Maider Galardi
Donostiako 66. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Komediak, fikzioa eta gure tragediak

2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Ostiral goiza. Zinemaldiko lehen filma, El amor menos esperado. Bikote heterosexual eta monogamo baten gorabeherak kontatzen ditu pelikulak, Ricardo Darinek eta Mercedes Moranek antzeztuta. Sarri lehertu da barrez publikoa. Kazetari honi grazia gutxi. Maitasun erromantikoa, iruditeria hegemonikoa, estereotipo asko eta funts sozialik ez, apenas.

Ostiral arratsaldea. Elkarrizketa Leon Siminiani zuzendariarekin. Apuntes para una película de atracos filma aurkeztera etorri da Donostiara. Dokumentalean kontatzen du lapur batekin izan duen harremana, eta egindako delituen atzeko pertsona hori ezagutarazten du: «Lapurretei buruzko film onenak lapurraren atzekoa erakusten du». Badu esku artean proiektu berri bat ere, Alcassarko kasua-ri buruzkoa. «Alde guztiekin» hitz egitea interesgarria dela dio, eta ulertu baino gehiago, ikasi egin behar dela jende horrek buruan zer duen. Kazetari honi kezka handia eragin dio erantzunak.

Larunbat arratsaldea. Sartu da Danny DeVito prentsa aretora. Jendez lepo dago gela, munduko komikorik ezagunenetariko batek jaso baitu aurtengo Zinemaldiko Donostia saria. Eseri da mahaian, eta ez du lortu itzulpenerako aurikularra jartzea. Han hurbildu zaio azafata, eta segituan bota du aktoreak prentsaurrekoko lehen perla: «Neuk bakarrik ez nuen lortuko, andre eder batek egitea beti da hobea». Barreak aretoan, eta kazetari honi batere graziarik ez.

Oscarretatik hasi eta Canneseko zinema jaialdira arte, aurten gala beltzen urtea izan da alfonbra gorrietan. Hainbat aktore emakumek salatu dute sexu abusuak jasan dituztela urte hauetan guztietan Hollywoodeko zinema ekoizlerik ezagunenen eskutik. Espainian ere Goya sariak baliatu zituzten emakume ekoizleek beren lana aintzatetsia izan zedin aldarrikatzeko, eta, gurean, Jose Luis Rebordinosek esan du Zinemaldian kristalezko sabaiaren aurka borrokatzen direla.

Aldarrikapenak aldarrikapen, ordea, Darin esku zabalik jaso dute Donostian, nahiz eta Valeria Bertuccelli aktoreak salatu zuen «gehiegikeriak» egin zizkiola Escenas de la vida conyugal obra antzezten ari zirela. Siminianik filmatu egingo du bere dokumentala, nahiz eta jakin badakigun Alcasserko kasua mugarri izan zela neska gazteei beldurraren paradigma ezartzeko, eta hemengo kazetari honek ez dio DeVitori kargu hartu prentsaurrekoan. Are, datozen egunetarako ez du emakume zuzendari bakarrarekin elkarrizketarik lotu. Horra gure tragediak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.