Planeta babesteko bigarren aldarria

Mundu osoko 15.372 zientzialarik babesa eman diote planetaren egoera larriari buruz ohartarazten duen agiri bati. Besteak beste, maila pertsonalean eta kolektiboan jarrerak aldatzeko beharra aldarrikatu dute zientzialariek.

Lehortea da klima aldaketaren adierazleetako bat. ALEJANDRO ERNESTO / EFE.
Juanma Gallego.
2017ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Lehen deialdia 1992an egin zuten. Orain, 25 urte geroago, egindako bidea aztertu eta egoerari buruzko diagnostikoa egiteko garaia heldu da. Mundu osoko 15.000 zientzialarik baino gehiagok BioScience aldizkarian babestu dute bigarren agiri bat. Munduko Zientzia Komunitateak gizarteari egiten dion ohartarazpena: bigarren abisua titulu esanguratsua eman diote. Planetaren egoerak txarrera jo du aztertutako adierazle gehienetan, eta horrela jarraituz gero atzera bueltatzeko aukerarik ez dela izango nabarmendu dute.

«Porrotera eramaten gaituen gaurko norabidea aldatzeko berandu gabiltza», ohartarazi dute manifestuan. «Bai gure eguneroko bizitzetan bai gure gobernu erakundeetan onartu behar dugu Lurra dela, bere bizi guztiarekin, gure aterpe bakarra». Egoerari aurre egiteko hainbat proposamen jarri dituzte mahai gainean. Besteak beste, zerbitzu ekosistemikoak mantentzea, tokian tokiko basoak sustatzea, babestutako naturguneak handitzea, basapiztiak babestea, gizakien dietan begetalen kopurua handitzea, gainpopulazioa saihestea edota energia berriztagarriak bultzatzea. Hori guzti hori, maila pertsonalean zein kolektiboan.

Agiria sinatu duten zientzialarien artean, Euskal Herriko ikertzaileak ere badira, noski. Kepa Ruiz Mirazo da horietako bat. EHUn sistema konplexuak aztertzen ditu. Ikasketaz fisikaria izanda ere, biologiaren alorrean dabil; zehazki bizia nola sortu zen ulertzen ahalegintzen da. Ingurumenaren arazoaren irtenbidea zeharo konplexua dela ohartarazi du: «Egia esanda, aurrean dugun agertokia zehazki nolakoa den ez dakigu oso ondo. Baina nahiko argi dago badirela arrisku gutxiago duten agertokiak ere».

Haren ustez, zientziak badu horretan zer esanik, eta arazoari eman dakiokeen irtenbidearen parte ere bada. Baina autokritika egitearen beharra azpimarratu du: zientzia arazoaren muinean dago. «Ekonomia eta finantza sistema guztiak kontu berean oinarritzen dira: guztientzako pastel gehiago badagoela sinestean. Eta zurrunbilo horretan sartuta dago zientzia, berrikuntza sustatzeko duen ahalmenarekin sinesmen hori bultzatzen duelako». Zientziak natura deskribatzeko oso eredu onak dituela azaldu du Ruiz Mirazok, baina, aldi berean, bere buruaren deskribapena «handiegi» geratzen zaiola ere uste du. «Gizakiok ez dakigu nora goazen, eta zientziak ez du horri erantzuteko ahalmenik».

Aho batez

BC3 Basque Centre for Climate Change zentroan Saheleko eremuan klima aldaketak izango duen eragina ikertzen du Itxaso Ruiz geologoak. Haren ustez, agiriak ahotsak batzeko balio behar du. «Jendeak ikusi behar du zientzialarien %95ek baino gehiagok uste dugula klima aldaketa errealitatea dela, eta gizakiak bultzatutakoa dela».

Adituaren esanetan, sarritan adostasun zabal horri buruzko irudia galdu egin da. «Baina zientzialariok argi dugu, eta gizarteak ere argi izan behar du hori». Adostasun horretatik kanpo dauden zientzialariei buruz galdetuta, aitortu du nahiago duela gaian ez sakontzea: «Korapilatsua da. Baina desinformazio kanpainak badirela esango nuke; denok dakigu, gainera, zeinek ordaintzen dituen kanpaina horiek».

Geologoaren ustez, klima aldaketaren alorrean arintze neurriak hartzea «ez da aukera bat, baizik eta behar bat». Halere, zenbait adierazleri dagokionez, aurrerapausoak eman direla nabarmendu du. «Ozono geruzaren zuloan ez ezik, pobreziaren alorrean gauzak hobetu dira, baita oihanen galeran ere». Baina gainerako arloetan, egoera larria da.

Alemaniako Fraunhofer IBMT Biomedikuntza Ingeniaritza Institutuan dabil Alba Jimeno Romero ingurumen toxikologoa, uretako kutsadura ikertzen, batez ere nanotoxikologiaren alorrean. Bertan eskuratutako ezagutza Euskal Herrian aplikatzea espero du. Arazoetako bat plazaratu du: «Normalean, gure ikerketen emaitzak ez direla gizartera iristen».

Bere ikerketa arloari dagokionean, ohartarazi du produktu asko merkaturatzen ari direla ingurumen inpaktuari buruzko informazio osoa izan gabe. «Agian gaur produktu horiek ez dute arazorik eragiten, baina baliteke hemendik bizpahiru hamarkadara arazo bihurtzea. Gainera, guk laborategietan ereduak aztertu ahal ditugu, baina ez dakigu zein diren populazioan izan daitezkeen eraginak». Kutsatzaile berriak atzemateko tresna berriak behar direla azpimarratu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.