Iban Zaldua.
ELE

El prat-en hedapenaren hedapena

2021eko abuztuaren 8a
00:00
Entzun

Jakina, oso pozik gaude akordioarekin. Negoziazioak neketsuak izan dira, baina Planetarentzako onena lortu dugula uste dugu. 1.700.000.000.000 bilioi ekumen-kreditu laguntzetan! Ezin esan Munduen Liga eskuzabala izan ez denik. Pentsa zenbat lanpostu sortu ahal izango diren horri esker.

Bai, ez dut ukatuko, erabakia ez da samurra izan. Sahara berehala geratu zen baztertuta, tenperaturen igoera globalak ez duelako komenigarria egiten. Baina arazo nagusia da urrun samar geratzen dela Kontinente Zaharreko ikuskizun turistiko nagusietatik. Eta, alde horretatik, aurkeztu ziren aukera guztien artean, Iberiar Penintsulak baldintza onenak biltzen zituen: kokapena, aurretiko biodibertsitate-galeraren historia luzea... forma geografiko bera, pistarako ezin egokiagoa! 550.000 kilometro koadroren bila zebiltzan, eta horixe ba... Leku perfektua da Espazio-Gurutzontzientzako Lurreko lehen Astroportua eraikitzeko. Azken batean, lanaren zati handi bat eginda dago jada, eskualde batzuk estaltzen dituen porlan-azalera kontuan hartuta. Eta populazio dentsitatea, konparatiboki, txikia da, birkokapenak erraztuko dituen zerbait.

I-no-la-ko du-da-rik ga-be. Urras planetako ordezkariak ziurtatu digun bezala, proiektuak ingurumenean izango duen inpaktua oso mugatua izango da: landare eta animalia espezie autoktonoen laginak Lurraren inguruko orbitan finkatutako negutegietan babestuko dira, eta interes kulturaleko ondarea, ahal den neurrian, desmuntatu eta alboko lur-masetan berreraikiko da. Ez, oraindik ez dugu immaterialaz hitz egin, ezta lekualdaketez ere, baina denbora dago horretarako. Uneotan akordioa ospatzea dagokigu.

Galdera gehiagorik? Ez?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.