Gaitz ikusezinaren estigma ikusgarria

Buruko gaitzak dituzten emakumeen egoera abiapuntutzat hartuta, Supporting Women ikerketa ondu du Avifesek, Bizkaiko gaixo mentalen eta senideen elkarteak. Ondorioztatu dutenez, bizi eremu emozionala da kaltetuen izaten dutena.

Uxue Gutierrez Lorenzo.
Bilbo
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Ni gaixorik nago, baina ez zait nabaritzen. Buruko gaitzak ikusezinak dira, eta horrek desabantaila itzelak sortzen ditu». Rosa Cortijok 51 urte ditu, eta bakarrik bizi da. Eskizofrenia eta depresioa diagnostikatu zizkioten 42 urte zituela, eta hiru urte daramatza egonkor. Gaixo dagoenetik bidean gauza asko galdu dituela onartu du, baina itxaropentsu bizi da: «Gaixotasunaren aurretik, nik lan egiten nuen, lagun talde bat nuen, bidaiak egiten nituen... Gauza asko galtzen dituzu gaixoaldia dela eta, baina baikorra izan nahi dut. Beharrezkoak diren baliabideekin,eta horretarako nahia dugularik, aurrera goaz». Izan ere, 2013. urtean izan zuen Cortijok Avifes elkartearen berri, eta aurrerapausoak ematen dihardu ordutik.

Buruko gaitzak dituzten pertsonekin eta haien senideekin lan egiten duen elkartea da Avifes, eta ikerketa bat plazaratu berri dute, Supporting Women deitua. Cortijoren eran buruko gaitzak pairatzen dituzten emakumeak izan dituzte abiapuntu. Horien bizi kalitatearen inguruan hausnartu dute, eta zituzten zenbait kezka, susmo eta hipotesi baieztatzea izan da azterketaren funtsa. Horretarako, zortzi bizi esparru arakatu dituzte: ongizate emozionala, pertsonen arteko harremanak, ongizate materiala, garapen pertsonala, osasun fisikoa, autodeterminazioa eta gizarte inklusioa.

Arloak bereizita, ikerketa martxan jartzeko orduan zuten premisa indartsuenaren berri eman du Joana Maluenda Avifeseko profesionalak. «Diskriminazio hirukoitza dute: emakume izatea, buruko gaitz bat edukitzea, eta gaitzak berak sortzen duen estigma». Zazpi uste berretsi nahi zituzten; emakume horien gizarte parte-hartze mugatua, baliabideak eskuratzeko dituzten aukera urriak, eta genero indarkeriaren biktima izateko duten arrisku handia, besteak beste. Cortijok ere bere buruaren isla ikusi du uste horietan: «Gizonek baino lan aukera urriagoak ditugu, askotan zaintza lanak egiten ditugu, eta nekez identifikatzen ditugu indarkeria eta manipulazioa».

Bazterketa horren kontra, aldiz, azterketan parte hartzeko aukera izate hutsa isiltasuna hausteko bide suertatu da. «Ikerketan parte hartzeko modua izateak niretzako autoestimu gorakada ekarri du. Entzun egin gaituzte, gure iritziak inporta duela ikusarazi digute, eta horrek ilusio handia piztu dit», azaldu du Cortijok. Elkarrizketekin egin dute ikerketa: galdetegi indibidualak eta eztabaida taldeak sortuta.

Orotara, Bizkaiko 194 pertsonak hartu dute parte prozesuan. Horietatik, 137 dira buruko gaitzak dituztenak, eta 96 emakumezkoak; hots, zapalkuntza hirukoitza pairatzen duten ia ehun gaixoren bizipenak jaso dituzte profesionalek. Lagin hori izan dute interesgune, haien arteko antzekotasunak zehazte aldera. «Aldagai asko aintzat hartzen saiatu gara: adina, eremu geografikoa, gaitz ezberdinak... Eta puntu komunak berberak dira». Adituak azaldu du emaitza oso homogeneoak direla. «Autoestimu baxua, norberaren pertzepzio kaskarra, bakanduta egotea, ingurukoen zaintza beren gain hartzea, eta norberaren zaintza, berriz, alboratuta».

Hari horretatik tiraka proposamen batzuk ondu dituzte, eta asmoa da emakume horien bizi kalitatea hobetzeko tresnak sortu edo dagoeneko sortuak dituztenak berregokitu eta hedatzen jarraitzea. Kasurako, emakume taldeak sortzen hasi ziren orain bost urte Bizkaiko zenbait eremutan. Markina-Xemein eta Durango izan ziren aitzindari, eta egun bost emakume talde daude martxan. Maluendak aipatu du espazio horien eraginkortasuna azterketaren beste ondorio batean islatu dela. «Buruko gaitzak dituzten emakumeekin ahalduntzea landu denean, emaitzak oso onak izan dira. Ezinbestekoa da gaixoen autonomia garatzea, hain urratua duten egonkortasun emozionala erdiesteko».

Eraso matxisten biktima

Ikerketak mahaigaineratu du beste alderdi kezkagarri bat ere: indarkeriarena. Ezaguna da lehendik ere. OME Osasunaren Mundu Erakundearen datuen arabera, buruko gaitzak dituzten lau emakumetik hiruk indarkeria jasan dute noizbait familia arloan edo bikotekidearen partetik. Batetik, duten ezegonkortasun emozionalak zaurgarriago egiten ditu. Bestetik, zailtasun nabarmenak dituzte gaixotasuna eta errealitatea bereizteko. «Askotan oso zaila suertatzen zaigu indarkeria eta hitz politak bereiztea, manipulazioaren muga noiz iragan den jakitea. Gainera, uste dugu inork ez digula sinetsiko, gure iritzia ez dela aintzat hartua izango», azaldu du Cortijok. Ezinbestekoa deritzo Maluendak egoera horiek kudeatzeko tresnak eskaintzea: «Landu beharreko gaia da. Ez dira hitz politak, euren eskubideen urraketa bat baizik».

Gizartean oraindik pisu handia duen estigmaren itzal luzea ikusten dute egoera horretan. Burua hotz, bizi duen egoeraz kontziente da Cortijo: «Zaurgarriagoak gara, gizarteak ez gaitu aintzat hartzen eta ikusezinak gara; baina, morboa ematen dugu». Maluendak, ostera, ezjakintasunari atxiki dio estigma hori, eta uste du oztopo bat izan daitekeela gaixoen bakartzea gainditzeko. Horiek horrela, aurrerapausoak ematen jarraitzeko konpromiso irmoa berretsi du gaixoak, prozesu horretan inguruan dituen emakume gaixoen erakusleiho dela argi utzita. «Orain egonkor nago, eta bide horretan segitu nahi dut. Autonomia garatzen jarraitu, ahaldundu, guztiz independente izan ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.