Maialen Akizu.
ELE

Bai, gaur amatasunaz

2022ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Tere Maldonado militante feministak bere azken liburuan, besteak beste, feminismoan indar handia duen Donna Harawayren «ezagutza kokatuari» egiten dio iskin, subjektuak ekintzak baino kezka gehiago sortzen duela baitirudi. Nik ere inpresioa izaten dut batzuetan geuretik aritzea nitaz hitz egitearekin nahasten dugula. Erreparoa sortzen dit marra fin horrek, baina gaur kinka horretan ibiliko naiz ba.

Duela hilabete eskas —edo duela bederatzi— egin nintzen ama, edo bihurtu ninduten, edo hasi naiz ama izaten. Hilabeteetan bi batean izan ondotik, izaki batekiko harremanak definitzen du orain nire identitatea. Bikotekideak eta biok 26 urte ditugu, guraso izateko egun gaxte, eta albistea eman eta ez erantzutea erabaki genuen lehen galdera hauxe: baina bila joan zarete edo...? «Bila» joan garela esanda, harridura, mesfidantza: oraindik lan finkorik ez, hipotekarik ez, eta hauek hauek! Bigarren aukeraren alde eginda, «sorpresa» izan den haurrari betirako «ez-desiratua» seilua jartzeko arriskua, eta, berriz ere, gazte buru-arinak gu.

Bizitzen ari naizenari oraindik esne usaina dario, baina bularrei ere bizkarrezur batek eusten die: zein zabaldua dagoen haurrak izateko ezintasuna, hain mingarria eta hain pribatua; behin baino gehiagotan ohartarazi didate jaiotza-tasaren erdia «kanpokoena» dela, eta ekartzeko «bertako» haurrak; 2021etik berdinduta daude amaren baimena eta bikotekidearena. Bederatzi hilabetez egundoko aldaketak izan dituen gorputza, sei hilabetez edoskitzeko aholkatu diotena eta gutxi gorabehera hamabi hilabeteko errekuperazioa behar duena, berdindu egiten da bizikletan ibiltzera joan daitekeen bikotekidearenarekin.

Eta halaxe gabiltza, egunkarian eta egunerokoan zutabegintzan narrasean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.