Maite Elizondo.
Koronabirusa. OSASUNA PENTSALDIAN

Burnout sindromea

2021eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Akidura fisiko eta mentala: insomnioa, buruko mina, elikadura desorekatua, libidoan gorabeherak, ikasketetan eta lanean absentismoa, urduritasuna, bakartzea, erruduntasuna, suminkortasuna, apatia, anergia... «Kokoteraino» egotearen sentsazioa.

Nahasmendu handia sortzen duten uretan murgilduta daramatzagu hamahiru hilabete, neurri ezegonkor eta datu larriekin, gure izanaren makuluetako dexente ahul sentituz, osasun fisiko, psikologiko eta sozialean eraginak pairatuz. Kanpo faktore hauek kontutan harturik, intentsitate ezberdinetan, baina gehiengo nagusi batek kokoteraino gaudenaren sentsazioa daukagu. Ez pentsa neke emozional zamatsu hau sentitzea inoren ahuleziaren isla denik. Egoera psikoemozional honek badu izena: Burnout sindromea. Izurritearen barnekiak ezagutu aurretik lan eremuetan garatzen zen gehienbat sindrome hau, bereziki erantzukizun handiko lanbideetan eta exijentzia maila handiko perfiletan (osasun langile, irakasle, zahar egoitzetako langile...). COVID-19aren urte luze honetan, berriz, Burnout sindromearekin bateragarriak diren sintoma batzuk herritar askorengan hedatzen ari dira, izurritearen albo ondorio moduan.

Osasunaren Mundu Erakundeak 2000. urtean izendatu zuen Burnout sindromea, nahiz eta lehenengo aldiz Herbert J. Freudenberger psikiatrak aztertu zuen 1974an. Denbora luzean hainbat iturritatik jasandako estresari erantzuteko modu desegokitzat definitzen dute. Sintomatologiak garapen progresiboa izan ohi du, poliki-poliki azaleratzen dena, eta bereziki zailtasunez jositako prozesuetan azaltzen da. Neke psikoemozional handia sortzen du, eta norberaren lorpenen pertzepzioan distorsioak sor ditzake, eguneroko arazoei aurre egiteko zailtasunak sentituz.

Seguraski gutariko askok azken hilabeteetan aipatutako sintometako batzuk zuzenean bizi ditugu, edo ondokoari antzeman dizkiogu. Ondorio psikoemozional hauen nondik norakoa ezagutzea garrantzitsua da psikologikoki eraginkorra den estrategia bat garatu dezagun. Arrazoi objektiboak badaude somatizazio hau ulertzeko: kanpo faktore estresanteak denbora luzean (hamahiru hilabete), maiztasun handian (egunero) eta intentsitate handian (datu larriak) bizi izanak osasun psikologikoan higadura bat ekarri ohi du, gauzatutako esfortzu mentalaren ondorioz.

Gaizkiegon honen atzaparretatik askatzeko baliabideak martxan jartzea interesgarria izan daiteke, beti ere errealismoaren ikuspegitik, testuingurua zein den jakinik eta bertara egokitzeko tresnak aktibatuz: komunikazio asertiboa, barne elkarrizketa osasuntsua, norbanakoaren zaintzan eta zaintza kolektiboan jarrera aktiboa, kulturak eta sormenak eskaintzen dizkigun aisialdi aberatsen oxigenazio mentala.

Har dezagun, beraz, ongizate psikoemozionala ere helburutzat. Osasuna ez baita bakarrik gaixotasunik eza, ongizate fisiko, psikologiko eta soziala uztartzen dituen egoera integrala baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.