Kataluniako hauteskundeak

O15: Nora doa Katalunia?

Hauteskunde kanpaina amaituta eta boza emanda, beste zalantza batzuk piztuko dira Kataluniako testuinguru politikoan. Horiei guztiei buruz galdetu die BERRIAk Xavier Godas, Jordi Pacheco eta Nuria Verges soziologo eta politologoei.

Jordi Pacheco politologoa. DANI CODINA.
Carme Porta.
Bartzelona
2021eko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Lehenik, bozetara bide judizialetik deitzea izan zen, baina dena larriagotu egiten da norbaitek hauteskunde eztabaidak jarraitzen baditu, bereziki joan den asteartean Kataluniako telebistan egin zena, zeinetan hautagaiek elkar eteten zuten, batak bestearen gainetik hitz egiten zuten, elkarri entzun gabe. Horri guztiari alderdi independentisten arteko akusazioak gehitu behar zaizkio, baita eskuineko alderdien eta «konstituzionalista» deritzon blokekoen artekoak ere.

Mugimendu independentista zatiketa politikoko garai batean dago, batez ere hauteskunde mailan, nahiz eta azken egunotan manifestu bat bultzatu den, zeinetan hautagaitza independentistek PSCrekin gobernua ez osatzeko konpromisoa hartzen duten. Kanpainako nahaste-borrasteak ez du etorkizuneko gobernuaren zeinua ikusten laguntzen.

BERRIAk testuingurua aztertzeko eta etorkizuneko agertoki politikoez hitz egiteko eskatu die aditu hauei: Jordi Pacheco COLPIS Kataluniako Politologo eta Soziologoen Elkargoko dekanoa, Xavier Godas soziologoa (gizarte-mugimenduetan eta teoria soziologikoan aditua) eta Nuria Verges Bartzelonako Unibertsitateko Soziologia Saileko irakaslea (politologoa, Informazioaren eta Ezagutzaren Gizartean doktorea eta emakumeen eta generoaren azterlanetan espezializatua).

BEHARTUTAKO HAUTESKUNDEAK

Kataluniako hauteskunde hauek ebazpen judizial baten eskutik datoz, Kataluniako Generalitatea bozak ezarritako egunean gauzatzera behartzen duena, pandemia egoera gorabehera. Ezohiko egoera bikoitz horrek kritika asko eragin ditu, eta dilema bat osasunerako eskubidearen eta bozkatzeko eskubidearen artean. Pachecok dioenez, «hau dilema faltsua da, ez dira bi eskubide desberdin, eta aldi berean garatu ahal izan behar dira. Osasun publikoko arazo bihurtu zenean, data interes komunen arabera aldatu zen, eta ez desgaitua izan den presidente baten interes alderdikoien arabera; eta adostasuna zabala zen atzerapenean, inolaz ere egunik jarri gabekoa, nahiz eta indar politikoren batek kalte garrantzitsu gisa bizi izan duen».

Vergesen ustez, hauteskunde hauek «esku hartze bikoitza» dute: «COVID-19ak baldintzatuta daude, baina aurrez ere esku hartutako testuinguru batetik datoz: 155. artikulua ezarri; hauteskundeak egitera behartu; gobernu programa ezarri behar duten buruzagiak auzipetu; erbesteratuak eta preso politikoak daude, baita parlamentuko presidentea bera ere; presidentea desgaitzen dute; eta, finean, lege sistema osoa baliatuta, demokrazian esku hartzen dute». Vergesen arabera, eskubideak urratzen dira, eta ezin da benetako funtzionamendu demokratikoaz hitz egin, eta horri pandemiaren eragina gehitu behar zaio. «Jende askok ezin izango du botoa eman, ez bakarrik berrogeialdian edo ospitalean daudenek, baita zaintzaileek ere normalean emakumeak; munduan kasu gutxitan handitu da parte hartzea, baina argi dago testuinguru honek ez duela laguntzen».

Godasek, bere aldetik, ildo horretan, uste du egungo testuingurua kezkagarria dela, eta hobe zatekeela data aldatzea botoa baldintza hobeagoetan emateko, baina ezin zaiola erantzukizun guztia Estatuari helarazi. «Beharrezkoa da perspektibarekin hausnartzea eta onartzea zalantzagarriak diren urratsak ere egin direla; adibidez, presidente bat pankarta baten truke sakrifikatzea. Gobernagarritasuna zalantzan jarri da, baina horretarako pausoak eman dira. Nolabaiteko autokritika egin behar da».

