Jonathan Caro.
PENTSALDIAN

Zaharren eskubideen joan-etorriak

2021eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Behin baino gehiagotan edadismoaren gaiari ekin diot nire pentsaldietan. Gizartean oso ezezaguna den arren, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gehien ematen den hirugarren diskriminazio mota dela baieztatu du, arrazakeria eta sexismoaren atzetik. OMEren txostenetan argudiatzen den legez, bi gaztetatik batek jokaera edadistak ditu. Jokaera horietan zaharrekiko aurreiritziak, estereotipoak eta diskriminazioa barneratzen dira.

Gizarteak zaharrekiko ikuspegi ezberdinak eduki ditu koronabirusaren krisi honetan. Hasieran, pandemiaren arriskua mespretxatu zen zaharrei bakarrik gogor eragiten zielakoan. Geroago, ospitaleak pazientez gainezka zeudenez, adina ospitalera joateko irizpidea bilakatu omen zen, pertsona zahar askori tratamendu egokia hartzeko eskubidea ukatuz, eta orain, berriz, guztiek diote zaharrez asko arduratzen direla.

Biztanleriaren zahartzeak pertsona zaharren etorkizuna babestera bultzatzen gaitu, eta, dirudienez, horretan denak daude ados: politikariak, gizartea, adituak eta zahartzaroarekin zerikusia daukaten erakundeak. Baina gizartearen egoera oso aldakorra da, eta aldaketa horietan zaharrekiko ikuspegia ere aldatzen doa. Arestian azaldu dudan moduan, pendulu bat bezalako joan-etorria egiten dugu jokaera hauetan: lehenengo, zaharrak ondo babesten; gero, «sakrifikatzen», eta, orain, berriro babesten. Zaharren eskubideak gazteen beharretara moldatzen ote ditugu? Nik, behintzat, horren susmoa daukat.

Orain gehiegizko babes puntura bueltatu gara. Baliteke ni, nire profesioagatik, oso sentibera izatea gai honekiko, baina arlo askotan aurkitzen dut «hiperbabes» hau. Joan den asteko albisteetan ikusi nuen borondatezko erakunde batek aplikazio bat diseinatu zuela zahar-etxeetako pertsonei konpainia egiteko. Aplikazio horrek Adopta un abuelo du izena, eta egileek harro-harro azaltzen zuten boluntarioek ehunka aitona-amonen profila aukera zezaketela. Ez dut helburu horren kontra jotzen, baina bai egindako moduaren kontra. Aipatutako gehiegizko babes honetan onartzen dugu zahar guztiei aitona edo amona deitzea, nahiz eta familiarik ez eduki. Gainera, adoptatzeko argudioa penagarria iruditzen zait, zaharrak autonomia gabeko izaki bihurtzen baititu, eta, zoritxarrez, albisteetan ikus-entzuleei irudi edadista hori erakusten ari zaie.

Ez dugu ahaztu behar pertsona zaharrak eskubide osoko herritarrak direla, eta eskubide horiek ez ditugula zertan gure egoerara moldatu. Uko egin behar diogu diskriminazioari, eta baita gehiegizko babesari ere, euren autonomia benetakoa izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.