Espainiako Gorteetarako bozak. Gobernabidea

LEHEN APUSTUA, KARTA BAKARRA

Sanchezek kolore bakarreko gobernuaren alde egin du, eta hizketetan oinarrituriko legealdia lehenetsi nahi du. UPk estu hartuko du ezkerreko koalizio bat osatzeko; C's-ekin ados jartzea izango du beste aukera bat. Kataluniako alderdi independentistekin ere negoziatu beharko du.

LEHEN APUSTUA, KARTA BAKARRA.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Egin du hautua Pedro Sanchezek: bakarrik gobernatzeko karta erabili du. Pablo Iglesias behin eta berriz aritu zaio asteon koalizio gobernu baten eske, baina PSOEko idazkari nagusiak ezezkoari eutsi dio. Hamar hilabetez 84 diputaturekin gobernatu badu, zergatik ez gehiagorekin? Ideia horren inguruan gotortu da Sanchez iragan igandeko emaitzak jakin zituenetik: PSOE 84 eserlekutik 123ra igaro da, eta 7,5 milioi boto lortu ditu, 2016an baino ia bi milioi gehiago. Nahikoa argudio, kolore bakarreko exekutiboaren apustua defendatzeko; Iglesiasentzat, baina, koalizio bat «ezinbestekoa» da. Gehienez, Sanchezek «lehentasunezko bazkidea» izatea eskainiko dio Unidas Podemosi (UP) datorren legealdian, eta asmo hori baieztatu dute haren hurbileko laguntzaileek. Carmen Calvo Espainiako jarduneko presidenteordeak, kasurako: «Uste dugu abiatu dugun formulan jarrai dezakegula». Jarduneko Sustapen ministro eta PSOEko Antolakuntza idazkari Jose Luis Abalosek ere bide beretik jo du asteon: «Lehen indarra izanik, errespetatu behar digute gobernu sozialista bat izatea. […] Logikoa da pentsatzea Unidas Podemosekin akordio pragmatikoak izan ditzakegula». Itun horietan, ordea, ez dirudi koalizio baterako tokirik dagoenik. Datozen asteotan, beraz, Sanchezen asmo horretan egongo da jarria arreta; baina ez da haren jokaldi bakarra izango, beste karta batzuk baititu esku artean: publikoki iritzia aldatu, eta UPrekin koalizio gobernu bat osatzea, edo Ciudadanos (C's) alderdiarekin saiatzea. Karta aldatzea edo kartak gehitzea, hurrengo jokaldia egutegiaren araberakoa izango da.

Ezohiko egoera da Espainiakoa, hilabete eskaseko epean hiru hauteskunde baitituzte. Batetik, iragan igandean egindakoak; eta, bestetik, hilaren 26ko hitzordu bikoitza: udal eta erkidegoetakoak, eta Europako Parlamentukoak. Horren ondorioz, Gorteetarako bozen kanpaina amaitu den arren, alderdiek kanpainan jarraitzen dute, igandeko emaitzen arabera orain arte izan duten joeran sakonduz ala norabidea guztiz aldatuz. Horregatik, PSOEren kasuan ez dago presarik: «Emaitza onak lortu ditugu, eta ez dugu presarik [gobernuari buruzko] erabaki bat hartzearen inguruan», esan du asteon Cristina Narbona alderdiko presidenteak. Finean, lehenik datozen bozetan arrakasta lortu, A-28ko joera sendotzeko, eta gero gerokoa; jarrera horrekin ari da jokatzen Sanchez, Espainiak hauteskunde zikloan jarraitzen duelako. Eta hori erabakigarria izan da erabiliko duen lehen kartaren hautuan, Jose Fernandez-Albertos Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Goreneko (CSIC) politologoaren iritziz: «PSOErentzat, balizko koalizioekin erakutsi duen anbibalentzia hori da mesede handiena egiten diona, eta arazo gutxien sortzen dizkiona bere hautesleekiko. Kanpainan erabili duen zentraltasun jarreraren parte da, oraindik hauteskunde batzuei begira baitago. Estrategia puntu bat bada ere, M-26ko bozetara arte. Dituen aukerak aztertuta, errazena edo erosoena da bakarrik gobernatu nahi izatea, proposamenak defendatzeko eta agenda zehazteko».

Zalantzarik gabe, hauteskunde horiek zehaztuko dute Sanchezen apustuak bide luzea egingo ote duen. Silvia Claveria Madrilgo Karlos III.a Unibertsitateko irakasleak ohartarazi du estrategiak desberdinak izango direla M-26aren aurretik eta horren ondoren, eta horregatik errealitatearekin lotura handiagoa izango dutela M-26aren osteko hitzek eta asmoek: «Egun horretara arte dioena kanpainari begirakoa izango da».

