Lehorteak. Ondorioak Europan

Beroaldiak Europaren zainak odolustu ditu

Europako beste ibai handi batzuk bezala, Rhin ere lehortzen ari da, eta konpainia energetikoek zailtasun handiak dituzte handik garraiatzeko. Alemaniak eta Europako erdialdeko hainbat herrialdek behar dituzte erregaiak.

Beroaldiak Europaren zainak odolustu ditu.
jokin sagarzazu
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun

Ametsetakoa dirudi Alemaniako Kaub herrixkak, haren gaztelu eta mahastiek eta kondaira propioak. Haren arabera, handik gertu dagoen Lorelei harkaitzetik, izen bera zuen errekako damak heriotzara erakartzen zituen Rhin ibaia zeharkatzera ausartzen ziren marinelak, harrien kontra joaraziz. Behinola arriskutsuak ziren ur korronteak indarra galtzen ari dira, eta hondoan zeuden misterioak agerrarazi ditu horrek.

Koblenzeko eta Mainzeko ibai portuen artean dago Kaub, eta handik igarotzen da Herbehereetatik eta Belgikatik Alemaniako hego-mendebaldeko industria gune indartsura bidaltzen den ia zama guztia. Bihar egun garrantzitsua izango da han. Izan ere, aurreikusitakoa betetzen bada, nabigagarria izateari utziko dio ibaiak.

Rhinek 1.288 kilometro inguru ditu, Suitzako Alpeetatik Ipar itsasoraino, eta ezinbestekoa da oinarrizko hainbat produktu garraiatzeko. Baina, lehortearen eraginez ur emaria murriztu dela eta, itsasontzien kargak txikitu dituzte ibaian nabigatu ahal izateko, eta Kaub funtsezko puntua da, Rhinen tarteko sekzioan sakontasun txikiena duen eremua baita. Asteburuan, baliteke batez besteko maila 47 zentimetrora jaistea —metro bateko benetako sakonera—, Alemaniako Nabigazioaren Administrazio Federalaren iragarpenen arabera. Zazpi zentimetro gutxiago, eta nabigagarria izateari utziko lioke.

Kolpe gogorra izango litzateke; are gehiago egungo krisi energetikoaren jokalekuan. Izan ere, ibai horretatik garraiatzen dira Alemaniarentzat eta Europa erdialdeko herrialde askorentzat ezinbestekoak diren erregai asko. Rhin zuhaitz baten enborra bezalakoa da: handik irteten diren adarrak hark elikatzen ditu.

Lurreko bideak gainezka

Alemanian, esaterako, ikatzaren beharra areagotu egin da, Errusiako gasaren ordezko gisa, baina ibaiaren emari eskasa garraioa mugatzen ari da. Ontzi gehiago behar dira karga kopuru bera mugitzeko; ondorioz, ikatza bidaltzeko kostuak handitzen ari dira, eta argindarra sortzeko zentral termikoen ekoizpen kostuak ere bai.

Baina, ikatzarekin bezala, beste erregaiekin ere bai. Garraio kostuak bere onetik aterata daude. Tona bateko zama kostaldetik Basileara (Suitza) eramateak 200 euro baino gehiago balio du; udaberrian, 25 euro balio zuen. Findegietan ere eragin nabaria du garraio kostuen garestitzeak eta atzerapenak. Rhinen ertzetan dauden plantetan eraldatzen da inguruko herrialdeetan kontsumitzen den gasolina gehiena.

Kaltetutako enpresak neurriak hartzen hasiak dira. Uniper eta EnBW Alemaniako energia konpainia garrantzitsuenek jakinarazi dute beren zentral termikoetan produkzioa murrizten hasi direla ikatz faltagatik. BASF SE produktu kimikoen fabrikatzailea bere itsasontzi propioak uretaratzen ari da. Eta beste enpresa batzuk kamioiekin eta trenekin ari dira hutsunea betetzen. Baina errepideak eta trenbideak ere gainezka daude, VTG AG eta Hoyer Group logistika taldeek ohartarazi dutenez. Opor garaia da, langile gutxiago dituzte, eta trenbideko garraioan zenbait produktuk manipulazio arazoak dituzte. Horren ondorioz, entrega denborak atzeratzen ari dira. Gainera, zama guztiak ezin dira lurretik eraman, astunegiak edo handiegiak direlako: eraikuntzako egitura batzuk edo haize errotak, adibidez.

Garraioan ez ezik, beste sektore batzuetan ere badu eragina gertatzen ari denak. Rhineko gurutzaldi turistikoak egiten dituzten ontziek ibilbidea aldatu behar izan dute. Eta kalteak are nabariagoak dira nekazaritzan. Herbehereetaraino iritsi da arazoa: aste honetan, hango gobernuak larrialdi egoera ezarri du, eta nekazaritzarako kontsumoa murriztu. Arazoak konponbide zaila du. Ubidea sakontzea izan liteke irtenbideetako bat, baina urteak beharko lirateke horretarako, eta denbora premiazkoa da orain.

Rhin, Danubio, Rodano, Po... Europaren zainak izandako ibai handiak odolusten ari dira, eta, hain zuzen, klima larrialdia eta larrialdi energetikoa gurutzatu diren garai berean gertatzen ari da hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.