi dutela? Bada, egiazko eztabaida publiko bat egin dezatela, zenbakiak jarrita; ez parranda mistikoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.