MUGARRIA

Inkesten arabera, otsailaren 14an Kataluniako politikaren norabidea alda daiteke. Botoa nola eta nork eman ahal izango duen aztertzeak badu mamia; izan ere, eskubide politiko subjektiboa denez, demokrazian hauteskunde deialdia dagoenean baino ez da gauzatzen ordezkaritza, eta pandemia testuinguruak nahiz eta kutsatzeetan beheranzko joera ematen ari den eta erakunde guztiek segurtasunez bozkatzeko bermea eman duten, eta osasunean izan dezakeen inpaktuak parte hartzea jaistea ekarriko du, borondatezkoa ez bada ere. Erakunde politikoak gero eta gehiago deslegitimatzen ari diren egoera batean, eta herritarren artean aukera politikoekiko enpatiarik ez dagoenean, mugarria izan daiteke prozesu subiranistarentzat.

Godasen ustez, hauteskunde hauetan pandemiak eragindako egoerak bestela ere gertatuko zen prozesu bat justifikatuko du. «Desberdintasun sozialak areagotu diren bezala, desafekzio politikoa areagotuko da, eta prozesua agortuz joango da. Independentziaren aldeko aukeren arteko zatiketa, jada finkatuta dagoen desengainua, eta prozesuaren agortzea, behin betiko kitatuta geratuko da. Independentismo politikoa dilema estrategiko handi batera eramango du: proiektu politikoak birplanteatu beharko ditu, edo erretorikan eta keinu sinbolikoetan jarraitu». Godasek uste du ariketa interesgarria litzatekeela euskal prozesua aztertzea. «Izan ere, estatua partekatzen dugu, abiapuntua oso desberdina bada ere. Bilakaera bat ematen da, hazkunde momentu batean xake matea jotzen hasten da, ondoren testuinguru berri batean indar abertzaleen birkokatze eta berrosatze bat egin, eta ildo politiko ezberdin bat hartzeko. Katalunian mugimendu subiranista berrosatu eta birbideratzea da falta dena».

Vergesek argi du autokritika behar dela: «Baina une honetan eta egoera honetan egotearen arrazoia Estatuaren etengabeko esku hartzea da, modu batean edo bestean, aurrera egiteko aukerei eragiten dielako. Hazkunde kolektiboa gelditu egin da, bai, baina pandemiak zenbateraino eragin du horretan? Eragina duelako adinagatik, lurraldeagatik, generoagatik... eragin ideologikoa du, baita hauteskundeetako emaitzetan ere. Noski, subiranotasuna birbideratu behar da, baina emaitzetan oinarrituta egin daitekeenaren araberakoa ere bada; baina aldaketa sakonak egin behar dira, hurrengo aukera baterako prestatzeko».

PSC-REN GOBERNUA GELDIARAZTEKO SINADURAK

Nahasmen eta keinu politikoz betetako testuinguru honetan, Catalans per la Independenciak (ANC Biltzar Nazional Katalaneko buruzagi ohiak) sustatutako manifestu bat sinatu dute hautagaitza independentistek, zeinetan PSC Katakuniako Alderdi Sozialistarekin gobernurik ez osatzeko konpromisoa hartu duten.

Pachecorentzat argi dago akordio horrek ez diela alderdi guztiei eragiten: «CUP, ulertzen baita ez luketela itunik egingo PSCrekin, gertatzen dena gertatuta ere. JxCat Junts per Catalunya talde horretako kide izango litzateke, baina Bartzelonako Aldundiaren ituna hor dago. Nor konprometitzen du gehien akordio honek? Argi eta garbi, PDeCat Alderdi Demokrata Europar Katalana eta ERC Esquerra Republicana de Catalunya. Izan ere, aukeren barruan dago horiek PSCrekin gobernu akordioa egitea».

