Albistea entzun

Eskolen antolaketa, euskalduntzean gako

Ikasleen euskalduntzean dauden hutsuneei erreparatu diete EHUren 'Eskolan euskara ardatz: ertzak aztertzen' ikastaroan. Horri buelta emateko, ondorioztatu dute ikastetxetako gaur egungo antolaketa ereduak aldatu behar direla.
Ezkerretik eskuinera: Muñoa, Elortza eta Etxaburu, atzo, Donostian.
Ezkerretik eskuinera: Muñoa, Elortza eta Etxaburu, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2022ko uztailak 7 - Donostia

Hainbat faktorek dute eragina ikasleak euskalduntzeko —edo ez euskalduntzeko—. Euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesuan ikasleen eta irakasleen antolaketak duen garrantziaz aritu ziren atzo EHU Euskal Herriko Unibertsitateak Donostian antolatutako Eskolan euskara ardatz: ertzak aztertzen ikastaroko mahai inguru batean.

Bertan parte hartu dute Mitxel Elortza Arnas Dezagun taldeko bozeramaile, irakasle eta gurasoak; Josu Etxaburu Elorrio BHIko zuzendari eta Heizeko koordinatzaileak; eta Ikastolen Elkarteko hizkuntz egitasmoko kide Inma Muñoak. Iñaki Biainek gidatu du saioa; Irungo Berritzeguneko hizkuntza normalizazioan aritzen da Biain. Inork ez du formula magikorik eman, baina guztiak ados agertu dira puntu batean: euskalduntzeko, eskolen egungo antolaketa aldatu beharra dago.

Erabilera, hizkuntzaren kalitatea, euskararekiko atxikimendu falta, «dena irabazita dagoen ustea»... Bata bestearen atzetik zerrendatu ditu Etxaburuk euskararen inguruan hezkuntzan pil-pilean dauden kezkak. Eta horri nola buelta eman? Erantzunak baino galderak gehiago dituela nabarmendu du. Baina zerbait badu argi: «Gaur arteko antolaketa birpentsatu beharra daukagu».

Eskolei azterketa

Hezkuntza munduan sarri entzuten da eskolak bakarrik ezin dituela ikasleak euskaldundu. Halere, ikastetxeetako jardunak baduela eragina uste du Etxaburuk. Ezinbestekoa begitantzen zaio hizkuntza proiektuak euskararen ezagutza bermatzea. Horrekin lotuta, zalantzak erakutsi ditu Eusko Jaurlaritza ontzen ari den hezkuntza legearen inguruan: «Diote: 'Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua egingo du'. Hezkuntza proiektu guztiak gure Euskal Herri honetan balekoak dira euskara bermatzen ez denean? Nik ezetz esango nuke. Eta, gainera, esango nuke Hezkuntza Sailak ez lukeela onartu behar hezkuntza proiektu hori».

Ez da ikusten duen hutsune bakarra. Irakasleek ikastetxean ordu gehiago sartu behar dituztelakoan dago: «Hausnarketa hau guztia aurrera eramateko, gaur egun DBH [Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza] antolatuta dagoen moduan, ez dago espazio tenporalik». Aho bizarrik gabe mintzatu da irakasleen euskara mailaz ere: «Irakasleok euskara maila dezente hobetu behar dugu; dena ez da balekoa. Guk geuk hitz egitean ez badugu maitekor eta sentikor tratatzen hizkuntza, nolatan nahi dugu jasotzen duen horrek hori jasotzea?».

Banatuta ala elkarrekin?

Irakasleei baino gehiago, ikasleei erreparatu die Elortzak. Etxean euskara jasotzen duten haurrak antolatzeko joera zein den azaldu du: ikasgeletan «sakabanatu» ohi dituzte. Horrek ondorioak dituela dio Elortzak: «Haur euskaldunek ezin dute euskaraz egin, eta, gainera, haur erdaldunek ez daukate haur euskaldunen eredurik, horiek ere gazteleraz dabiltzalako. Denak ateratzen dira galzaile».

