Koronabirusa

Dena pentsatu eta birmoldatu beharra

Koronabirusaren krisiak gogor astindu du osasun zerbitzua, eta egoera berrira egokitu behar izan dituzte haren antolakuntza, azpiegiturak eta profesionalen zereginak; moldaketa ugari egin behar izan dute, eta aldaketak arlo guztietara iritsi dira.

Bilboko Basurtuko ospitalean koronabirusaren probak egiteko jarritako karpa. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2020ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiari erantzuteko premiak aldaketa ugari eragin ditu euskal osasun sisteman. Aldaketa horietako batzuk organigramari eta antolakuntzari dagozkie, baina azpiegituretan ere eskaintza handitu eta egokitu behar izan dute pandemiak ekarritako arazoen ondorioz. Zerbitzu guztia berriro pentsatu eta antolatu beharra suertatu zaie horren ardura dutenei.

Aldaketak, noski, koronabirusak kutsatutakoei arreta eman behar dieten sailetan izan dira nabarmenenak. Baina krisiak sistema osoari eragin dio, eta ahalegin guztiak horretara bideratzeko beharrak gainerako alorrak ere moldatzea ekarri du: kontsulta arruntak atzeratu dira, larriak ez diren ebakuntzak bertan behera gelditu, eta abar.

ZIU GEHIAGO

Koronabirusak kutsatutakoen oldeak osasun sistema behartu du gaixo horiek denak artatzeko lekuak atontzera, eta bereziki ZIU zainketa intentsiboetarako unitate gehiago prestatzera. Gasteizko Txagorritxuko ospitalean, esaterako, ZIUren ohiko boxez gain, bosgarren solairua ere egokitu dute, eta hamalau box indibidual prestatu dituzte. Hirugarren solairuan ere, normalean ebakuntzetarako erabiltzen diren gelak moldatu dituzte ZIUko zortzi unitate jartzeko. Gasteizko Santiago ospitalean ere ZIUko beste unitate bat prestatu dute, hirugarren solairuan.

Krisiaren hastapenetan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak esan zuen euren aurreikuspenetan lau jokaleku aztertzen ari zirela, eta, horietatik larrienera iritsiz gero, aukera egongo zela ZIUko ohe kopurua bikoizteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Zainketa intentsiboetarako unitateei dagozkienak ez ezik, bestelako aldaketak ere egin dituzte erietxeetan, gaixo gehiago artatzeko. Txagorritxun, adibidez, moldaketa ugari egin dituzte: laugarren solairuan, ohiko kanpo kontsulten eremuan, 56 paziente hartzeko tokia egin dute, bestelako zerbitzuak lekualdatu egin dituzte eguneko ospitale medikoa kanpo kontsulta eraikinera, eta pediatriako larrialdiak lehen solairura, besteak beste, eta errehabilitazio gimnasioak, irakaskuntza bulegoak, liburutegia eta are kapera ere moldatu dituzte, gaixoak artatzeko edo langileentzako gela gisa erabiltzeko.

Aldaketak aldaketa, ospitaleetan larria da egoera; Txagorritxukoa eta Galdakaokoa (Bizkaia) dira kezkagarrienak, eta besteetan ere korapilatzen ari da. Datozen egunak oso garrantzitsuak izango dira osasun sistemak eutsi egiten ote dion ikusteko.

AZTERKETAK, KANPOAN

Koronabirusa antzemateko proben ugaltzeak ere aldaketak ekarri ditu sisteman eta azpiegituretan. Basurtuko ospitalean (Bilbo) karpa bat ezarri dute kanpoko aldean, sintomak dituzten Osakidetzako langileei proba azkarra egin ahal izateko.

Sintomak agertu eta 72 ordura egiten diete azterketa, eta langileak ez du autotik jaitsi behar proba egiteko. Emaitza 24 ordu geroago jakinarazten diete: positibo ematen dutenek etxera joan behar dute, eta han bakartuta egongo dira berrogeialdiak iraun bitartean; besteek, berriz, lanean jarrai dezakete, kutsaturik ez daudela jakinda.

