Rafa Rotaetxe. Lehen mailako arretako medikua

«Eman behar den mezua, horra: txertoak seguruak dira, oso seguruak»

Ebidentzietan oinarritutako ikuspegi bat ardatz, Rotaetxe COVID-19aren aurkako txertoen ezaugarriez solastatu da Osatzen-en jardunaldietan; zarata eta nahasmena alboratze aldera, argibideok ezinbestekoak dira.

JON URBE / FOKU.
arantxa iraola
2021eko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Rafa Rotaetxe (Gasteiz, 1958) familia medikua da Donostian, Altzako osasun zentroan. Onartu du COVID-19aren aurkako txertoei buruzko galderak ohikoak direla pazienteen artean: «Askotan egiten dituzte». Ebidentzian oinarritutako medikuntzaren aldeko taldeko koordinatzailea da Familia eta Komunitateko Medikuen Euskal Elkarte Osatzen-en, eta, ikuspegi hori oinarri, hitzaldi bat eman du asteon elkarteak antolatutako jardunaldietan: Efikazia, efektibitatea eta segurtasuna COVID-19aren aurkako txertoetan: zeri buruz ari gara? Txertoei buruzko dudak albisteetan guztiz katramilatuta dabiltzan garaiotan, aparteko garrantzia duten azalpenak dira.

Egunean-egunean ikusi behar da txertoen eboluzioa, ezta? Galdera asko daude...

Lehengoan hitzaldian azaldu genuen: txertoak ikertzeko egin diren saiakuntza klinikoetan aztertu da zer-nolako efikazia duten txertoek, eta orain ikusten ari gara nolako portaera duten mundu errealean, biztanleriari jartzen zaizkionean. Saiakuntza klinikoetan, txertoaren efikazia neurtzen da; gero, txertoa jartzen hastean, efektibitatea neurtzen da.

Ebidentziak oinarri hartuta, zer esan daiteke onetsita dauden txertoen inguruan?

Egun, gure artean lau txerto daude onartuta; laurek efikazia handia dute. Gaitzaren intzidentzia %90-94apaltzen dute Modernak eta Pfizerrek; AstraZenecak, %63; Janssenek, %66... Hala ere, ezin da esan batzuk besteak baino eraginkorragoak direnik; akatsa da zifrak alderatzea, entsegu kliniko ezberdinak baitira. Eta zera: %50etik gorako efikazia ja aintzakotzat hartzekoa da.

Segurtasunaz zer diote datuek?

Saiakuntza bakoitzean 30.000 paziente inguru ikertu dira; horietan ikusi da ondorio kaltegarri arinak nahiko ohikoak direla, gripearen txertoan bezala, baina gutxi irauten dutela, eta normalean erraz gainditzen direla. Erreakzio alergiko larriak, anafilaxiak, oso ezohikoak dira. Salbuespena dira, eta jada jakina da paziente jakin batzuetan gertatzen direla; aurrez txertoarekin lotura duen produkturen bati alergia izan dioten pertsonak dira.

Eta tronboez zer esan behar da?

Oraindik ezohikoagoak dira, eta AstraZenecarekin eta Janssenekin bakarrik sortu dira. Entsegu klinikoetan ez ziren atzeman ere egin. Esan dut: 30.000 bat pertsona aztertu zituzten, eta ez ziren atzeman. Zergatik? Oso ezohikoak direlako. Halakoak populazioa txertatzean ikusi ohi dira. Oraino ez dakigu zenbat diren; AstraZenecarekin, esaten denez, 2-5 kasu dira milioi dosiko; Janssenekin, bat. Oro har, 60 urtetik beherakoetan; bereziki, andreetan.

Eta arriskua hain apala izanda, nola ulertu, adibidez, AstraZenecaren bigarren dosiaren zain dauden 60 urtetik beherakoei jarri behar zaien txertoaren gaineko gorabeherak? Finean, kezka areagotzen dute, ezta?

Jakina. Arriskua benetakoa da, baina ezohikoa. Hor, alde batetik dago zientzialariek esaten dutena, eta bestetik gobernuek egiten dutena; bigarren horienak erabaki politikoak dira. EMAk proposatzen duena da bigarren dosia ere AstraZenecarena izatea. Jakina da, gainera, bigarren dosiarekin tronbosi bat izateko probabilitatea lehenengoarekin zegoena baino txikiagoa dela.

Espainiako Gobernua hautu mistoaren alde dago, eta saiakuntza kliniko bat du oinarri, Karlos III.a institutuak egindakoa...

600 bat pazienterekin egin dute. Talde bati Pfizerri jarri diote, besteei deus ez, eta ikusi da lehen taldekoek antigorputzak sortu dituztela: espero izatekoa da hori. Ikerketa horri zer falta zaio? Bada, ikustea zer gertatzen zaien pazienteei bi AstraZeneca dosi jartzean. Gainerako herrialdeek hartutako erabakien artean denetik dago. Hainbat gobernuk erabaki dute Pfizerrena jartzea bigarren dosia, saiakuntza klinikorik izan gabe eta deus gabe. Beste batzuk, Erresuma Batuak, adibidez, AstraZeneca jarri du...

Zer neurritan ari dira politikariak ebidentzietan oinarrituta?

Zera gertatzen da kasu honetan: ikerkuntzak ahal duen datuak ematen ditu. COVID-19a gaitz berri bat da, eta gauza batzuk ez dira ezagutzen; ebidentzia falta da, baina, askotan, erabakiak hartu behar dira ebidentzia eskasagoarekin, eta beste hainbat aldagairi ere erreparatu behar zaie.

Zer esan goiburuokin nahasita dabilenari?

Eman behar den mezua, horra: txertoak seguruak dira, oso seguruak. Eta erreparatu behar zaio jende asko txertatzen ari diren tokietan gertatzen ari denari. Israelen, adibidez, populazioaren %70 osorik txertatuta, ikusi da urritu egin direla, era berean, erietxeratzeak, ZIUetan dauden pazienteak eta heriotzak; hor ja egoera errealean ikus daiteke zer ari den gertatzenmilioika lagun txertatuta. Datu horiek oso argiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.