Testuinguru horretan erabaki zuten kezka bera zuten udalerri erdaldunetako zenbait gurasok Arnas Dezagun taldea sortzea. Zehaztu du zer eskaera egiten dieten administrazioei eta ikastetxeen zuzendaritzei: «Arnasgune funtzionalak sor ditzatela, ikasle euskaldunek eroso euskaraz hitz egiteko aukera izan dezaten». Eskaera egitearekin batera, hori lortzeko bidea ere markatu dute: haur euskaldunak «trinkotzea», eta hizkuntza aniztasuna baliatzea, gaztelera eta frantsesa ama hizkuntzatzat ez daukaten haurrak euskarara hurbiltzeko. «Aniztasuna oso garrantzitsua da, baina orain arte aniztasun hori beti ardaztu da gaztelania eta frantsesa oinarri hartuta, eta uste dugu hori ere aldatu behar dela: Aniztasuna eta inklusioa beti, baina euskaraz ardaztuta».

Arnas Dezagun taldeko bozeramailea izateaz gainera, irakaslea ere bada Elortza. Eredu eleaniztunean izan duen esperientzian oinarriturik, ohartarazi du irakasgaiak ingelesez emateko egon daitekeen tentazioan ez erortzeko: «Ikusi duguna zera da: hirugarren hizkuntza sartu denean hizkuntza linguistikoa ez den beste konpetentzia batzuk lantzeko, adibidez, konpetentzia zientifikoa, bat ingelesez ematea, ingelesa modan dagoelako, bidean geratu dira eduki eta konpetentzia zientifikoak, hizkuntza bat lehenesteagatik, eta haurrak ez dira gai ikasi beharrekoa hizkuntza horretan adierazteko». Erantsi du eredu eleaniztuna ezartzeko euskaraz jakitea bermatu behar dela.

Ikastoletako esperientzia hizpidera ekarri du Muñoak. Berritu beharra ikusten du: «Gure helburua bada euskaldun konprometitua, ikusmira zientifikoa duena edo erabaki hartzaile kritikoa dena, benetan sinesten badugu eta iparra hor jartzen badugu, argi dago orain arteko moduek ez dutela balio». Ikasleen irteera profilean zehaztuta dauzkate xede horiek, eta horretarako baliabidea da, esaterako, hizkuntz proiektua Ikastoletan hizkuntz proiektua. Nola antolatzen diren azaldu du: hizkuntza proiektuaren inguruko talde bat dago, zuzendaritzari proposamenak egiten dizkio, zuzendaritzak erabakiak hartzen ditu eta familiekiko elkarlana sustatzen du eta etapetako koordinatzaileek jarraipena eta ebaluazioa egiten dute.

Azken urteetan ikastoletan egin duten eredu aldaketaren irakaspenak ere ekarri ditu ikastarora Muñoak: adibidez, batzuetan haurrak ikasgelan zirkulazio librean dabiltzan unea baliatzen dute hizkuntza premia bereziak dituztenekin esku hartze jakin batzuk egiteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Joxean Muñoz Otaegi eta Amagoia Gurrutxaga Uranga, Donostian. ©Maialen Andres, FOKU

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

XEEK taldeak Maulen ezarri duen afixa bat, atzoko protestarako. ©G. FAUVEAU

Espekulazioaren kontra protesta egin dute Maulen

Oihana Teyseyre Koskarat

Etxe agentzietan itzuli bat osatuz egin dute manifestazioa, eta salatu dute kostaldean dagoen etxebizitzaren krisia Zuberoara heltzen ari dela
Layla Martinez: «Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Layla Martinez: «Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Ilustrazioa: Eider Eibar. ©

«Utopien funtzioa energien aktibazioa da»

Jon O. Urain

Nola irudikatu gizarte hobeak, ipar gisa hartu eta bideari ekiteko. Utopiak ez dautza gatazkarik ezean, Martinezen ustez, gatazka «modu justuagoan» kudeatzean baizik. Gizarte hobeak ez baitira «zerutiarrak»: «Beti egongo dira egitekoak».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.