Albistea entzun

Gerra Ukrainan

Gerrak txikitutako hiri bat nola berreraiki

Mikolaiv berreraikitzeko plan zuzentzailearen analisiaren lehen fasea plazaratu dute. Osatzen ari direnentzat, paradoxikoa den arren, gatazkak aukera bat eman die, eta «klima aldaketak» ekarriko duena kontuan hartu beharko lukete metodologia osatzerakoan.
Eraikin bat suntsituta Mikolaiven.
Eraikin bat suntsituta Mikolaiven. OLEKSII PERK / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2023ko martxoak 28

Gerrak txikizioa eragin du Ukrainako zenbait hiritan. Mikolaiven, herrialdeko hiri handienetako bederatzigarrenean —480.000 biztanle zituen inbasioaren aurretik—, Itsaso Beltzeko porturik garrantzitsuenetako batean, bizilekuak egiteko 340.000 metro koadro baino gehiago kaltetu dira Errusiaren erasoengatik azkeneko urtean. Datu hori dauka One Works arkitektura eta urbanismo estudioak. Milanen (Italiako) du egoitza, eta koordinatzen ari da hiria berreraikitzeko plan zuzentzailea, Mikolaiveko Udalarekin, UNECE NBE Nazio Batuen Erakundearen Europarako Batzorde Ekonomikoarekin, NBEren hamasei agentziarekin, eta nazioarteko beste aditu batzuekin elkarlanean. Egitasmoa osatzeko, iazko abuztutik aurtengo otsailera bitartean egindako analisiaren lehen fasea plazaratu dute. «Jada marko bat dugu, oinarri bat», azaldu du Ana Paez One Workseko kideak, proiektuaren managerrak, telematikoki. «Egungo gatazkatik haratago doan metodologia batean pentsatu behar dugu, zeinak aintzat hartuko baitu hiri guztiek etorkizunean edukiko duten gerra bat: klima aldaketak eragindakoa». Paraleloki, Norman Foster fundazioa ari da gidatzen Kharkiv hiria berreraikitzeko proiektua.

Gatazkarengatik, biztanleen erdiak galdu ditu Mikolaivek, baina Paezek kontatu du hango alkate Oleksandr Senkevitxek aitortzen duela, «paradoxikoa» dirudien arren, gertatutakoa «aukera bat» dela NBEk hauspotutako hobeto berreraiki leloa gauzatu ahal izateko. Arkitektoak ohartarazi du, halere, malgutasunez jokatu behar dutela, egoeraren «ziurtasunik ezarengatik»: ez baitakite gerra noiz bukatuko den.

Bitartean, lanean ari dira. Aurreneko urratsa Ukrainako Komunitateen eta Lurraldeen Garapenerako Ministerioak eman zuen, iazko apirilean. Gerrak kalte egindako eremuen berreraikitze planak bideratzea helburu zuten gomendioen proiektu bat ondu zuen, eta, hori garatzeko, laguntza eskatu zion UNECEri. Hasteko, kalteen balorazio bat egin behar dute. Horretan ari dira, satelite bidezko irudiak baliatuz, Paezen esanetan. Hori, batetik. Bestetik, oso-oso beheran hegan egiten duten drone batzuk eman dizkie Danimarkako Gobernuak, eta horiek erabiliz bereizmen handiko irudiak hartzen ari dira; eta, hirugarrenik, datuen analisirako Ukrainako enpresa bat ari da irudi horiek prozesatzen, eta adimen artifizialaren bidez gai da adierazteko, zehatz-mehatz, zein kalte detektatu dituzten.

Teknologikoki, aurreratuta

Paezen arabera, «zorte handia» eduki dute, Mikolaiveko Udala «oso aurreratuta» baitago teknologiaren erabilerari dagokionez. 2019an datu base bat egin zuten «hiriaren alderdi urbanoaren» datuak biltzeko. Eraikinak, metro koadroak, azpiegitura sistemak... «Guri erakutsi ziguten, eta, kalteen balorazioaren informazioa helarazten digutenean, konparatu dezakegu udalak 2019an egin zuenarekin. Horrek ematen digu modua hiriaren egungo egoeraren argazki ahalik eta doituena edukitzeko».

Errusiaren bonbek kalte egindako «objektuak» sailkatzen eta zenbatzen ari dira orain, eta, Paezek esan duenez, teknologiak modua ematen die jakiteko zein objektu eraitsi behar dituzten, eta, aldiz, zeintzuek jasan duten «kalte ez-egiturazkoa, nolabait fatxadakoa», arinagoa. «Hori guztia lotuta dago, hain zuzen, plan zuzentzailearen jasangarritasunarekin».

