Aguilar Kodesek badu 'euskararen autobusa'

Sei ikaslek Aguilar Kodes eta Kanpezu arteko bidea egiten dute egunero, D ereduan ikasi ahal izateko. Herriko udalak diru laguntza ukatu ostean, Eusko Jaurlaritzari galdegin behar izan diote garraio zerbitzua, Nafarroatik Arabara joan ahal izateko.

Aguilar Kodesko (Nafarroa) haurretako batzuk, lortu berri duten autobusera igotzen. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
2022ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Herri txikia da Aguilar Kodes (Nafarroa). Urte osoan, 50 bat pertsona bizi dira han, ez gehiago. 11 dira haurrak eta nerabeak, eta, horietatik, seik ikasten dute D ereduan. Lau familia, guztira. Herrian euskarazko ikastetxe publikorik ez dutenez, Kanpezuko Mendialdea ikastolan (Araba) emana dute izena, handik 11 kilometrora. Nahiz eta Nafarroatik kanpora atera behar duten, hori da gertuen duten aukera.

Herrian D eredurik ez izatea, baina, ez da familia horiek bidean topatu duten traba bakarra: Kanpezurainoko joan-etorria egin ahal izateko garraio zerbitzua eskatu zutenean, itxita topatu zituzten Aguilar Kodesko Udalaren ateak. Azkenerako, baina, lortu dute laguntza, beste bide batetik bada ere. «Hori da inportanteena, jakinarazi nahi duguna: hiru amaren, hiru familiaren ahaleginari esker, lortu dugula autobus bat gure haurrek euskaraz ikas dezaten». Guadalupe Sillero da seme-alabak Kanpezuko ikastolara daramatzaten gurasoetako bat. Orain arte autobus zerbitzurik ez zutenez, egunero-egunero egiten zuen bi herrien arteko joan-etorria.

Duela bi urte, haurrak Mendialdea ikastolara eramaten hasi zirenean, garraio gastuei aurre egiteko diru laguntza eskatu zioten herriko udalari. Ezezkoa jaso zuten: «Aguilar Kodesko Udalak esan zigun ez zela haien ardura; alkatearen jarrera euskararen kontrakoa izan da beti», azaldu du Sillerok. Hortaz, ikastola Araban dagoenez, Eusko Jaurlaritzari egin zioten eskaera. Eta horrek, onartu: autobusa jarri diete. «Esan digute Nafarroako Gobernuari ere jakinarazi diotela».

Sei bidaia egunean

Hasieran, Meye Etaioren semeek soilik ikasten zuten Mendialdea ikastolan, baina, duela bi urte, han hasi zen Silleroren alaba ere. Joan den urtean, beste hiru haur iritsi ziren herrira, eta, familiek euskarazko murgiltze eredua lehenetsi zutenez, Mendialdean izena eman zuten. «Hasieran Meyek egiten zituen joan-etorriak; nire alaba jaio zenean,txandak egiten hasi ginen Kanpezura joateko», azaldu du Sillerok. Hiru haur berriak batu zirenean, hiru amen artean egiten zuten bidea. «Gehienetan, nik egiten nituen joan-etorriak, lanean lanaldi erdiz nengoelako eta nire ordutegia malguagoa zelako», gehitu du.

Haur guztiek, baina, ez dute maila berean ikasten, eta horrek esan nahi du egunean sei bidaia egin behar zituztela amek, ikasle bakoitzaren ordutegietara egokitzeko: «Oso gogorra zen guretzat, denon artean koordinatu behar genuelako; denok ditugu ardurak, eta aitona-amonei eta izeba-osabei laguntza eskatu behar izan diegu». Horrez gain, gehitu du «urduritasun handia» eragiten ziela: «Beti egon behar genuen adi, eta, arazorik bazen, azkar erantzun».

Autobusa dutenetik, ordea, «lasaiago» bizi direla azpimarratu du: «Ez dut beti adi egon behar, eta gainera, diru asko aurreztu dugu gasolinan». Gainera, autobus gidari bat behar zutenez ibilbidea egiteko, Sillerori eskaini diote lanpostua. «Orain ere ibilbidea egin behar dut, baina lanorduetan sartzen da». Autobus txiki bat da, eta Sillerok etxe ondoan dauka aparkatuta.

Aguilar Kodesko bizilagunaren ustez, herri txiki batean bizitzeak eragin «handia» dauka, eta horregatik uste du orain arte ez dutela autobus zerbitzurik izan. «Herria tokitan dago. Nork egingo digu kasu? Biztanle gutxi garenez, ez digute jaramonik egiten, baztertuta gaude». Horrez gain, euskaraz ikasi nahi izateak ere eragiten duela dio: «Orain arte, hemen baztertu egin dute euskara, baina, orain sei haur joaten direnez ikastolara, badirudi politikarien arreta erakarri dutela».

Kontziliazioa helburu

Nafarroako Gobernuak eskaintzen dituen D ereduko ikastetxeen artean, Antzingoa da Aguilar Kodestik hurbilen dagoena: Lokiz eskola publikoa, 27 kilometrora. Aukera hori, ordea, «kontziliazioaren aurkakoa» dela uste dute Aguilar Kodesko gurasoek. «Imajinatu nire alaba gaixotzen dela; ezin diot nire aitari eskatu 30 minutuko bidaia egin dezala», azaldu du.

«Arduradun politikoek aho betean hitz egiten dute kontziliazioaz, baina ez digute uzten haurrak eramaten guretzat kontziliazioa lortzeko erosoena den eskolara», salatu du Sillerok. Gaineratu du, modu batean edo bestean, elkar lagunduz moldatzen direla oraindik orain: «Laguntzarik ez badugu, nola biziberrituko ditugu herriak?». Haurrek euskaraz eta etxetik gertu ikastea. Hori da, funtsean, eskatzen dutena: «Inork ezin gaitu behartu beste hizkuntza batean eta beste leku batean ikastera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.