Pestizidak, pubertaroa aurreratzeko faktorea

Ikerlari talde batek ondorioztatu du lotura zuzena dagoela pestiziden kutsaduraren eta pubertaroa goiz izatearen artean. Garaia baino lehenagoko pubertaroak ekar ditzakeen arazo psikologikoez eta fisikoez ohartarazi dute zientzialariek.

Emakume bat aire zabaleko labore bat fumigatzen. SHERWIN / EFE.
Edurne Begiristain.
2023ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Gero eta lehenago etortzen zaie neskatoei eta mutikoei pubertaroa. Ikerketa ugarik erakutsi dute nerabezaroa hasteko adina gero eta goiztiarragoa dela, bereziki nesken kasuan. Gaur egungo neskak bularra garatzen hasten dira beren amek egiten zutena baino urtebete lehenago, eta euren amonek baino bi urte gazteago. Batez beste, hamarkada bakoitzeko hiru hilabete aurreratu da pubertaroa 1970eko hamarkadatik.

Komunitate zientifikoak aspaldi egin zuen oharra: pubertaroa garaia baino lehen etortzen da,klimaren, gizentasunaren, estresaren eta kutsaduraren ondorioz. Hain justu ere, ikerlari talde batek ondorioztatu berri du lotura zuzena dagoela pestiziden kutsadura kimikoaren eta pubertaroa oso goiz izatearen artean. Granadako Unibertsitateak (Espainia) etaCIBERESP ikerketa zentroak egin dute lana, eta Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako eta Espainiako hainbat ikerlarik ere parte hartu dute. Environmental Pollution aldizkari zientifikoan argitaratu dute urte luzez egindako ikerketa mardula.

7 eta 11 urte bitarteko 606 neskatoren eta 933 mutikoren gernu laginak aztertu dituzte azken 22 urteetan, klorpirifos, diazinon eta piretroide substantziak dituztenintsektiziden kontzentrazioa neurtzekoizurriteak kontrolatzeko erabiltzen dira—, eta ikusi dute haurren %60k pestizida organofosforatuak zituztela gernuan, erdiak baino gehiagok fungiziden hondarrak, eta %40k klorpirofoak eta piretroideak. Ikerlariek ondorioztatu dute fungizida eta intsektizida jakin batzuk kopuru handiagoan zuten haurrei pubertaroa aurreratu zitzaiela.

Carmen Freire ikerlariak gidatu du azterlana, eta, azaldu duenez, pestizida batzuek gizakiaren sistema endokrinoa aldatzeko gaitasuna dute, eta gai dira haurren pubertaroaren hasiera «bizkortzeko». Elikagaietan ohikoak diren hainbat produktutan dauden gai kimiko kutsakorrak aztertuta, ikusi dute horiek giza gorputzaren hazkundea eta bilakaera desorekatu dezaketela. «Nesken kasuan, zenbat eta pestizida kontzentrazio handiagoa izan, orduan eta lehenago garatu dute bularra. Mutilen kasuan, berriz, genitalak garaia baino lehen garatu dituzte».

Mendebaldeko herrialdeetan, pubertarorako adina 12 urteren bueltan dago neskatoen artean — batez beste, orduan izaten dute lehenengo hilerokoa—, eta 9 eta 14urte bitartean mutilen kasuan. Adituen arabera, 10 urteak bete aurretik pubertaro zantzuak dituzten neskatilak garaia baino lehen ari dira garatzen. Eta horrelako kasuak ugaritzen ari direla ohartarazi du Freirek.

Ikerlariek nesken pubertaro goiztiarra aztertu dute batez ere, ebidentzia zientifiko gehiago dagoelako eta samurrago atzematen direlako aldaketak mutilen aldean. Eta kezkarako arrazoi ugari ikusi dituzte. «Osasun publikoko arazo larria» dela azpimarratu du Freirek: «Pubertaroa oso umetan izateak arazo psikologikoak eragin ditzake nerabezaroan, eta helduaroan, berriz, zenbait minbizi mota izateko arriskua handitu dezake, besteak beste, bularretakoa eta barrabiletakoa».

Pestizidek eragin zuzena dute, baina ez da zio bakarra. Beste faktore askok dute eragina pubertaroan, Freirek dioenez. Hainbat ikerketek erakutsi dute gizentasunak eta estresak eragin zuzena dutela, eta hainbat ikerketatan iradoki izan dute adopzioan hartutako neskatoei lehenago heltzen zaiela pubertaroa. Traumaren bat bizi izan dutenek ere pubertarorako adina aurreratzeko arrisku handiagoa dute.

Nekazaritza ekologikoa

Pestiziden kasuan, ikerketaren egileek gogorarazi dute elikagai asko ekoizteko erabiltzen direla, eta bereziki fruta eta barazkietan daudela. Emandako datuen arabera, gaur egun Espainian kontsumitzen diren elikagaien %34k pestiziden hondarrak dituzte. Hauek dira pestizida gehien duten landareak: marrubiak, sagarrak, letxuga, tomateak, melokotoiak, mahatsak, mandarinak, laranjak, udareak eta limoiak.

Europako Batasunean, Espainia eta Frantzia dira nekazaritzan pestizida gehien erabiltzen duten herrialdeak, eta hor jarri dute arreta ikerketaren egileek, ekoizpen sisteman aldaketak eskatzeko. «Nekazaritza ekologikoaren aldeko apustua egin behar da, tokiko, sasoiko eta prozesatu gabeko produktu baterako jauzia».Tokian tokiko jakien alde egitea garrantzitsua dela uste du Freirek, edo, ahal dela, Europan ekoitzitakoak kontsumitu beharko liratekeela dio, «pestiziden inguruko araudia zorrotzagoa delako beste herrialde batzuekin alderatuta».

Ikerlariaren iritziz, nahi izanez gero posible da substantzia toxikorik gabeko elikadura sistema bat martxan jartzea, eta administrazioek neurriak hartu beharko lituzkete hori bermatuko duen araudi «gardena eta zorrotza» ezartzeko. «Aldaketa nagusiak goitik etorri behar du. Borondate kontua da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.