Horiek horrela, berreraikuntzarako analisia bost eremutan banatu dute: garraio eta konexio azpiegiturak; ur azpiegitura jasangarriak; etxebizitza sozialak; industria garapena; eta kogobernantza. Azkenekoari erreparatuta, Paezek nabarmendu nahi izan du ez dela «ezer inposatuko». Eta beste alderdi bat ere izan du hizpide: «Komunitateak izan behar du egiten ari garenaren parte». Horregatik, proiektuari buruzko 40 galderako galdetegi bat jarri zuten sarean, herritarrentzat eskuragarri. «Baina oso-oso harrituta gaude, oso erreaktiboak izan baitira». Paezek kontatu du galdetegia sarean jarri eta lehen bost egunetan 6.000 erantzun jaso zituztela, eta dagoeneko 15.000 direla. «Harrigarria da, kontuan hartuta nola dauden». Hango herritarrekin jarduerak egiteko asmoa dute aurrerantzean.

Definituta daude, gainera, analisiko bost eremuekin lotuta, bost proiektu pilotu gaika sailkatuta: bizitegi erabilera duen mikroauzoak; kultura eta ondarea; industria eta komertzioa; berrikuntza eta enpresa espiritua; eta eremu berdeak eta espazio publikoak. «Lehen transformazio lerroak izango lirateke, nolabait». Paezi iruditzen zaio garrantzitsuak izango direla, bai haientzat, bai Ukrainako agintarientzat, ikusteko eta ulertzeko zein «oztopori edo arazori» aurre egin beharko dieten plan zuzentzailea gauzatzerakoan. «Aintzat hartu behar dugu haiek dituzten legedi batzuk beharbada ez direla eguneratuak izan urteetan, eta Europako Batasunean ez dauden arren kide izan nahi dutela».

Dresden eta Detroit, eredu

Analisia egiterakoan, antzeko esperientzia bat eduki eta gero «era arrakastatsu batean» funtzionatu duten hiriak aztertu dituzte, abiapuntu gisa hartuta Mikolaivek izan duen biztanle galera. Bi hautatu dituzte: Dresden (Alemania), Bigarren Mundu Gerran txikitua, eta Detroit (AEB), Atzeraldi Handia nabarmen nozitutakoa. «Zergatik? Kasu horietan hirietako eremu batzuk hutsik bezala geratu zirelako, eta ziurtasunik eza dagoelako: ez dakigu herritarrak itzuliko diren edo ez. Orduan, planak malgua behar du izan, eta jokaleku askotarikoak irudikatu behar ditugu», azpimarratu du arkitektoak.

Jada argi dute plan zuzentzailean jasoko dutela, adibidez, herritarrek porturako sarbidea izatea, eta portuak, bide batez, espazio publikoak, dendak eta abar edukitzea, «Ameriketako eta Europako hiriek bezala». «Hala eskatu dute teknikariek eta herritarrek beraiek». Zeren Mikolaiv «inperio sobietarrarentzat» ontziak egiteko sortu baitzen. «Orduan, portuaren zatirik handiena eremu militar eta industrialek okupatu dute».

Sobietar Batasuneko hirietan nagusitu zen urbanismoa nabaria da Mikolaiveko eraikinetan, apartamentuetan, «diseinurik gabeko eremu berde degradatuetan»... Paezek esan du hango herritarrek eredu hori atzean utzi nahi dutela. «Erakusten diegu nola aldatu ahalko zuketen apartamentuen antolakuntza, nola bihurtu ahalko genituzkeen blokeetako beheko pisuak eremu komertzial...».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Israelgo espetxeetan preso daudenen hainbat senide, apirilaren 24an, Gazan. ©MOHAMMED SABER / EFE

Preso palestinarrek gose greba mugagabea abiatuko dute hilaren 18an

Mikel O. Iribar

Presoen Batzordearen eskakizun nagusia da Israelek nazioarteko zuzenbide humanitarioa errespetatzea eta kartzeletako atxiloketa administratiboaren erregimena amaitzea; 4.900 presotik 1.014 daude erregimen horretan.

Gizon bat zabortegi batean lanean, Karatxin, Pakistanen. ©SHAHZAIB AKBER / EFE

AIren arabera, klima aldaketak kolokan jartzen ditu oinarrizko giza eskubideak

Maddi Iztueta Olano

Amnesty Internationalek ohartarazi du klima larrialdiak arriskuan jarriko duela gizartearen iraupena. Giza eta diru laguntzak handitu ditzatela eskatu die herrialde aberatsenei.

Ukrainako soldadu bat Donetsk inguruan, artxiboko argazki batean ©EFE

Errusiak adierazi du Ukrainaren «erasoaldi handi bat» zapuztu duela

Igor Susaeta

Moskuk nabarmendu du Ukrainako armadaren 250 bat soldadu hil dituela Donetsken. «Informazio faltsua» zabaltzea eta «operazio psikologiko bat» martxan jartzea egotzi dio Kievek Kremlini.

 

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.