Venezuela. Hugo Chavezen heriotza

Hego Amerikak sentitu du

Bizirik zegoenean bezalaxe, hil ostean ere denetariko erreakzioak eragin ditu Chavezek: bidelagun ohiek haren ekarpenak txalotu dituzte; aurkariek «trantsizioa» ibili dute ahotan, lasaitua hartuta.

Samara Velte.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Iparraldean kosta egiten da Venezuelako irudiak ulertzea: herritarrak nola atera diren negarrez kalera, hildako presidentearen galerak nabarmen hunkituta. Iraultza bolibartarrarekin bat egin duten Hego Amerikako herrialdeek ere sentitu dute samina, eta Chavezek proiektu horri egindako ekarpena nabarmendu dute. Latinoamerikako hainbat lekutan hiru egunerainoko dolua deitu dute, baita inperialismoa etsaitzat duten beste herrialde batzuetan ere —Iranen, esaterako, gaur egingo dute—. Euren burua demokratikotzat duten Mendebaldeko estatu gehienek, ordea, epel erantzun dute; batzuek «diktadore» ere deitu diote hildako liderrari. «Trantsizio demokratikoa» aipatu dute, eta hemendik aurrera Venezuelako Gobernua beraiekin adeitsuagoa izango den esperantza dutela esan dute.

EVO MORALES Boliviako presidentea

«Euren askapenaren alde borrokan diharduten herrien inspirazio izaten jarraituko du»

Evo Morales Boliviako presidenteak Latinoamerikako herrien arteko elkarlana eskatu du, Chavezen proiektuari euste aldera: «Chavez kideari egin diezaiokegun omenaldi onena batasuna eta batasuna da, batasuna duintasunagatik borroka egiteko, batasuna munduko herrien alde lan egiteko». Bolivia bezala ALBAko kide den Ekuadorrek ere adierazi du Chavezen heriotzarekin «eskualde osoak» galduko duela.

JUAN MANUEL SANTOS Kolonbiako presidentea

«Haren mugarik gabeko konpromisoari zor diogu bake prozesuan aurrera egin izana»

Kolonbiako Gobernuaren eta FARC Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen arteko negoziazioetan, Chavezek egindako bitartekari lanen garrantzia ekarri du gogora Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak: «Haren ametsa egi bihurtzea zor diogu: gatazka amaitzea eta Kolonbia bakean ikustea. Berak zioen hori nahiko zukeela Bolivarrek, eta arrazoi osoa zeukan». Venezuelan «trantsizio baketsu eta demokratikoa» gerta dadin, Bogotaren babesa adierazi du Santosek.

FARCek, berriz, bat egin du «Venezuelaren min sakonarekin», eta «garaipeneraino, iraultza bolivartar ederrarekin» jarraitzeko deia egin du.

JOSE MIGUEL INSULZA AEEko idazkari nagusia

«'Caudillo' bat zen, baina ez diktadore bat; hauteskunde guztiak irabazi zituen»

Euren arteko harremana inoiz ona izan ez den arren, aski leundu ditu hitzak Jose Miguel Insulza AEE Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak: Chavez «caudillo» bat zela esan du, baina ez diktadore bat, «hauteskunde guztiak irabazi baitzituen». Desadostasun handienak ekonomian zituztela gogoratu du. Chavezek «alproja» eta «inperioko erregeorde» deitu zion.

JOSE MUJICA Uruguaiko presidentea

«Inoiz ezagutu dudan agintari eskuzabalenaren heriotzak min handiagoa egiten du»

Jose Mujica Uruguaiko presidenteak triste hitz egin du: «Inoiz ezagutu dudan agintaririk eskuzabalena dela esan izan dut; haren heriotzak min handiagoa egiten du». Cristina Fernandez Argentinako presidentea eta bera Venezuelara abiatu dira. Fernandezek ez du adierazpenik egin prentsaren aurrean, baina Argentinan hiru eguneko dolua egingo dute.

BARACK OBAMA AEBetako presidentea

«Venezuelaren historiako beste kapitulu bat hasi da»

Venezuelaren eta AEBen arteko harremanak okerrera egin du azken urteotan: elkarren enbaxadarik ere ez dute. Etxe Zuritik, doluminak igorri ditu Barack Obama presidenteak, baina ez du negatibotzat jo albistea: «Venezuelaren historiako beste kapitulu bat hasi da». Hemendik aurrera, bi herrialdeen artean «harreman eraikitzaile bat» sortzea espero du.

Gogor mintzatu dira AEBetako hainbat kongresista errepublikano: poza adierazi dute, Chavezek «kolokan» jartzen zuelako eskualdeko egonkortasuna.

HERMAN VAN ROMPUY Europako Kontseiluko presidentea

«Venezuelako garapen soziala eta integrazioa nabarmendu behar dira»

Europako Kontseiluak eta Batzordeak elkarrekin atera dute komunikatua, Herman Van Rompuy eta Jose Manuel Durao Barroso presidenteek sinatua. Chavezen ekarpen nagusiak «garapen soziala eta integrazioa» izan dira, haien hitzetan. Europako Parlamentuko ezkerreko taldeak «justiziaren eta berdintasunaren aldeko borroka» gogoratu du.

DMITRI MEDVEDEV Errusiako lehen ministroa

«Venezuelaren mesederako izan da, eta berdintasunaren aldeko borrokaren adibide»

Errusiatik esker oneko hitzak baino ez dira iritsi. Dmitri Medvedev lehen ministroarentzat, «Chavezen bizitza osoa Venezuelaren mesederako borrokaren adibide garbia da, justiziaren eta berdintasunaren alde». Vladimir Putin presidenteak indarra opa dio Venezuelari, «errepublika bolivartar sendo bat eratzen jarraitzeko». Txinak ere nabarmendu du Venezuelarekiko harremana hobetu egin dela Chavezi esker.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.