Godasen ustez, PSCri buruzko adierazpen perimetral hori sinatzea «umekeriazko akats politiko bat» da, «antipolitikaren doako ariketa bat», perimetroa bera gainditzera arriskatzeko zorian dagoen ariketa bat, baldin eta helburua gizarte oinarria bera zabaltzea bada. Jordi Pachecok gaineratu duenez, kontuan izan behar da ERCren 2017ko hautesleen %5ek PSCren alde bozkatzea pentsatu dutela; batez besteko handiagoa, gainerako alderdi sinatzaileen aldean. «ERCk arriskatzen du gehien dokumentu honekin, eta agian horrek azaltzen du zerrendaburuak sinatu ez izana».

Vergesek uste du «itun tranpa bat» dela ERCrentzat, ezkerreko itun posible batera ihes egitea eragozteko. «Agian, pertsonalki, asko kostatuko litzaidake itunak onartzea gure jendea jazarrita mantentzen duenarekin, eta kartzelan edo erbestean; hala ere, norabide argia duen manifestua da».

Godas erabat kritikoa da manifestu horrekin. «Alde batera uzten dute herrialdeko erakundeetan dauden alderdi politiko independentista guztiek sozialistekin behin eta berriz politikak eta itunak adostu dituztela enpirikoki frogatzeko moduko gertaera».

PROZESUA BIDERATZEN

Hauteskunde hauetan ikusten dena da beharrezkoa dela aldaketa garrantzitsuak egitea. Aldaketa horiek barne eta kanpo eragina dute mugimendu independentistan, baina ez bakarrik mugimendu independentistan. Osasun, gizarte eta ekonomia krisiak, era berean, krisi politiko garrantzitsu bat ekarri du, alderdi parlamentario guztiei eragiten diena, eta ultraeskuina Kataluniako Parlamentuan sartzea eragin dezakeena. Hala iradokitzen dute inkesta guztiek.

Pachecok uste du kontuan hartu behar dela inkestek egintzat jotzen dituzten emaitzak ez direla argiak. «Inkestek diote botoa erabaki ez dutenen batez bestekoa %30ekoa dela. Bestalde, bi azterketa maila baloratu behar dira: erakundeen egitura eta politika publikoen kudeaketa; izan ere, jende sektore bat, politizatuegia ez dena, eroso dago estatuarekin erakunde gisa, eta 2017an mobilizatu zen, baina orain, beste tentsio batekin, agian ez da mugituko». Horrek ez luke gehiegi aldatuko parlamentuko panorama independentista.

Pachecoren esanetan, egiturazko aldaketa horrek beste sektore bat mobilizatzen du, aldaketa politikoaren aldekoa eta statu quo-a amaitzea helburu duena, eta horrek ezkerreko indar politikoen eta eskuinaren eta ultraeskuinaren aldaketa ekar dezake. «Azkenean, hauteskunde teknikek aldarteen kudeaketa bihurtzen dute politika, benetako aldaketa proposamenak baino gehiago».

Benetako aldaketa horiek etapa baten amaiera ere badira, eta herritarren desmobilizazioa, prozesu independentistari dagokionez, ebidentzia bat da, bai eta zatikatzea ere, ez bakarrik hauteskunde hautagaitza desberdinetan, baita erabat desberdinak diren proiektuetan ere. Godasek mugimendu independentistaren hasierara egin du atzera: «Denboran irauten duten egituretatik abiatutako mobilizazio bultzada handi batekin hasi zen, eta autonomismoa gainditzeko aukera eman zuen esparru nazional baten testuinguruan, subiranismorako joera ahalbidetu zuten krisi multzo batek lagunduta. Orduan, ekintza kolektiboko prozesu bat ireki zen, eta Europa osoan erreferentziazkoa den mobilizazio bat piztu; beste gauza bat da politikoki nola adierazi den».

Vergesen ustez, nabarmendu beharrekoa da guztiak duela kostu bat, eta batasunak ez dituela ideologiak ahultzen: «Herri proiektu desberdinak dira, baina zatiketa hori bera gertatzen da orain Kataluniako eta Espainiako eskuinean. Ezkerraren banaketa errotuago dago, eta, ildo horretan, ERC ondo kokatuta dago erdiko gune batean, zentralitatea hori gehitzea helburu duen proiektu batekin». Vergesentzat, proiektu subiranista berbideratzen laguntzen du jarrera horrek.