Beste zenbait ospitaletan Bizkaiko Gurutzetan eta Galdakaon, esaterako, koronabirusaren proba egiten ari zaizkie Osakidetzako langileei, baina, oraingoz, Basurtuko karpa da beren-beregi horretarako prestaturiko azpiegitura bakarra.

Beste moldaketa batzuk ere egin dituzte Basurtun, eta, adibidez, joan den asteartetik indarrean dago aparkaleku berezi bat San Mames inguruan, soilki Basurtun aritzen diren osasungintzako langileek erabiltzekoa. Ospitalearen barruan, zereginak berriro banatu dituzte: zenbait arlotako larrialdiak Makua pabiloian artatzen ari dira, eta kirurgia larrialdiak Ampuero pabiloiko gimnasiora eraman dituzte.

LANEN ANTOLAKETA

Pandemiak osasun sistema osoan izan du eragina, eta bestelako lan eta zereginak ere eten, birbanatu edo beste modu batera antolatu behar izan dituzte. Adibidez, Bizkaian larrialdi pediatrikoak Gurutzetako ospitalera bideratzen hasi dira, gainerako erietxeak zama horretatik libratzeko xedez. Donostian, Sorospen Etxea itxi egin dute; Donostiako zinegotzi Enrique Ramosek adierazi duenez, zerbitzu hori batez ere turista eta bisitariek erabili ohi dute, eta horien kopurua Donostian azken egunetan %70 murriztu denez, nahiago izan dute zentroa itxi eta baliabideak eta indarrak koronabirusaren pandemian zentratu.

Azpiegiturak ez ezik, mediku, erizain eta bestelako langileak ere ari dira egoera berrira egokitzen. Salbuespen batzuk albo batera utzita—larrialdietako zerbitzuak, onkologiarkin zerikusia dutenak eta beste—, gainerakoak bertan behera utzi dituzte, eta sail horietan aritzen ziren profesionalak larrialdietara edo koronabirusaren kontrako borrokara bideratu dituzte. Beste batzuk, ordea, etxean daude, erreserban; asko dira kutsatzen ari diren profesionalak, eta denen beharra izango dute egoera gehiago okertzen bada.

KLINIKA PRIBATUAK

Larrialdi egoera ezartzen zuen dekretuan, Espainiako Gobernuak zehaztu zuen arlo pribatuko osasun zentroak agintarien esku utziko zirela, eta autonomia erkidegoek kudeatuko zutela zentro horiek noiz eta nola erabili. Krisia larriagotu arau, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila gero eta gehiago ari da jotzen baliabide horretara: prestakuntza berezia eman die zenbait zentro pribatutako langileei, eta horiek Osakidetzako langileekin batera arituko dira.

Adibidez, IMQ enpresak jakinarazi duenez, Zorrotzaurren (Bilbo) daukan erietxean, bost solairuetatik hiru koronabirusak jotako gaixoak artatzeko erabiltzen ari dira jada, eta Bilboko Begoña auzoan dagoen Andra Maria Zuri erietxeak ere osasun sistema publikotik bideratutako pazienteak jasoko ditu laster.

NAFARROAKO ALDAKETAK

Osasunbideak ez du antolakuntza arloko aldaketen berri eman, baina Nafarroako osasun zerbitzuaren erabiltzaileek sumatu dute egokitzapen batzuk egin dituztela, eta, adibidez, zenbait herritako pazienteak eskualdeko osasun zentro nagusira bideratzen ari direla. Azken egunetan, Faltzesko, Funesko eta Martzillako herritarrak Azkoiengo osasun zentroan artatzen ari dira, eta Ablitaskoak, Monteagudokoak eta Murchantekoak, berriz, Cascantekoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.