Gorka Azkarate.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. ANALISIA

Amildegiaren ertzean

2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Urduri samar sumatu genituen igandean Arrasateko Uarkape pilotalekuko oholtzara igo ziren sei bertsolariak. Ez da gutxiagorako: finalerdietan gaude, zirt edo zart egiteko garaian. Lehenengo ariketako gaiak planteatzeko moduak, gainera, nago ez ote zuen oharkabean harrapatuko bertsolari bat baino gehiago, hasierako urduritasun hori areagotuz. Izan ere, gaiak politikoki zuzena ez den egoera batean kokatu zituen bertsolariak, etorkin kopuru handia dela eta seme-alaba ikastetxez aldatu duten gurasoen rolean, sexu eraso baten aurrean ezikusia egiten dutenen rolean zein borroka armatua indarrean zen garaian Euskal Herritik alde egindako enpresarienean (bereziki zaila begitandu zitzaigun azken egoera hori). Kosta egin zitzaien, denei ere, ofizio horietan euren lekua aurkitzea. Oiartzunen eta Tolosan kantatuko duzuenak, argi!

Saioan, oro har, Agin Laburu seguru eta sendo batekin egin genuen topo, ohiko txispa galdu gabe heldutasun gozo batera iritsi den bertsolaria. Aipagarria izan zen Unai Mendizabalekin zortziko txikian borobildu zuen bertsoaldia, irudi oso originalak ekarriz bata bestearen atzetik. Kartzelan modu sinesgarrian kantatu zuen, beretik, eta merezita lortu zuen finalerako txartela. Aspaldiko txapelketa irekienean txapelerako hautagaietako bat dela esatea ez da gehiegikeria.

Koska atera zien gainerako bost bertsolariei, eta saioa erabat lehertu ez zela kontuan hartuz, kosta egiten da, Nerea Elustondoz gain, beste inor finalerako aukerekin irudikatzea. Legazpiarrak ia akatsik gabeko jarduna osatu zuen, nahiz eta uneren batean kolperen bat ematea falta izan zitzaion agian. Txundigarria da zeinen erraz eta sinesgarri osatzen dituen bakarkakoak, eta zer-nola betetzen dituen edukiz bertsoaren joanean askok ahaztuta uzten dituzten trantsiziozko puntu horiek. Bizkarrean txapelketa asko pilatu dituen bertsolari honentzat merezitako saria litzateke finalerako txartela. Itxaron egin behar, ordea.

Iñaki Apalategi saiatu zen, ohi bezala, beretik ematen, baina une askotan publikoarekin konektatzea kosta egin zitzaion. Ez zen erraza, saioaren amaierarako geroz eta ikusle gehiagok baitzuten berokia soinean, Uarkapeko tenperaturak izan zuen beherakada dela medio. Unai Mendizabalek ausart kantatu zuen, tonuarekin izandako gorabeherei izkin eginez, eta saiatu zen bertsoaldietan bere zigilua uzten. Kartzelako eder batekin borobildu zuen bere jarduna. Unai Gaztelumendiri patxada pixka bat falta izan zitzaion uneren batean, baina egindako lanarekin pozik egoteko moduan da, zalantzarik gabe. Eta Eñaut Martikorenaz, zer esan. Saioaren amaieran jaso zuen txalo zaparradak garbi erakutsi zuen publikoak bereziki maite duen bertsolari baten aurrean gaudela. Eskolartean eta gazteen sariketetan egin duen ibilbidea jarraitu dugunontzat ez da sorpresa izan, baina publikoaren zati handi batentzat txapelketa honetan izar berri bat jaio da. Zenbat puntu on botatzen dituen bertsoaren joanean, oharkabean pasatzen direnak. Bejondeizula. Finalerdiak hasi besterik ez dira egin.

Tolosako azkeneko bertsora arte ez da emoziorik faltako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.