Iban Zaldua.
ELE

Hipotesiak (alfabato-ordenan)

2022ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Ekonomikoa: «Gutxienez 2008ko krisitik datorren ekonomiaren jite beherakor honetan, zeinetan prekarizazioa eta, ondorioz, proletarizazioa gora egiten ari baitira, espero izatekoa zen ideia komunisten berrindartzea».

Generazionala: «Aldi bertsuan abiatu zen ETAren desagerpenaren hasiera hartu behar da kontuan: belaunaldi batek umezurtz geratu izanaren sentsazioa dauka, eta hortxe bilatu du babesa».

Konspiratzailea: «Galdera hemen Qui prodest? klasikoa da. Kasualitatea ote ezker abertzalea boterea behingoz ukitzera doan unean, hura ahul dezakeen mugimendu bat sortzea alboan?».

Optimista: «Auskalo, baina gazteak antolatzen ikustea beti da poz-iturri».

Politikoa: «Gakoa ezker abertzale ofizialaren instituzionalizazioa da. Azken batean, zer bihurtu da EH Bildu, are Sortu, Euskadiko Ezkerra berria ez bada? Politikak ez ditu hutsuneak maite, eta zerbaitek bete behar zuen espazio hori. Izan ere, erabiltzen dituzten bideek (erakundeen biderkatzea, gizarte-mugimenduen bereganatze ahaleginak…) garai bateko ENAMen marka daramate…».

Sexista: «Feminismoaren azken uhinaren kontrako erreakzio bat da. Kito. Gainontzekoa, apaingarri hutsa».

Soziala: «Klase ertainaren desegite programatuaren ondorio bat dugu, hark zekarren promesa historikoaren (gurasoak baino hobeto biziko zarete) apurtzearena alegia. Izan ere, egungo langileria immigratu eta arrazializatuaren zenbat kide aurki daitezke haien lerroetan? Ba horixe».

Halakoak bota, eta oturuntza osteko premium gin-tonicen hirugarren erronda eskatu dute guzti-guztiek elkartean: Joxe Marik primeran prestatzen ditu, ipuru eta kardamomo baiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.