Amaiur Esnaola. Animalien ekologian doktoregaia

«Jende asko dago tesia bekarik gabe egiten ari dena, langabezian egonda»

BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Pirinioetako muturluzea ikertu du Amaiur Esnaolak. Jatorriz Iberiar penintsulakoa den animalia txiki hori erreketan bizi da, baina ohartu dira azken urteetan populazioa erdira jaitsi dela, eta giza jarduerak eragin zuzena duela aztertu dute. «Kutsadura, eraikitzen ditugun oztopoak, ibaiertzen suntsitzea, basoen mozteak... Horrek guztiak badu eragina erreken kalitatean eta konplexutasun ekologikoan. Gaur egun oraindik oso gutxi dakigu animalia horren ekologiari buruz. Animalia bat atxiki nahi baduzu, jakin behar duzu zer behar duen. Nire ikerketa izan da foku ilun horiek argitzea. Funtsean, ikusi zer babestu behar dugun muturluzea babesteko».

Eusko Jaurlaritzaren beka batekin egin zuen ikerketa Esnaolak. «Ez da erraza. Gure soldata oso minimoa da. Ez dut uste ikerketa duin egiteko moduko baldintzak direnik, baina jende asko dago tesia bekarik gabe egiten ari dena, langabezian egonda. Uste dut orokorrean ikerkuntza ez dela baloratua behar lukeen bezala».

Ikerketak «betidanik» erakarri izan du, baina ez zuen bereziki bere burua horretan irudikatzen. «Aukera izan nuen, eta oso gustura nago, pertsona gisa eta profesional gisa formakuntza osoa jasotzen ari naizelako; ez naiz damutzen». Orain dela bi urteko Ikergazten parte hartu zuen. «Ez nekien nora nindoan, eta pixka bat arraroa da hain arlo ezberdinetako jendea elkartu eta gainontzekoei kontatzen saiatzea zertan lan egiten dugun. Liluratua gelditu nintzen Euskal Herrian zenbat gauza egiten diren ikusita. Askotan kanpora begira egoten gara, baina ez dugu ikusten gure ingurukoak zertan ari diren. Horregatik, ilusio handiz etorri naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.