Ion Orzaiz.
Politika orokorreko eztabaida Nafarroan. ANALISIA

UPN, alderdi 'antisistema' hori

2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun

Donald Trumpek 2016an AEBetako hauteskundeak irabazteko erabili zituen baliabideetako bat izan zen bere burua aurkeztea sistemaren eta establishment-aren aurkako gisa. Eliteen errotak borrokatzeko prest ageri zen Kixote histrioniko bat, berau magnate bilioidun kontserbadorea izanagatik ere. Kontortsio eta desitxuratze ariketa hark arrakasta izan zuen, ordea, eta Trumpen estrategia kopiatu zuten mundu osoko eskuineko eta eskuin muturreko hautagaiek. Bolsonaro, LePen, Boris Johnson... guztiek ala guztiek jantzi zuten anti-establisment-aren mozorroa, urteetan establishment hori bera elikatu, bertan goxo egin eta hari esker aberastu izanagatik ere.

 

Maila apalagoan, Javier Esparzak bere egin nahi izan du estrategia hori ere, boterea berreskuratzeko bide zuzenena delakoan. Argi ikusi zen «herritar xumeen ahotsa» izateko asmo hori atzoko eztabaida parlamentarioan, besteak beste osasun publikoa aldarrikatu eta gizarte arrakalak salatu zituenean.

Iragan legealdian, nafar eskuin espainiazalearen diskurtsoa beste bat izan zen. Zabarragoa, akaso. Boterea galtzeagatik iparra galduta, K.O. baten ostean zorabiatutako boxeolariak nola, betiko obsesioei heltzea —euskara, PAI, sexu heziketa, banderak— eta espantuka hastea izan zen jardunbide ofiziala lau urte horietan. Ordea, auzi horietan bidelagun historiko izandako PSN gobernura itzuli zenetik —Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin akordio programatiko bat sinatuta eta EH Bildu lehentasunezko bazkide hautatuta, gainera—, Esparzak argi izan zuen estrategia moldatu beharko zuela, inoiz aginte makila berreskuratuko bazuen.

Atzokoan, deigarria izan zen Esparzaren ahotan honakoak entzutea: «Osasun publikoa suntsitzen ari zarete», «gaur egun, gero eta nafar gehiagok kontratatzen dute osasun aseguru pribatu bat, sare publikoan behar bezala artatzen ez dituztelako», «pobrezia eta gizarte desoreka neurtzen duten adierazle guztiek okerrera egin dute», «eredu aldaketa bat behar da, eta aurrekontuan osasungintzari eskaintzen zaion ehunekoa handitu». Ezkerreko alderdien ohiko posizioetatik gehiegi aldentzen ez den diskurtsoa, Yolanda Barcinaren legealdian murrizketa bortitzenak ezarri zituen alderdiko buruak esana. Establishment-aren aurkako diskurtsoa, establishment-aren ahotan.

Ez da hori, baina, AEBetako eta Europako eskuin populisten gidaliburutik Esparzak kopiatu zuen puntu bakarra. Bere burua «herritarren» bozeramaile izendatuta, legebiltzarreko gainerako indarrak homogeneizatu nahi izan zituen Agoizko alkate ohiak, balio tradizionalen aurkako entente bat osatuko balute bezala. Hala, zaku berean sartu zituen Erlijio ikasgaiaren ordu murrizketa, Skolae programa eta «Eliza katolikoaren aurkako jazarpena» [sic], horiek guztiak «gobernuak eta Bilduk inposatutako auzi ideologikoak» direlakoan.

Finean, erkidegoaren egoerari buruzko eztabaida bainoago, hauteskunde giroko diskurtso sorta izan zen atzokoa, eta, lasterketa horretan, oposizioaren pole position-a eskuratu nahi izan du UPNk. Hitz hanpatuez harago, baina, Esparzak mehatxu kutsuko mezu bat ere helarazi zion Txibiteri: lehendakariak ez duela benetako aginterik, eta PSOEk Madrilen erabakiko duela Nafarroaren etorkizuna. UPN hasia da joko zelai horretan maniobratzen, eta horren erakusle da Sayasekin eta Adanerorekin gertatutakoa. Antisistema mozorroaz harago, nafar eskuinak ederki baitaki sistemaren bazterretan jokatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.