ELE

Uda zer ote den

Itzea Urkizu Arsuaga
2023ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Uste dut badirela sei hilabete neuretik ezer idazten ez dudala. Eta berriro hemen, teklatu biluzi honen aurrean: hitz-konbinazioak, perpausak sortzeko aukera guztiak aurrean, eta ezereza ere bai. Nola ireki hilabetetan amestutako udaren, uda idealizatuaren, gure utopia denen antzerki bat ere baden udaren inguruko zutabe bat?

Ekin niezaioke pozetik, udara aspaldi kondenatu baikenuen irudi zuri horretara. Beirazko botila izerditan, garagardo freskoa zintzurrean behera, hondartza erdi-hutsa eta lagunarte idiliko bat, irribarre fluoreszentetan markoztatuta. Bizitza bilakatu nahi genukeen iragarki hori, ordea, urrun geratzen da, sarri, gure benetako udetatik: soldatak ezin zaituelako halako oporleku paradisiako batetaraino eraman; opor hitza zure hiztegian sobran dagoelako, eta uda ere zaintza-lanetan pasatu beharko duzulako; hondartza hori urrunegi dagoelako asteroko ospitaleko kimio-saiotik.

Oximorona dirudi udaldia egoera emozional nola-halakoekin lotzeak, bizitzaren eszena makurrak ez baitira kabitzen antzezlan udatiar honen taula gainean. Baina, egon, badaude. Oporren hasiera beilatokian pasatzea egokitu zaigu aurten, kolpearen eta ulertu nahiaren bueltan. Atarian eguzki-galgatan geundela, gogora ekarri genituen eguneroko eztabaida ezdeusak; bizitza politizatzeko baino gehiago, denbora galtzeko bide ematen digutenak. Esango nuke denok hitzeman geniola geure buruari, aurrerantzean benetako begirunez so egingo geniola genuen horri. Utopiak antzeztu beharrean, bizitza besarkatu, urtaroa edozein dela ere. Hala bedi.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.