Albistea entzun

Sanferminak Iruñean

Miurak, arriskutsu eta azkar azkenekoan ere

Aurtengo entzierrorik azkarrena egin dute Miura ganadutegiko zezenek: bi minutu eta hamabi segundo. Adarkaturik ez da izan, baina tentsio unez beteta egon da. Zazpi lagun artatu dituzte

Aitor Biain -

2018ko uztailak 15

Korrikalarietako bat, Miura ganadutegiko zezen baten adar batetik zintzilik. Hori izan zen aurtengo sanferminetako zortzigarren eta azkeneko entzierroak utzi zuen irudia; zirraragarria benetan. Telefonica aldean izan zen, ibilbidearen azken zatian: zapi gorritik kateatu zitzaion zezena, eta arrastaka eraman zuen zezen plazako kailejoiraino. Harrigarria dirudien arren, ez zen adarkaturik izan. Tentsio unez beteta egonagatik ere, aurtengo entzierrorik azkarrena egin zuten Lora del Rioko (Sevilla, Espainia) abereek: bi minutu eta hamabi segundo iraun zuen.

Miura izenak berarekin darama arrisku hitza; bai behintzat Iruñean. 52 alditan izan dira sanferminetan, eta 16 lagun adarkatu dituzte, orotara. Atzokoan ere nabari zen urduritasun hori ibilbidean zehar, entzierroa hasi aurretiko uneetan. Azken entzierroa izaki, parte hartzaileek elkar besarkatu eta agurtzeko baliatzen dute. Nolanahi ere, azken lau urteetan ez dute inor adarrez zauritu Miurako zezenek.

Suziriak eztanda egin orduko atera zen abere saldoa San Domingoko ukuiluetatik. Joaldunak jarri ziren taldearen buruan, baina berehala hartu zioten aurrea zezenek. Abiadura betean igo zuten San Domingoko aldapa, baina korrikaldi politak egiteko aukera izan zuten lasterkariek. Udaletxe plaza eta Mercaderes kaleak igarota, bortizkeria handiz jo zuten Estafeta kalera sartzeko bihurgunea Miurako zezenek.

Taldea bitan banatu zen Estafetan sartzerako. Joaldunetako bat eta bost zezen aurretik jarri ziren, eta ziztu bizian igaro zuten zuzengunea. Haien atzetik ziren gainerako bost joaldunak eta seigarren zezena; hiru metro eskasera. Eroriko ugari izan baziren ere, ez zuten bestelako ondoriorik eragin. Kalearen amaieran, batez ere, korrikaldi ederrak egiteko aukera izan zuten parte hartzaileek.

Aurtengo entzierroetan maiz gertatu moduan, Telefonica aldean izan ziren arrisku unerik esanguratsuenak. Bihurgunearen kanpoaldean pilatu ziren korrikalariak, eta haien kontra egin zuten bi zezenek. Korrikalarietako bati lepoko zapitik sartu zion adarra, eta kateatuta geratu zen. Arrastaka eraman zuen gizonezkoa bihurgunetik kailejoiraino, 60 bat metro. Zapia hautsi zitzaion, eta horri esker askatu zen; kolpeak baino ez zituen jasan.

Lehenengo zezenak plazara iristerako bi minututik behera zen kronometroa. Adarkaturik ez, baina kolpatu ugari izan ziren azken entzierroan: zazpi lagun eraman zituzten Nafarroako Ospitale gunera. Haietako hiruk buruan izan zituzten kolpeak, laugarren batek lepoan, beste batek bizkarrean, eta beste bik bular aldean. Azken urtetako garbienak izan dira aurtengo sanferminak, edonola ere: soilik bi adarkatu izan dira beste batek belarrian jaso zuen ziztada bat. Ez da horrelakorik izan 1984az geroztik.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Patxi Angulo. ©Gorka Rubio, Foku

«Badauzkat 5.000 urte dauzkaten jokoak»

Unai Zubeldia, Gipuzkoako Hitza

Irakaslea da ofizioz Patxi Angulo, baina munduko joko klasikoak biltzea du afizio. Londresera egindako bidaia batean hasi zen ideia gorpuzten, eta Jokoenea, munduko jokoen museoa sortu zuen 2018an. Bost urte bete ditu.

Iruñeko San Fermin Txikiko umeak, gozokien esperoan. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Bestak kalea berenganatuz

Itsaso Jauregi

Udalbatza txikiak txupinazoa botata hasi dira Iruñeko San Fermin Txiki bestak. Jendetza bildu da Alde Zaharreko kaleetan, eta gazteenak gozokien bila aritu dira.
Aitor Etxeandia Otalarreako teknikaria, sagastiko sagarrak eskuetan dituela. ©GORKA RUBIO / FOKU

Sagarrak badu garrantzia

Amaia Jimenez Larrea

Villabonako Otalarrea sagasti esperimentalean sagargileentzako baliagarriak izan daitezkeen tekniken eta elementuen inguruan ikertzen dute. Gainera, Euskal Herriko ia sagar mota guztien sagarrondoak dituzte, haien bilduma bat egiten ari baitira.
Salda da <em>ramen</em> zoparen lehengai garrantzitsuena, eta askotarikoa izan daiteke. ©CC0

Zapore eta tradizio zopa

Unai Etxenausia

Japoniako plater tradizionaletako bat da 'ramen' zopa, eta mundura zabaldu da. Txinako sukaldaritzatik heredatu, eta moldatu egin zuten, duela ehun urte inguru.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.