Goiatz Labandibar.
ELE

Ofiziorik ederrena

2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Zer izan nahi duzu handitan?». Ez dago haurrik galdera hori entzun ez duenik. Jaio orduko destino goren profesional bat izan behar dugula dirudi. Prestigioa duen ofizioren bat betetzera iritsi garela mundura, humanitatea salbatzera. Zeren haur denek erantzuten dute izan nahi dutela astronauta, irakasle, mediku edo aktore. Gutxik esango dute merkataritza guneko kajera edo arrainketaria izan nahi dutela.

Nik umetan albaitaria izan nahi nuen. Harik eta behin amonaren txakurra umatu, txakurkumeak albaitariarengana eraman eta ipurtzulotik termometroa nola sartzen zieten ikusi nuen arte. Ez zaizkit ahaztu kumeen garrasi biziak. Orduan erabaki nuen albaitari izatea ez zela nire destino gorena.

Duela urte batzuk lan-eskaintza bat egin zuten Australian, «munduko lanik onena» zela iragarriz. Uharte paradisiako paradisutar bat publizitatzeko 35.000 lagunek bidali zuten curriculuma. Ez dakit sei hilabete pasatzea deus ez dagoen irla batean bakarrik izango litzatekeen, baina otutzen zaizkit lan ederrak behar luketela izan Michelin izarren dastatzaile, edo. Baina, gaur, aukeratzen utziko balidate, agian ofiziorik ederretan ederrena aukeratuko nuke: tabakeriako irakurlea. Zerbaitengatik da ofizio hau kultur-ondare Kuban.

Imajinatu, esnatu, gosaldu, lantokira joan, hantxe eseri, eta ahotsgoran irakurtzea dela zure egitekoa. Are ederragoa behar du irakurriko dituen liburuak aukeratzen dituena ere zu zeu bazara. Gustu handiz irakurriko nituzke ahotsgoran Roald Dahlen Matilda, Ione Gorostarzuren Des-egiten, Zena El Khalilen Beirut, I love you edo María Gainzaren El nervio óptico.

Bitartean, Irène Nemirovskyren Dantzaldia irakurtzera noa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.