PSOEren ikuspuntua

Gobernu koalizio bat osatu ala ez, Espainiako jarduneko presidentea gainontzeko alderdiekin hitz egitera behartuta dago. 123 diputatu ditu, eta, beraz, 53 diputatu falta zaizkio 176ko gehiengo osora iristeko; hori, inbestiduraren lehen bozketan, bigarrenean aldeko boto gehiago beharko baititu kontrako baino. Eta, beraz, kasu horretarako abstentzioak negoziatu beharko ditu. Claveriak uste du gainontzeko alderdien eskarien eta jarreren araberakoa izango dela Sanchezen estrategia, eta orain arteko asmoekin jarraitzeko erabakia.

Fernandez-Albertosentzat, egungo egoera «pixka bat hobea» da iazko zentsura mozioaren ostekoarekin konparatuz gero, eta horrek ahalbidetuko dio balizko aliatu gehiago izatea gobernabideari begira: «Tarte handiagoa du, eskuineko blokea [PP, C's eta Vox] 148 diputatura iristen delako, eta bloke horretan ez dauden alderdiak abstenitu daitezen konbentzitzeko». Zientzia politikoetan erabili ohi den gutxieneko koalizio garailea kontzeptua erabili du hori azaltzeko: «Zein den lege bat aurrera ateratzeko behar duzun gutxieneko alderdi kopurua. Horri ematen zaio lehentasuna alderdi asko behar direnean».

C's-en aukera

Helburua, beraz, inbestidura eta gobernabidea bermatzeko ahalik eta alderdi gutxiagoren babesa lortzea da, eta, aldi berean, indar horien babesa ahalik eta handiena izatea. UPk 45 diputatu ditu egun, 26 galdu baitzituen iragan igandean, baina PSOE-UP batura gehiengo osotik hurbil geratzen da, kopuru hori gainditu gabe. Zenbakiei erreparatuz gero, PSOE-C's litzateke apustu segurua: 180 batuko lituzkete bien artean, eta Sanchezek alderdi bakar batekin luke segurtatua inbestidura. Arazoa zera da: Mariano Rajoyren aurkako zentsura mozioaz geroztik urrundu besterik ez direla egin bi alderdien arteko jarrerak.

2015eko hauteskundeen ostean adostasun batera heldu ziren arren, Claveriak uste du orainC's-ek ez duela interesik PSOErekin ados jartzean, Sanchezen alderdiak hori egitea begi onez ikusiko lukeen arren: «[Albert] Riveraren alderdiak arreta gauza bakarrean du jarria: PP gainditzea, eskuinean sorpasso-a gauzatzea». Hau da, Iglesiasek 2015ean ezkerrean lortu ez zuena eskuinean lortzea; PP bigarren indarra izan zen igandean, baina sekulako boto galera izan zuen, 137 diputatu izatetik 66ra jaitsi baitzen. C's hirugarrena izan zen, 34 ordezkaritik 57ra igota, eta Pablo Casado buru duen alderditik 219.423 boto eskasera geratu zen.

Hori kontuan hartuta, Fernandez-Albertos Claveriaren iritzi berekoa da, eta hark ere ia ezinezkotzat jo du PSOE-C's koalizioa: «Ciudadanosek ez du PSOErekin lan egiteko gogorik, nahiago du oposizioko alderdi hegemonikoa bilakatu. Edozein akordiok irudi horri kalte egingo lioke, eta PP hondotik aterako luke. PSOEn askoz erosoago daude Ciudadanosekin Podemosekin baino, establishment-arentzat formula hori zentzudunagoa da, eta arazo gutxiago emango lituzke. Baina Ciudadanosek ez du interesik estrategia horretan inbertitzeko. Blokeatzen arituko da, laguntzen baino». Are, Claveriaren iritziz, Riveraren alderdiak abantaila batekin jokatuko du Casadorenaren aurka, mezu zehatz bat zabalduta: «PPk ustelkeria asko duela, eta Ciudadanos izango dela zentro-eskuina leheneratzeko gai izango den bakarra. Hau da, alderdi garbia dela argudiatzea». Hauteskunde gauean bertan, Riverak bere burua oposizioko buruzagitzat jo zuen.

UP, zer baldintzatan?

C's-ren karta apustu zaila izanik, bakarrik gobernatzearen edo ezkerreko koalizioa osatzearen kartak geratuko litzaizkioke Sanchezi. Eta bi kasu horietan UP erabakigarria izango litzateke. Ikusteko dago, baina, zeintzuk izango diren Iglesiasen eskariak eta baldintzak; Podemos alderdiak bihar aztertuko ditu hauteskundeen emaitzak, eta hitzordu horretatik atera litezke lehen zantzuak, Podemosen idazkari nagusia etzi batzartuko baita, Moncloan, Espainiako jarduneko presidentearekin.

