Maialen Akizu.
ELE

Magnum

2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Ez da albistegietan azaldu, baina behin baino gehiagotan entzun dut berria dagoeneko. Zuek ere ohartuko zineten: Magnum izozkien barrualdea aldatu egin da. Aldatu egin dute. Udak, besteak beste, almendrazko Magnum izozkien zaporea du gurean, eta probatu aldiro bat egin dugu ingurukook: izozkiaren kanpoaldeko txokolateak jarraitzen du kurruskaria izaten, hozka egin eta nahieran hausten da, krask, baina barruko banilla eta abarren gozoa lehenago urtzen da ahoan, edo estuagoa da, edo ez du lehengo zapore bera. Txokolate zuriarekin, beltzarekin eta karameluzkoarekin ere probatu dugu, eta denetan igualtsu. Ez dakigu ondo azaltzen zer gertatu den, nola deskribatu aldaketa, baina izozkiaren makilatxora denok heltzen gara uste baino lehenago, nahi baino asegaitzago: hara, hau al zen dena?

Magnum izozkiek, gurean, uda zaporea dute. Urlia parranda gogoz zegoen; sandiak prezioen igoerak sortutako egonezina ahots altuz azaltzen zuen; berendiak atsedena eta atsedena, horretarako beharra zuela sinesten zuen. Uda, aurten ere, ekainaren 21ean hasi zen. Bazirudien pandemiatik salbu definituko zela, betiko forma zuela, kurruskaria, kontrolaezina, Magnuma, krask. Jarri digute parean, desiratu dugu eta egin diogu kosk: egarria eta suteak, liztorrak eta ziztadak, sexua eta larrua. Ez diot nostalgiari hauspo eman nahi, ezta egungo gizarte likido eta desilusiodunaren teoriak azpimarratu nahi ere. Udan iritzia ontzea ez da xamurra, baina erantzunik ez izateak ez du desenkusatzen galdera eza. Zer gertatu zaio Magnumaren barrualdeari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.