Albistea entzun

kritika. Antzerkia

Jesuri Josu-Eneko esaten diogu gurean

Arantzazu Fernandez Iglesias -

2022ko urriak 16

'Moto - Membra Jesu Nostri'

Musika: Dieterich Buxtehude. Zuzendari musikala: Andoni Sierra. Antzerki zuzendaritza, dramaturgia eta eszenografia: Lucia Astigarraga. Testu garaikidea eta antzezpena: Eneko Sagardoi. Bakarlariak, abesbatza eta instrumentu taldea: Conductus Ensemble, La Chimera Ensemble. Jantziak: Pau Auli. Argiak: Alberto Rodriguez Vega.

Dietrich Buxtehuderen Membra Jesu Nostri (1680) kontzertu antzeztua ikustera hurbildu ginen Arriaga antzokira. Ez genekien oso ondo zertan zetzan antzeztua izate hori, baina antzerkiaren eta musika barrokoaren zaleak izaki, ezin hitzordua galdu. Jakin bagenekien pieza musikala osatzen duten zazpi kantatek gurutzeko Jesu Kristoren gorpuaren hainbat atal —oinak, belaunak, eskuak, saihetsen aldea, bularra, bihotza, aurpegia— dituztela hizpide, eta Eneko Sagardoik antzeztuko zuela berak idatzitako testua. Jakin-mina bezain handiak ziren gure itxaropenak.

Aktore durangarraren testu zoragarria Enekoren eta Josuren arteko maitemintzeaz eta harremanaz mintzo da, baita bigarrenaren isileko sufrikarioaz eta moto-istripu bidezko heriotzaz ere. Kontakizunak harritu gaitu, ederki josia delako, baina baita aurreikusten genuen bidetik atera gaituelako ere. Moto - Membra Josu Nostri ez da izan heriotzak, gorpuek eta ahanzturak sortzen duten malenkonia barroko edota garaikideren isla. Ez. Harago doa. Sagardoik beste zerbait zehatzagoa, konkretuagoa, hurbilagoa kontatu digu: ezin gaindituzko abusu baten istorioa eta horrek eragindako traumarena. Eta sentiarazi digun gertutasun horretan dauka, nire ustez, originaltasunik handiena.

Ikuskizuneko bi geruzak elkarren artean txirikordatuta hedatzen dira: Ama Birjinak Jesu Kristoren gorputzean aurkitzen dituen orbainei kantatzen die zati barrokoan; eta Enekok Josuren arimako zaurienak deskribatzen dizkigu kontakizun garaikidean. Azken horretan, Sagardoik bi pertsonaiak antzeztean, bi maitaleen nortasunak bakar batean nahita urtzen dituela dirudi. Hala, disoziazio kasu baten antzezpen moduan irakur zitekeela otu zitzaidan emanaldian, hori, eta, zorionez, irakurketa konplexua duen obra baten aurrean geundela.

Elementu guztien batuketak emaitza ederra eskaintzen du. Antzezpena aparta izan da; musika eta koruaren zein bakarlarien zatiak punta-puntakoak. Agertokia huts, beltz eta ketuan argien diseinuak aipamen berezia merezi du. Hor antzeman ditugu Arriagaren baliabide teknikoak erabiltzeko Lucia Astigarraga eta Alberto Rodriguez Vegaren ausardia eta jakinduria. Koruko partaideak era koreografikoan mugitzen ziren plastikotasun handiko irudiak sortuz, betiere fokuen laguntzaz. Pintura klasikoen irudiak etorri zaizkigu akordura, gurutzetik jaistearenak, esate baterako, baina, aldi berean, motorra taula gaineko ardatz genuen. Amaiera aldean, gurutze garaikide baten antzera aireratu duten motor hori bistan geneukala, hasierako hitz triste bezain ederrak errepikatu dizkigu Sagardoik. Ahaztezina.

Eta ixteko, apuntetxo bat: pieza bitxi hau funtzio bakarrekoa izan dela jakin dugu; beraz, bizitza laburreko luxuzko bitxia izan dela aitortu behar dizuet. No comment.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©GORKA RUBIO / FOKU

«Ez dakit hizkuntzak ez ote nauen ni menderatzen nik bera baino gehiago»

Itziar Ugarte Irizar

Mundu baten bukaera bizitzearen kontzientziaz eta pertsonala eta kolektiboa «harmonizatzeko» nekeaz aritu da 'Landura' lan berrian. Hamargarren poema liburua du, eta, bide horretan, komunitate bati idaztearen sentipena izan du lagun.

Bingen Zupiria sailburua eta Aizpea Otaegi Errenteriako alkatea, atzo, liburuaren egileekin. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Arbola sendoa musikaren ekosisteman

Naroa Torralba Rodriguez

'Musikaste 1973-2022. Euskal musikaren 50 urte' liburua eman du Eresbilek. Jaialdiak mende erdia bete duela-eta argitaratu dute

Maialen Lujanbiok idatzi du liburuko testua, eta Arrate Rodriguezek ondu ditu ilustrazioak. Irudian, bi egileak, atzo, Donostian. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute

Miren Mujika Telleria

'Traste arrunten barruan zuk zer ikusten duzu?' album ilustratua argitaratu dute Maialen Lujanbiok eta Arrate Rodriguezek, Pamiela argitaletxeko Bagara sailean. Albumak Rosa Valverde artistaren lana ezagutaraztea du xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...