Liburuxka batean bilduko dituzte gogoeta guztiak

2017ko ekainaren 27a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
UEUko biharko ikastaroa gazte botereari buruzko hausnarketaren «bigarren mugarria» izango da,GITEko kide Ibon Meñikaren esanetan. Lantalde batek egindako gogoetak sakontzeko, topaketak egin zituzten neguko oporretan, eta prozesua aberasten jarraitu nahi dute: «UEUk eskaintzen digu esparru bat, interes berezia eduki dezaketen pertsonek modu ireki eta gardenean ikus dezaten egiten ari garena». Gazteak: parte hartze politikotik boteretzera? jarri dute izenburu gisa, eta 09:00etatik 15:00etara arituko dira, Iruñean.

Bi zatitan bereizi dute ikastaroa. Hasteko, urtean zehar egindako hausnarketak azalduko dituzte: «Modu dinamikoan egindako hausnarketa sozializatzeko izango da, eta tartea egongo da hori guztia zalantzan jartzeko». Bigarren zatia, berriz, praktikoagoa izango da: «Guk parte hartze politikoa ulertzen dugun bezala egingo dugu: dena ezbaian jarriz, modu horizontalean, ondorio komunetara heltzeko moduak bilatuz, hortik ondorio berri batzuk ateraz...». Parte hartzea denen eskuragarri jartzeko, doan izango da ikastaroa: www.ueu.eus helbidean eman daiteke izena. Ikastaroaren ondoren, bazkaltzen geratzeko aukera ere emango dute, Katakrak-en. «Burua ez ezik, sabela ere betetzeko».

Gogoeta ez da hor bukatuko, ordea. Helburu nagusia «gazte mugimenduak eduki dezakeen eztabaidari begira euskarri bat sortzea» dela azaldu du Meñikak. Baina ez hori bakarrik: «Ez dugu planteatzen bakarrik gazte mugimenduan gera daitekeen euskarri bezala; gako eraldatzaile eta iraultzaileetan, herri boterearen artikulaziorako, mugimendu osoa blaitzea nahi genuke».

Eztabaida hori bultzatzeko, euskarri fisiko batean bildu asmo dituzte gero bidean jasotako gogoeta guztiak, GITEko kidearen esanetan: «Gure asmoa da Durangoko azokan liburuxka formatuan ateratzea urte guztiko lanaren lehen emaitza. Eztabaidarako lanabes bat eskaini nahi dugu, eta, ziurrenik, eztabaida gehiago eragingo dugunez, ondorio berriak aterako ditugu hortik ere».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.