Amonite erraldoien etxea

150 amonite erraldoi batu dituzte Geoparkeak Mutrikun ireki duen Nautilus didaktika gelan. Haurrei fosilak zer diren azaltzeko baliatuko dute, eta tailerrak prestatu dituzte, ondare geologikoaren transmisioa bermatzeko. Munduko amonite erraldoien bildumarik handienetako bat dago han gordeta.

Haur bat amonitea eskuan duela, didaktika gelan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ane insausti barandiaran
Mutriku
2021eko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Tailerrean egindako fosil bat eskuetan dutela atera dira Mutrikuko (Gipuzkoa) Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleak Nautilus didaktika gela inauguratu berritik. Hiru ordu eman dituzte bertan, herrian topatutako amoniteen gaineko informazioa jasotzen eta prestatutako jarduerak egiten. Herriko ondarearen transmisioa bermatzeko beste toki bat izango da aurrerantzean Nautilus didaktika gela, ikerketa gelarekin batera.

Irtetean gurutzatu dituzte haurrek Jesus Narvaez eta Esperanza Azkarraga, amoniteen bilduma hor egotearen arduradunak. Hain zuzen, beren omenalditik bueltan egin dute geldialdia haiek jasotako fosilak dauden gelan. Mutrikuko hirugarren hondartzako sarbidean amoniteak aurkitu zituzten tokitik gertu, plaka bat jarri dute haien omenez Mutrikuko Udalak eta Geoparkeak.

Dagoeneko badakite amonite horiek lurreko historiaren momentu jakin batean bizi izan zirela: pangea superkontinentea apurtzen ari zenean, eta ozeanoak hedatzen ari zirenean. Beraz, itsaso zabal batean bizi ziren, dinosauroekin batera. Horrek duela 110 milioi urteko ingurunea nolakoa zen ezagutarazteko balio izan die zientzialariei.

Bildumagileei egindako omenaldian, Joseba Palenzuela Mutrikuko alkate eta Geoparkeko presidenteak nabarmendu du berrogei urtean mutrikuarrek fosilen eta flyschen inguruan asko ikasi dutela, egindako ikerketei esker: «Umetan hondartzan ibiltzen ginen, eta tarteka harri txiki berezi batzuk topatzen genituen. Gerora ikasi genuen harri horiek fosilak zirela, eta, gero, izena jarri genien: amoniteak». Eskerrak eman zizkien Narvaez eta Azkarragari, eta Geoparkearen hamargarren urteurrenaren ondoren lanean jarraituko dutela berretsi zuen: «Hasiera baino ez dugu egin milioika urteko kontakizun horretan».

Kolaborazioa giltzarri

Asier Hilario Geoparkeko koordinatzaile zientifikoak nabarmendu du kolaborazioa dela Geoparkearen ardatza, eta proiektu honek argi utzi duela hori: herritar batzuek bildu eta orain Geoparkearen «altxor garrantzitsuenetariko bat» daukatelako eskura Nautilus didaktika gelan. Gainera, Narvaez eta Azkarragaren «borondate finkoa» goraipatu zuen Hilariok: «Hasiera-hasieratik nahi izan dute bilduma Mutrikun bertan geratzea, bertan jasotakoa delako». Egindako ekarpena oso handia dela berretsi zuen: «Bilduma labarretatik atera ez balute, itsasoak higatu egingo zituen gehienak, eta galdu egingo ziren».

Adolfo Uriarte Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketa zuzendariak, aldiz, nabarmendu du hiru ardatz garrantzitsu biltzen dituela Geoparkeak: batetik, ikerketa, duela ehun milioi urtetik Euskal Herriko lurretan zer gertatu den ezagutzeko balio baitu; bestetik, formakuntza, gazteei ingurumen hezkuntzaren transmisioa egiteko modua baitute; eta, azkenik, turismo jasangarrirako aukera baita.

Zientziari ekarpena

«Oso politak izateaz gain, garrantzi zientifiko handia dute, ez bakarrik hemengoa ulertzeko, baita munduan gertatutakoa ulertzeko ere», azaldu du Luis Migel Agirrezabala EHUko Geologoak. Doktore tesia Mutriku inguruko geologiari buruz egin zuen, eta, amoniteen bitartez, arrokak datatzea lortu zuen, haien adina jakitea.

Gainera, garrantzi geologikoaz gain, amoniteek fosil gisa garrantzi paleontologikoa ere badutela nabarmendu du Mikel Lopez EHUko paleontologoak: «Arrokek asko esaten dute izaki horiek bizi ziren lekuari buruz». Altxortzat jo ditu piezak, eta gogoratu du ez dela batere ohikoa hain handiak izatea: «Amoniteen familiako beste osagaiak ez dira hain handiak; 10 eta 20 zentimetro artean dituzte gehienez jota. Mutrikukoak, aldiz, oso handiak dira, eta geruza bat baino gehiagotan agertzen dira: 300 metroko segidan zehar. Ez dago horren adibiderik ia mundu osoan».

Azkenik, EHUko paleontologoak senar-emazteen naturazaletasuna, borondatea eta herriarekiko maitasuna goretsi ditu, eta eragile eta erakundeei elkarrekin lanean jarraitzeko gonbita egin die.

Aurrerantzean ere, bakoitzak bere esparruan lanean jarraituko du, eta didaktika gela martxan egongo da, amoniteen kontserbaziorako leku izan dadin, eta ondare geologikoaren transmisioa bermatu dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.