Turismoa, ahantzi ezin den aldagaia

'Nature Climate Change' aldizkariko ikerlan batean erakutsi dute handia dela turismoak klima aldaketan duen eragina; esaten zenaren halako hiru kutsatzen du. Gas kutsatzaileen %8 eragiten ditu. Hegaldiak dira isurien iturri jorienetariko bat.

Boeing 777-300 hegazkin bat Zuricheko aireportura iristen, artxiboko argazki batean. CHRISTIAN MERZ / EFE.
arantxa iraola
2018ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Uharterik urrunenean egunsentia ikustea, eremurik idorrenak utzi eta udan hondartzarako bidea egitea, mendirik garaienetan eskiatzea, kulturarik ezezagunenak bertatik bertara ikustea... Turismoarekin lotutako jardunbideak dira guztiak. Gero eta ohikoagoak: gero eta ugariagoak. Eta horrek ingurumenean —klima aldaketan, bereziki— dituen ondorioei buruzko ikerketa bat hizpide izan da asteon. Nature Climate Change aldizkarian argitaratu berri dute, eta zeresana eman du. «Begiak irekitzeko modukoa da», adierazi du ikerketan parte hartu duen Arunima Malike ikertzaileak. Izan ere, datu argigarriak eman dituzte, berriak; orain arte Lurraren berotzea dakarten gas isurien %2,5-%3 egozten zizkioten turismoari. Orain kalkulatu dute %8 inguru eragiten dituela. Alegia, hiru aldiz gehiago.

Arretaz aztertu du artikulua BC3 Klima Aldaketa Ikergai zentroko ikertzaile Ignacio Cazcarrok. Argitara atera berri duten datuaren gaineko susmoa lehendik ere bazegoela adierazi du, baina kalkulatzeko zegoela oraindik. Hain zuzen ere, ikerketa horren ekarpenik nabarmenena kalkulu hori egiteko erabili duten «metodologian» dagoela esplikatu du; eskualde anitzeko input-output analisia deitua da, eta zinetan erabilgarritzat du. «Izan ere, aurretik egindako beste hainbat lanetan ez dira aintzat hartu amaierako eskaintza turistikora heltzeko aurretik dauden hornidura kateak; ez zegoen aski informazio horien estimazioa egiteko».

Australiatik datorren ikerlan horretan, ordea —Sydneyko Unibertsitateko Manfred Lenzen ikertzaileak zuzendu du—, asmatu dute kalkulu osoagoa egiten. Kontuan hartu dituzte turismoarekin lotutako aldagai ahalik eta gehienak: xahutzen duen energia, eskatzen dituen elikagai eta edariak, azpiegiturak... Era horretan, turismoak «zuzenean eta zeharka» eragiten dituen emisio kutsatzaileak neurtu ahal izan dituzte. 160 herrialdetako datuak hartu dituzte kontuan ikertzaileek, 2009-2013 aldikoak.

Lehendik klima aldaketaz aritzean sarri hizpide hartzen diren hainbat sektoreren pare ipintzen du turismoa kalkulu berriak. Abeltzaintzak duen eraginaz, esaterako, erruz hitz egin izan da, eta sektore horrek gas kutsatzaileen %10 inguru sorrarazten ditu. Aintzakotzat hartu behar da, gainera, hazi eta hazi ari dela turismoa gaur egun. Hainbat ikerketaren arabera, urtean %4ko hazkundea izaten du sektoreak, eta 2025era arte, bederen, erritmo horretan jarraituko du: gora. Bilakaera ekonomikoaren araberakoa izango da hori. Izan ere, per capita errenta eta turismoaren eragina estu lotzen ditu ikerlanak, eta agerian uzten ditu gai horren atzean dauden paradoxak, mundu honetako kontraesanak.

«Hain zuzen ere, karbonoaren arrasto edo presiorik handiena per capita errentarik handiena duten herrialdeetako turistek eragiten dute», ohartarazi du Cazcarrok. Ikerlanean ere argi eta garbi nabarmendu dute turisten soslaiak, haien poltsikoak, eragina duela uzten duten arrastoan: «Herrialde aberatsetako bisitariak badituzu, haiek bereziki hegaldietan eta erosketetan gastatuko dute dirua. Aldiz, herrialde behartsuagoetako bisitariek garraio publikoan ibiltzeko erabiliko dute diru gehiago».

Hegazkinen arrastoa

Hegaldiak dira, zalantza izpirik gabe, turismoak kliman dakartzan ondorioen iturri nabarmenena: BC3ko ikertzailearen arabera, hegaldien emisioak eta edukiontzi handien itsas garraioak eragiten dituenak batzen badira, turismoari lotutako isurien %15 hortxe daude. «Nolanahi ere, herrialde bakoitzari emisio horiek zein neurritan egotz dakizkien neurtzea zaila denez, eta, ondorioz, horiek murrizteko ahaleginak nori dagozkion ebaztea ere erraza ez denez, Parisen klima aldaketaren inguruko goi bileraren ostean hitzartu zen akordiotik kanpo geratu ziren», abisu eman du. Argi dago, ordea, urteotan hegaldiek eragindako emisioek gora egingo duten susmoa dagoela: hain zuzen ere, hainbat azterlanen arabera, gizaldiaren erdi alderako gas isuri guztien %15 hegazkinek eragingo dituzte.

Kutsadura urriagoa eragingo duten hegazkin berritzaileetan jartzen da usu esperantza, baina halakoekin itsutzerik ez dagoela uste du Cazcarrok. «Egiten diren hobekuntzek ere muga fisiko eta teknologikoak izaten dituzte; ni eszeptiko samarra izaten naiz muturreko tekno-baikortasunarekin». Horregatik, sakoneko aldaketen alde egin behar dela pentsatzen du. «Garrantzitsua da turistek gutxiago kutsatuko duten ondasunak eta moduak eskatzea». Gehien kutsatzen duten garraiobideen erabilera urritzera egin behar dela adierazi du, eta izadiaren zikloak eta tokian tokiko produktuak lehenesten dituzten elikadura sistemak hautatu behar direla ahal den guztietan.

Ageriko desorekak

Turismoaren jardunbideek eragindako karbonoaren arrastoa zenbait herrialdetan handitzen da, bereziki, herrialde barruko mugimenduen ondorioz: Ameriketako Estatu Batuak, Txina, Alemania eta India daude, esate baterako, zerrenda horretan goi-goiko aldean. Kanpoko bisitari asko jasotzen dituzten zenbait herrialdetan, berriz, nazioarteko turismoa da gas isuri gehienen iturria: Maldivak, Maurizioko Errepublika, Zipre eta Seychelleak daude zerrenda horren buruan.

Desoreka erakusten dute datuek, eta horren aurrean eragin behar dela nabarmendu dute artikulua idatzi duten adituek.«Beste hainbat sektore ekonomiko baino bizkorrago haziko da turismoa, eta nazioarteko komunitateak Parisko Itunaren gisako akordioetan kontuan hartu beharko du», ohartarazi du Yen-Yen Sun ikertzaileak.

Bat dator Cazcarro. Sarri turismo iraunkorraz mintzatzean «orokorkerietara» egiten dela esan du, eta ezinbestekoa dela hainbat jarduera «arautzea». Horren harira, kontuan hartzeko moduko neurriak iruditzen zaizkio turistei ipintzen zaizkien aparteko zergak. Uzten duten arrastoari aurre egiteko lagungarriak izan daitezke. «Eta herrialde bakoitzarentzat egokiena den turismoa bideratzeko edo indartzeko ere balio dezakete». Ez dadin haz edonola, mugarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.