Energiaren garestitzea

Auto ilararik ez, baina arazoak fakturekin

Gasolindegi guztietan hasi dira deskontuak aplikatzen, eta Hego Euskal Herriko batzuetan auto ilara txikiak sortu dira, baina ordainketa sistemak huts egin dielako

Merkeago. Autoak Bilboko gasolindegi batean, atzo, deskontuaren lehen egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Jokin Sagarzazu - Iker Aranburu
2022ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Ez zen auto ilararik izan. Arazoa beste bat izan zen. Atzo, aurreko egunetan baino mugimendu handiagoa izan zen Euskal Herriko zerbitzuguneetan, baina oro har «lasai» aritu ziren lanean. Hori bai, Hegoaldeko konpainia batekoetan —Repsolen eta eta haren sarekoetan, Petronorrenak barne— arazoak izan zituzten fakturak egitean, sistema informatikoa blokeatu egin zitzaielako, lehen orduan bereziki. Horren ondorioz, gasolindegi batzuk tarte batez itxi zituzten.

Atzo sartu ziren indarreanerregaiei ezarritako deskontuak, Hegoaldean litroko hogei zentimokoa eta Iparraldean hemezortzikoa. Mugako alde bietan, gainera, ez dira modu berean aplikatzen. Hegoaldeko gasolindegien sarreretako paneletan eta hornigailuetan azaltzen den prezioak ez du deskontua jasotzen; tiketean zehaztu behar da, xehatua. Iparraldekoetan, ordea, zuzenean aplikatzen da, eta errepidetik edo makinetan ikusten den bera da. Horregatik sortu ziren arazoak Hegoaldean. Konpainiek sistema informatikoak egokitu behar dituzte orain, eta hamar egun dituzte horretarako.

Sestaoko (Bizkaia) Repsolen, adibidez, «inbutua» sortu zen lehen orduetan, hango arduradunak azaldu duenez. «Txartel bidezko ordainketekin izan dugu arazoa, eta eskudirutan egin behar izan dute. Lehen orduan bezero ugari etorri dira, beste zerbitzuguneetan gauza bera gertatu da, eta sistema blokeatu egin da». Sestaoko gasolindegiko langileak aitortu du azken egunetan baino bezero gehiago izan zituztela atzo. «Argi dago jendea deskontuaren zain zegoela».

Repsolen sareko Nafarroako gasolindegietan ere arazoak izan zituzten ordainketekin, eta batzuek eguerdian itxi zuten, konpondu arte. Hala gertatu zen Leitza aldeko zerbitzugune batean. «Guk ezin genien bezero batzuei aplikatu deskontua, eta beste batzuei ez; salaketa jar diezagukete horregatik», azaldu du hango langile batek. «Bezero batek 140 euro sartu ditu, eta deskontua egin gabe joan da, billeteekin pagatuta. Baina Tuterara zihoan pasaitar bat txartela hemen utzita joan da; gero arratsaldean jasotzeko. Ezin dugu horrela jarraitu». Itxi aurretik, lanez gainezka aritu ziren han. Batetik, elurragatik A-15eko gidariak errepide zaharretik desbideratu zituztelako, eta, bestetik, depositua betetzeko zain zeuden batzuk joan zirelako. «Atzo arte oso jende gutxi izan dugu, eta gehienek 20 euro-edo sartu dute. Zain zeuden».

Ordainketa sistemarekin arazorik izan ez zutenik ere badago: Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Repsoleko zerbitzugunean, esaterako. N-1 errepidean dago. Atzo, ohi baino bezero gehiago izan zituzten, baina ez zen auto ilararik sortu. Hango arduradunak aitortu du jendea «despistatu samar» zebilela, paneletako prezioak deskontuekin ala gabe azaltzen ziren galdezka. «Hobe zen benetan kobratuko den prezioa jarri izan balute, baina hori ez dago gure esku», azpimarratu du.

Barakaldoko (Bizkaia) Eroskiko zerbitzugunean ere ez zuten arazorik izan. Han, espero zuten moduan joan zen eguna: auto gehiago, bai, baina «uholderik» ez, eta kobratzeko orduan ere arazorik ez. Bezeroak, oro har, «oso ongi informatuta» joan zirela adierazi du hango arduradunak. Zurbaoko (Araba) Aviaren gasolindegian, berriz, hango langileak «azalpen ugari» eman behar izan zizkien. N-1 errepidean dago zerbitzugunea, baina, halere,eguna «lasai»joan zen, «elurrarengatik ziurrenik». Irungo (Gipuzkoa) Zaisa zerbitzugunean, berriz, kamioilariak dira bezero gehienak. Hango langileen arabera, goizean kosta egin zitzaien deskontuen sistemara egokitzea, baina «arazo berezirik» ez zuten izan. Aldeak alde, eta arazo teknikoak gorabehera, kontsultatutako gasolindegi gehienetan pozik zeuden atzo, bezero ugari eta gehienek deposituak bete zituztelako.

Prezioak behera

Atzoko beste zalantzetako bat zen deskontuak direla-eta gasolindegiek azken egunetako prezioak igoko zituzten ala ez; azkenean, zen halakorik gertatu. Asteartetik, Espainiako Gobernuak neurria onartu zuenetik, atzo arte, neurria indarrean sartu arte, apur bat apaldu dira gasolinaren eta gasolioaren prezioak. Baita Iparraldean ere —Parisek martxoaren 14an iragarri zituen deskontuak—. Era berean, BERRIAk Euskal Herri osoko hamar gasolin- degitan egin du azterketa, eta hori hala izan dela baieztatu du. Azken egunetako beherapenak, baina, oso urriak izan dira azken asteetako igoerekin alderatuta: hamar zentimotik beherakoak. Joera hori zenbat egunez iraungo duen ikusteko dago, oso aldakor baitago petrolioaren merkatua Ukrainako gerraren ondorioengatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.