Kolonialismoak ostu ziena berreskuratzera

Brasilgo Gobernua kanporatzen ari da yanomami indigenen eremuan urrea ustiatzen duten milaka meatzari, otsail hasieratik. Hego Amerikako herrian, 1980ko hamarkadatik, krisi humanitario «larria» eragitea egotzi diete indigenen aldeko erakundeek.

Brasilgo Ingurumen Institutuko agente bat, aurrean meatzarien hegazkin bat erretzen ari dela, yanomamien eremuan. EFE.
Mikel O. Iribar.
2023ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Amazonia iparraldeko etnia indigenarik handiena da yanomamiena. Hego Amerikako herri indigena horretako 27.000 kide inguru zortzi herritan bizi dira —hamar milioi hektarea ditu eremuak—, Brasil eta Venezuela artean kokatuak. Haien lurraldea zinez aberatsa da mineraletan, eta urre bila doazen meatzarien ustiapena eguneroko bilakatu da, indigenen kalterako; hain zuzen, yanomamien %20 hil ziren kolonizazio proiektuek 1980ko hamarkadan eragindako triskantzaren ondorioz. Egoera oso makurrean bizi dira egun. Bada, Brasilgo Gobernuak otsail hasieran ekin zion indigenen lurraldea okupatua duten eta bertan urrea ustiatzen diharduten milaka meatzari kanporatzeko lanari, Luiz Inacio da Silva Lula presidenteak hala aginduta.

Legez kanpoko meatzaritza amaitzea. Horixe izan zen Lularen presidentetzarako hauteskunde kanpainako promesetako bat. Eskualdearen kontrola berreskuratzeko operazioan, Brasilgo Ingurumen Institutuko (Ibama) agenteak, Herri Indigenen Fundazio Nazionala (Funai) eta Indar Nazionaleko poliziak parte hartzen ari dira. Brasilgo Ingurumen Institutuak ohar batez jakinarazi zuenez, orain arte meatzarien helikoptero bat, hegazkin bat eta hondeamakina bat suntsitu dituzte, baita inguru horretan legez kanpo lan egiten zuten 20.000 meatzariek erabilitako hainbat tresna ere. Yanomamiei mehatxu egitea eta haien lurraldean krisi humanitario «larria» eragitea leporatzen diete erakunde horiek meatzari enpresei.

Brasilgo armadak kontrol eremu bat ezarri du Uraricoera ibaian, legez kanpoko meategien hornidura eragozteko, eta aurreikusi du gisa horretako postu gehiago jartzea eskualdeko beste zenbait eremutan. Aldi berean, aireko armadak hegazkinak bidali ditu Venezuelarekin muga egiten duen lurraldera, aireko trafikoa eteteko. Agintarien presioaren ondorioz, milaka meatzari ilegalek eta haien senideek oihanean jarritako kanpalekuak utzi behar izan dituzte azken egunotan; Brasilgo Senatuak herenegun iragarri zuenez, 19.000 inguruk jada alde egin dute.

Brasilgo Konstituzioaren arabera, debekatuta dago indigenen eremuetan urrea ustiatzea, baina bost axola zaie horretan lan egiten duten enpresei; legez kanpoko meatzarien kopuruak gora egin du nabarmen indigenen lurretan azken lau urteetan, Jair Bolsonaro presidente ohiak bultzatuta, Amazoniako baliabideen ustiapenen defendatzaile sutsua baitzen estatuburu ultraeskuindarra. Brasilgo Ingurumen Institutuak emandako zenbait daturen arabera, 2018ko urritik 2022ko abendura bitartean, lur horietan meatzaritza ilegalari lotutako deforestazioa %308 handitu zen, 1.782 hektarea okupatzeraino; iaztik joan den otsailera, berriz, %61,8 hazi zen. Institutu horrek beste datu hau ere kaleratu zuen aurrez: 2016tik 2020ra bitartean, urrearen eta beste mineral batzuen ustiapenen legez kanpoko jarduerak %3.350 egin zuen gora.

Legezko meatzaritzaren eta legez kanpokoaren arteko, eta publikoaren eta pribatuaren arteko xextran, yanomamien lurraldearen ia %60 Mineralen Ekoizpeneko Departamentu Nazionalean erregistratutako meatzari enpresen eskaerez eta tituluz okupatua dago. Survival GKE gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez, ia 20.000 legez kanpoko urre bilatzaile daude egun—40.000 ere izan ziren—, horietako asko erakunde klandestinotan eratuak. Kontrol faltaz baliatzen dira dena inbaditzeko, eta, bide horretan, natura eta bertako biztanleria suntsitu dituzte.

Amazoniako baliabide naturalak erruz ustiatzearen eraginez, inoizko osasun krisirik handiena pairatzen ari dira yanomamiak. Herri Indigenen Ministerioak emandako datuen arabera, gutxienez 570 haur hil dira azken lau urteetan, merkurio kutsaduragatik, muturreko desnutrizioagatik eta goseagatik; are, 2022an, 1 eta 4 urte arteko 99 ume zendu ziren malariak, pneumoniak eta beherakoak jota. Egoerak hala behartuta, iragan urtarrilean, Lulak «osasun larrialdia» ezarri zuen Yanomami Lur Indigenan. Hara egindako bisitaren ondoren, estatuburuak ohartarazi zuen hango egoera «ankerra» dela, eta iragarri zuen botikak eta 75 tona elikagai bidaliko zituela, baita bi ospitale eraiki ere.

Yanomamiko «genozidioa»

Presidente ezkertiarrak Bolsonaro egin du yanomamiek egun duten egoeraren erantzule, eta «genozidioa» egitea leporatu dio. Horrekin lotuta, Polizia Federalak agintari ohiaren aurkako ikerketa abiatu du, Auzitegi Federal Goreneko magistratu Luis Roberto Barrosoren aginduz. Brasilen, genozidio delituagatik 30 urteko espetxe zigorra ezar diezaiokete gehienez. Halaber, auzitegia prest dago Bolsonarok zuzendutako gobernua ere ikertzeko, yanomami komunitateei buruzko datu «faltsuak» zabaltzeagatik.

Funtsean, azaleratu egin dira Bolsonarok bere agintaldian tribu indigenen aurka ezarri zituen politikak, baita erabaki horien atzean zeuden interes ekonomiko handiak ere. Herri Indigenen Fundazio Nazionalaren arabera, meatzaritza sektoreko enpresek Roraima estatuko militarrak erosi zituzten hainbat urtez, kontrolik gabe aritzeko. Hala, meatzari guztiak yanomami, karipuna, kayapo eta beste herri indigena batzuetatik erretiratzeko agindua eman zuen auzitegiak, joan den hilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.