Badirudi orain arteko joerari eutsiko diola UPk, eta ezkerreko gobernu bat osatzeko presio egingo diola Sanchezi. «Jarraituko dute esaten koalizio hori babestu nahi dutela, eta baldintza dela gobernu horren parte izatea, udaletako eta erkidegoetako hainbat gobernutan gertatzen den bezala», uste du Fernandez-Albertosek. 2015eko negoziazioak ekarri ditu gogora jarrera hori azaltzeko: «Podemosen parte handi bat konturatu da 2015eko jarrera ez zela egokiena izan, ez alderdiarena, ezta Iglesiasena ere. Aurten, Podemosen aldeko boto pragmatikoa ezkerreko gobernu bat erraztearen aldekoa izan da. 2015ekoa errepikatzeak alderdia minduko luke; horrek azaltzen du iazko zentsura mozioaren alde hain gogotsu izatea».

Halere, CSICeko politologoak uste du datozen asteotako jarrera izango dela giltzarri: «Zenbateraino doazen Podemosen erabakiak eta adierazpenak egungo jarrera sakontze aldera, hau da, eraikitzaileak izatera eta gobernu hobe bat erraztera. Hori, edo 2015ean gertaturikoaren antzekoa ikusiko dugu, eta epe ertainera begira arituko dira, hemen eta han puntuak lortuz, gobernu horren osaketa zailtzen». Estrategia horretan, Claveriak uste du UPk ez duela «interesik» Sanchezi gobernabidea «doan» emateko, ez zaiolako komeni gobernabidean kanpo geratzea: «[Iglesiasek] Kanpainan esan du garrantzitsuena ez dela diputatu kopuru handia izatea, baizik eta eragina izatea gobernabidean. Eta gobernuan egotea». Bide horretatik mintzatu da asteon Podemoseko Irene Montero, RNE irratian: «Unidas Podemosek egonkortasuna emango lioke gobernuari. Orain garrantzitsuena gobernu plan bat osatzea da, eta PSOErekin hizketak abiatzea».

Erronka garrantzitsua eta zaila du aurretik Podemosek. Zer erabakik eta estrategiak egingo dion mesede, hori erabakitzeko asteak dituzte aurretik, gobernabidearen jokoan alde batera edo bestera egiteko. Claveriak uste du bi aukera dituztela: alderdia berriz eraikitzea, exekutiboan «korronte guztiak» integratuz, edo helburua bada epe laburrera galdu duena baino gehiago ez galtzea, gobernuan sartzea eta eragina izatea. «Hari fin bat dago, gobernuan sartzen bada. Gobernuan dagoelako oposizioa egiteko aukerarik ez izatea, baina aldi berean nahikoa independente edo ikusgai izatea bere politikak sustatzeko, eta hori egin izanaren arrakasta bereganatzeko. Horregatik, UPri ez zaio komeni Sanchezi inbestidura doan ematea, ezin duelako gobernabidetik jokoz kanpo geratu. Azkenean gobernuan sartuko ez balitz, hizketetan presio egingo lioke neurri sozialagoak susta ditzan».

Negoziazio horietan, Fernandez-Albertosek uste du PSOEk kontrako jarrera izango lukeela: «Podemosekiko ahalik eta dependentzia gutxiena izan nahiko du. Eta hori gobernuaren osaketan ikusiko da: nor sartuko den exekutiboan, eta zer soslai izango duten. Halere, biak batuta ez dira 176ra iristen, eta horrek esan nahi du negoziazio gehiago beharko dituztela, EAJrekin, ERCrekin, Bildurekin, edo beste batzuekin. Eta alderdi horien beharra izateak eragina izango du gobernuaren osaketan. Uste dut hori ez dela kontuan hartzen, PSOEren eta UPren arteko adostasunak eragina izango duela inbestiduran eta gobernabidean».

Kataluniako alderdiak

Rajoyren aurkako zentsura mozioan, Sanchezek UPren, Compromisen, Esquerra Republicanaren (ERC), Alderdi Demokrata Europar Katalanaren (PDeCAT), EAJren, EH Bilduren eta Nueva Canariasen aldeko botoak jaso zituen, eta boto horien beharrean egon zen azken legealdiak iraun zuen hamar hilabeteetan. Kataluniako gatazka politikoa konpontze aldera eman zioten babesa ERCk eta PDeCATek, baina Espainiako jarduneko presidenteak ez zituen bete alderdi horien aurreikuspenak; horren harira iritsi ziren aurrekontuei emandako ezezkoak, eta Gorteetarako bozak aurreratzeko erabakia.

