Arantza Gutierrez.
IRRATIA

Babel

2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Hurrengo asteotan hizkuntza eskoletako ikasleok azterketak egin beharko ditugu; proben artean entzunezko ulermena dugu. Normalean, gure mailari egokituriko audio artxibo bat aditu eta galdera batzuk erantzun behar ditugu esandakoaz jabetu garela frogatzeko. Prestaketa bakarra entzutea da, hau da, belarria egitea. Aspaldian, atzerrira joan ezinik, grabaketak erabili ohi genituen edota irrati batzuek uhin motzean eskaintzen zituzten kanpoko emanaldiak jaso. Gaur, berriz, Internetek askoz errazago jarri digu: zuzenean entzun ditzakegu atzerriko irratiak, baita nahieran ere. Badaude hizkuntzak irakasteko kanal propioak ere; ingelesezko Vaughan Radio, adibidez. Lagun batek aitortu zidan autoan entzuten zuela lanerako bidaian ariketa moduan.

Duela hamar urte, Herbehereetako Ikus eta Soinu Institutuak, Transnational Radio Knowledge Platform delakoak, eta bertako zein Alemania, Danimarka eta Erresuma Batuko bost unibertsitatek irrati digitalari buruzko ikerketa proiektu bat bultzatu zuten. Horren ondorioz, Garden Radio izeneko streaming plataforma sortu zuten, non 2016an zortzi mila irrati jasoak zituzten. Egitasmoaren iraupena denboran mugatua bazen ere, egindako bilketaren erakusleihoak aktibo jarraitzen du gaur, eta beren webgunetik zein aplikazio baten bidez, munduan zehar dauden ehundaka irratietako programazioa eskura du edonork.

Garden Radio ez da Interneten emititzen duten irratien bilatzaile bakarra, baina plataforma horretan munduko bolaren gainean agertzen diren puntu berdeetan klikatu baino ez dugu egin behar tokian toki dauden kateak entzuteko. Mapa interaktiboan agertu nahi duten komunikabideek formulario bat baino ez dute bete behar webgunearekiko loturarekin. Entzuleak, izena irakurtzeaz gainera, zuzenean entzun dezake irratia; bat baino gehiago dauden tokietan, berriz, puntutxo handiagoa agertuko zaio, eta dial antzekoa agertuko zaio.

Ez daude guztiak, baina daudenak hizkuntz eta kultur aniztasunaren isla dira. Dirudienez, horixe zen egitasmoaren helburua: irratiaren bidez mugak gainditzea eta gizadiaren kultur aberastasuna agerian uztea. Eskaintzan munduko hizkuntza eta kultura menperatzaileen nagusitasuna nabaria bada ere, hizkuntza gutxituetako emisorak topatzen ditugu Babel horretan. Euskararen presentzia ere ziurtatuta dago hogei irratiren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.