Albistea entzun

ELE

Kontatu nituen plazan

Oihana Arana -

2021eko abuztuak 3

Munduan beste asko lez hanka-puntetan bizi naizelako sentsazioa dut: nago handi sentitzeko baino lurrazalaren ahalik eta zati txikiena hartzeko egiten ez ote dudan. Bizkarreko min kronikoen eta behatz puntetako zaurien eragile izanagatik, baditu alde onak ere: apenas sartzen den komeni ez den sastarrik zapata barruetara. Ez dakit zenbateraino den trikimailu aproposa, ordea. Izan ere, hartxintxarrak saihesten ahalegindu arren, zerutik dator harria.

Bihar arte egongo nintzateke plazak eragindako traumak Laboaren ahotsari ematen, hark kanta ditzan nik burua mantapean gordeta ez existitzera jolasten dudan bitartean. Eta gura duzuena pentsatuko duzue nitaz, baina bai, egoera desatseginak kudeatzeko aurreneko pausoa burua mantapean ezkutatzea da; dramatismoak eskaintzen duen talaiatik aiseago konpontzen dut buruhauste oro. Azal iezadazue bestela nola egiten zaion aurre jendaurrean, mikro eta guzti, kantuan hasi eta ikusezin sentitzeari; zernahi lan egiten duzula ere, adinez gaztea zarela entzun behar izateari; gura ez zaituen lur bat zapaltzen ari zarelako sentsazioari...

Nire minak ez bazaizkizue aski axolazkoak iruditzen, ez dizuet iritziz alda dezazuen eskatuko, baina utz nazazue trankil. Nik ere badakit min baino poz gehiago ekartzen dizkidatela plazak eta kideek, baita maiz ogi-apurrak arroka bilakatzen ditudala ere; baina zuek ere bilakatzen dituzue arrokak ogi-apur, eta ez dizuet ezer esaten.

Poeta naizenez gero, ez dut zerurik espero. Baina galdegiten dut lur zingiratsu bat behintzat; eta etxerako bidea hartu aurretik hanketako ileetatik lokatza kentzen dudan bitartean horrenbesteko lokatzik ez dagoela esango didan inor ez egotea, inoiz.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...