oihana arana
ELE

Abuztuaren 31

2021eko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Fidela izan nahi nuke neure buruarekin. Inertziak desagerrarazi eta erabaki kontzienteak hartu. Damua zilegi dela ulertu eta damua eta mina bereizten ikasi. Lan gutxiago egin. Arnasa hobeto hartu. Ezetz esaten ikasi. Behatz lodiko azkazala zuzen moztu. Barkamena gutxiagotan eskatu. Etxean denbora gutxiago egon nahi dut. Inolako onik egiten ez didaten ahotsek diotenari muzin egin nahi diot. Erosten ditudan liburu guztiak irakurri, edo liburu gutxiago erosi behintzat. Goizero gosaldu. Zortzi ordu lo egin. Lehia mota guztiekiko ahalik eta distantzia handienera kokatu, lokarriak zapatak kendu baino lehen askatu. Itsasoa egunero ikusi. Autobus geltokietan denbora gutxiago galdu; agenda erabili. Estres momentuak gerturatzen ari direla igartzerakoan burua mantapean gordetzeagatik errudun ez sentitu...

Horratx ikasturte honetan egin gura ditudan, eta, hortaz, egin beharko nituzkeen gauzen zerrenda. Beste era batera esanda, egingo ez ditudanena.

Jende gehientsuenak abenduan egiten duen zerrenda txatxua abuztu amaieran egitea erabaki dut nik. Inongo zalantzarik gabe, urtarrilak baino pisu sinboliko handiagoa duelako irailak nire bizitzan. Aldaketak sakonagoak dira, nabarmenagoa da hasiera sentsazioa eta zaurgarriago egoten naiz, ahulago ere bai, esango nuke. Eta idatzitakoetatik laurdenak ere beteko ez ditudala jakin badakidan arren, irailari irri txiki batekin ekiteko balioko dit egitekoen zerrenda honek; egin nahi ez ditudanen zerrendaren aurka talka egitera noan aldi guztietarako galga egokia izango delakoan nago.

Eta egiari zor, ez betetzea ere ez da drama handia izango. Liburu bat hasi eta gustuko ez badut ez amaitzeko adinako adorea biltzen baldin badut, konforme.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.