oihana arana
ELE

Ahoarentzako poesia

2021eko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Kanpoan naiz oporretan; non eta Andaluzian. Maleta bete traste eta telazko poltsa beix horietako bat lepoan hartuta. Eguzkitako krema bigarren azal eta betaurrekoen iluna mundua begiratzeko marko. Miren Agur Meaberen Nola gorde errautsa kolkoan dut gaueroko ohaide fidel, eta harearen gainean etzanda egoteko autodefinituak maiteago ditudan arren, lantzean hondartzakide ere bai. Pamela jantzita Miren Agurren poemak irakurtzeak xarma berezia duelako (inork zalantzarik izango balu: bai, hobeki entenditzen dira horrela).

Bero sapa izugarriak eta soineko udatiarrek behin eta berriz oroitarazten didate gorputz baten jabe izatea zenbateraino izan daitekeen buruhauste: izerdi likatsua, izterren arteko urratuak, astun eta nazkagarri sentitzea... Urte osoan almazenean edukitako traumatxoen kabalgata, badakizue.

Hori guztia ahazten (edo behelainotan ezkutatzen) ahalegindu eta oporrei opor zaporea emate aldera, banoa, bada, gazpatxoa hartzera terraza batera, eta ez dut ba topatu kartel bat «Ahoarentzako poesia da ardoa» oihukatzen. Ahoarentzako poesia. Poesiak zein gorputz ataletan eragiten duen aukeratzerik balego moduan. Haserretu egin naiz; ez nago ados, eta, beste egoera batean barre egingo nukeen arren, hausnartzeko beta hartu dut.

Oro har, alkoholdun edarien kontra nago, eta ez dut sekula alkoholik edan; hargatik, pentsatu dut alkoholaren gehiegizko apologia egiten duen jendarteari kritika zorrotz bat egin beharko niokeela noizbait publikoki, eta akaso horri buruz egin beharko nukeela berba gaurko artikuluan. Baina tira, oporretan nago eta ez dut ur sakonegietan murgildu gura.

Gazpatxoa amaitu, pamela jantzi eta banoa hondartzara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.