Elurre Iriarte Bañez.
ELE

Utopia ala hil

2021eko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Utopietarako gogoa dudala ohartu naiz, nardatua naizela distopiekin eta ezkortasunarekin, etorkizun beltza irudikatzearekin eta orainaldian, positiboa izatea zerbait txarra izatearekin. Badakit ez naizela bakarra.

Utopiak posible direla ikusten dutenak bilatzen hasi eta badaude, bistan da, baina esfortzu pixka bat egin behar dugu lokalizatzeko. Batzuen arabera, etorkizuna irudikatzean dago gakoa: utopikoa irudikatzen badugu, hori lortzeko abiatuko ditugu pausoak. Distopikoa imajinatzen badugu berriz, orainaldia onargarria dela pentsatuko dugu, eta lasai geldituko gara, ez daitezen gauzak sobera mugitu. Kontserbadoreak, erran nahi baita.

Gainera, kontsumitzen dugun kulturaren arabera irudikatzen omen dugu etorkizuna, eta gaur egun zaila da film edo nobela utopikoak eskuratzea. Distopiak erakargarriak egiten zaizkigu, eta oraindik ez dakit zergatik. Gure buruan eta gure ingurukoenean konfiantza gogorrik ez dugula ematen du.

Hasi, irudika ezazu inguru hurbil eta urruneko etorkizuna berrogeita hamar urteren buruan. Burura etortzen bazaizkizu krisi ekologikoa, faxismoa, kapitalismo basatia eta bertze, probatu bertze norabide hau: herri independentea, patriarkatua eta kapitalismoa desagertuak, ospitale bat eta unibertsitatea hurbil. Edo bertze hau: baratzeak nonahi eta kamioirik ez, urruneko merkantziak ekartzeko; nekazaritza eta abeltzaintza zentzudunak (kolektiboak segur aski) eta soja gehiagorik ez. Behin imajinatzekotan, hobe dugu handira jo eta desiratzen ditugun gauzetan pentsatzea.

Geldirik ez egotea eta historian dauden hausturei begiratzean omen dago gakoa, esperantzari ardura guzia eman behar izan gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.