Alazne Arruti Bengoetxea.
ELE

Mezulariarena

2022ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Txikitan, sutondoak ez ninduen ikaratzen. Lur hotzean eseri eta oinak galtzerdi lodiekin beira goriaren kontra zanpatzen nituen. Edota gustura asko batzen ginen sukaldeko suaren bueltan aulkiak arrimatuta, gerrialdea goxatzeko esperoan.

Noizbait, etxe ondoko sailen batek ere sua hartu izan zuenaren akordua dut. Gorritasun bizi hura, ikaraz baino gehiago, harridura eta handitasunez begiratzen nuela esango nuke, hanka puntetan leihora altxaturik. Izan ere, ohartzerako itzaltzen zituzten sugarrak, arrasto ubelak denborarekin azkar biziberritzen zirela ziruditelarik. Eta esango nuke ordutik ez dudala kanta, harreman, haragi, film eta pantailatik haragoko halako suterik bizi.

Duela aste pare bat, ordea, 40 graduko eguzkiaren mehatxu betean Narbona ingurua autoz zeharkatzen ari ginelarik, ke zutabe bat agertu zen zerumugan. Harengandik urrundu behar genuelakoan engainatu gintuen errepide okerrak. Baina ohartzerako, sekula ikusi gabeko zeru zikin eta kolorgetzen hasi batek irentsi gintuen, pixkanaka tonu laranja bat nagusitzen hasi zen arte.

Txoriak noraezean eta larritasunez nabari zitezkeen sugarren gainetik hegaldian. Zaldiak, etxeen antzera, hesiak gainditu ezinik urduri eta peskizan. Herritarrak autobide gaineko zubietan, besoak gurutzaturik suhiltzaileen zain. Eta gidari eta tripulanteok, aurrera bidea etengo zigutenaren beldurrez edota katastrofearen larritasunez, aulkietan tenkaturik.

Etxera heldu berritan jakin nuen inguru horretan 20.000 uso mezulari inguru desagertu zirela bero, ekaitz eta ur faltaz desorientaturik. Eta honek euren mezua hona ekartzeko saiakera arin baten tankera hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.