Katalanek bi mezu bidali dizkiote Sanchezi: batetik, hiru alderdi bozkatuenak elkarrizketaren aldeko indarrak dira, jarrera moderatua dutenak; eta, bestetik, independentismoak inoizko emaitzarik onenak lortu ditu Espainiako Gorteetarako bozetan. Oreka hori kontuan hartu beharko du negoziazioetan, eta Kataluniako gatazka politikoari irtenbideak emateko eskaintzetan. «Katalunian pragmatismoaren alde egin dute. Negoziaziorako eta aitortzarako eskaria dago, eta jarrera irekiagoa elkarrizketarekiko eta akordioetara iristearekiko», uste du CSICeko politologoak.

Oraingoz, Sanchezek ez du hitzordurik finkatu ERCrekin. PSOE-UP-ERC balizko adostasunak gehiengo osoaren kopurua gaindituko luke inbestiduraren lehen bozketan —180 diputatu—, baina alderdi errepublikanoaren babesa ez du doan izango. «Gauza bat hartu beharko da kontuan. Zenbateraino ERCk bere eskari maximalistak bideratu ditzakeen eskari moderatuagoetara, edota jarrera pragmatikoago batera. Uste dut ERC gai dela pauso hori emateko».

Karlos III.a Unibertsitateko irakasleak ere onuragarritzat jotzen du bide hori: «Orain Katalunia ezkertiarragoa da, eta independentistagoa. ERC saiatuko da presoen indultua lortzen, edo justiziaren errepresioa lausotzen. Finean, gobernutik zer edo zer atera dadila presoen egoera hobetzeko; fiskalak edota Estatuaren Abokatutza aldatzea, esaterako. Eta gero, legealdi erdian edo, berriz itzul liteke independentzia erreferenduma eskatzera, gatazka politikoari irtenbidea ematera. Uste dut preso politikoen egoeran jarriko duela arreta hasieran».

Presio handia izango du Espainiako jarduneko presidenteak presoen auzian. ERCko Oriol Junqueras, eta Junts per Catalunyako (JxC) Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull diputatu hautatu dituzte eta Raul Romeva senatari—, eta ikusteko dago Auzitegi Gorenak diputatu akta hartzeko baimena emango dien. Beste kontu bat izango da zer gertatuko den immunitatearekin, eta diputatu lana egiten utziko dieten; hori ere jokoan egongo da PSOEren eta ERCren arteko negoziazioetan. «Irudi hori potentea izango da eta, zalantzarik gabe, inbestidurarako negoziazioetan eragingo du. Presio egingo dio Sanchezi», uste du Claveriak.

Fernandez-Albertos ez da iritzi berekoa. Uste du gertakari horretaz hitz egingo dela Espainian, baina presioa ez dela hainbestekoa izango: «Voxek Bartzelonan egin zuen manifestazio bat. Kataluniako independentismoak, Madrilen. Espero ez genituen gauza asko gertatu dira, eta Espainiak bere horretan jarraitzen du».

Presioa, etortzekotan, JxCtik etor liteke. Bi elkarrizketatuek uste dute egun ERCk betetzen duela jarrera moderatuaren rola Kataluniako sektore independentistan, eta horregatik Carles Puigdemont Kataluniako presidente erbesteratuaren alderdiak ez duela moderaziorako biderik hartuko, hilaren amaierako bozetan emaitza txarrak lortzen baditu ere. Gobernabidearen negoziazioetan, alderdi horrek beteko luke jarrera gogorragoaren rola. «Euren buruari ematen diote errepublika nahi izatearen ideia, eta ERC traidoreagotzat ikustearena. Horregatik, printzipioz moderatzeari uko egingo diote. [Gorteetarako] Kanpainan ikusi dugu Laura Borras mezu gogorrekin, askotan soilik katalanez hitz egiten, eta PPko Cayetana Alvarez de Toledoren aurka gogor egiten. Rol gogorragoa du JxCk. Gainera, ez zaio komeni estrategia aldatzea», Claveriaren iritziz. Baina, Puigdemonten alderdiaren kasuan, Sanchezek maniobrarako tarte gutxiago du, PSOE-UP-JxC batura ez litzatekeelako gehiengo osora ailegatuko.

Eta ikusteko dago ere Kataluniako bi alderdi independentista horiek zer egingo duten behin-behinean preso dauden diputatu hautatuekin. Akta hartu bai, baina lan egitea debekatzen badiete, independentismoak mahai gainean du eserlekuak hutsik uztea. 350 diputatutik 346ra igaroko litzateke Espainiako Kongresua, eta gehiengo osoaren kopurua 176tik 174ra jaitsiko litzateke.

Halere, Sanchez behartuta dago UPrekin eta gutxienez alderdi katalan independentistekin negoziatzera, bakarkako gobernu bat edo PSOE-UP koalizio bat osatzea erabakitzen badu. ERC eta JxC, beraz, erabakigarriak izango dira Espainiako gobernabidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.