Pachecok uste du hainbat haustura egon direla, eta horietan handiena ez dela izan indar independentisten artekoa, independentzia nahi duen baina bozkatu edo ez zalantzan dagoen jendearen artekoa baizik. «Hemen jatorrizko bekatu bat dago: 2015ean ez zegoen nahikoa indarrik, eta ez zen oinarriak zabaltzeko beharrari buruz hitz egiteko adorerik izan; aurrerantz egin zen, eta kostua handia izan da». Pachecoren esanetan, prozesu independentistan luze gabeko politika oso presente egon da; estatua ahula zela uste izan zuten, eta eduki gehiegirik gabeko leloen inguruan eraiki zuten mugimendua, eta horrek ondorioak izan ditu.

«Urte asko eman ditugu politika egiten atzerako ispiluari eta oinarrizko esparru kontzeptualari begira. Ñabardurak daude, baina formula errepikakorrek ez dute etorkizunerako biderik irekitzen, eta horrek nekea eragin du independentistekiko zuzeneko harremanik ez dutenengan», azaldu du Godasek.

Kataluniako konfrontazio politikoko urte hauek ez diote independentismoari bakarrik eragin, ezkerrak ere ondorioak jasan ditu. Berpiztu egin da egitura instituzionaletatik kanpo dagoen eta itxuraz urratzaileagoa den boto ezkertiarra. Godasek dioenez, maiz urraketa elkarbizitza arauak haustearekin lotzen da, ezkerraren egungo jarrerak onespena transmititzen duelako, espazio ordenatu bihurtu delako, egoera bere horretan onartzen duen belaunaldia, eta, aldiz, joera urratzaileagoa dutenak gero eta gehiago sistemaren aurka dagoen eskuin muturrera gerturatzen ari dira.

Vergesentzat, eskuin muturraren agerraldia kezkagarria da, eta hauteskunde hauetan errealitate bilakatuko da: «Beldurgarria da ikustea nola bideratu ahal izan duten beste esparru batzuetan erantzunik izan ez duen atsekabea». Godasen esanetan, eskuin muturra beti jo izan da iraganeko kontutzat, eta gaitzespen orokorra eragin izan du. «Historikoki, faxismoak ziurgabetasunarekin, itxaropen faltarekin bat egin du». Vergesek uste du babes hesia aktibatu egin behar zela: «Beldurgarria da pentsatzea oinarrizkoak izaten amai dezaketela, haien babesa eta botoak onartzen direlako, hori haiek normalizatzea litzatekeelako».

Hauteskunde osteko itunek ERCren zentralitatea, oberturaren aldeko apustua eta estatu mailako itunak jarri dituzte mahai gainean. PSOErekin adostutako elkarrizketa mahaia kanpainan egon da. «Estatuaren tempoa motela da, nahaste-borraste subiranista su motelean uzten du, eta barne zatiketak sakontzen ditu», azaldu du Godasek. Pachecoren ustez, berriz, elkarrizketa mahaiak ez du inolako ibilbiderik, eta PSOEk ez du negoziatzeko inolako asmorik, horrek botoak galtzea esan nahiko lukeelako. «Hitz egiteko mahai bat baino ez da, eta errespetu osoz esaten dut, negoziatu ahal izateko indarra behar duzu, eta orain ez dago halakorik», argudiatu du Godasek. Haren iritziz, hauteskunde hauen ondoren, hegemonia politiko independentista bat egongo balitz, negoziatu egingo litzateke, bai, baina ez mahai horren esparruan, ez baita proposamen serio gisa agertu, agertoki politiko gisa baizik. Verges ere bat dator Godasekin, neurri batean: «Negoziatzeko zerbait behar da, eta, gainera, kontuan hartu behar da estatuak ez duela kultura negoziatzailerik; beti erakutsi du ukatu, ukatu eta suntsitu egin dezakeela».

Godasen arabera, estatuak indultuak kudeatu ahal izateak presio politikoa txikituko luke; baina amnistia onartzea oso zaila litzatekeela uste du, estatuak ez zuelako hori emateko «pizgarririk». Vergesen ustez, ordea, ezin da aukera hori baztertu, nahiz eta badirudien ez dela gertatuko. Pachecorentzat, baina, bada oztopo bat beste guztien gainetik dagoena: Espainiaren batasuna beste eskubide guztien gainetik jarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.